2024 IRA. 25 EHUk Ikertzaileen Europako Gaua ospatuko du ostiralean Bilbon eta Portugaleten, zientzia eta dibertsioa uztartuz Europako Ikertzaileen Gaua ospatuko dute ostiralean, hilaren 27an, zientzia eta dibertsioa uztartzen duen programazioa eskainiz. Bilboko Areatzako Kaian azoka egongo da, eta Portugaleten, Itasgunean, energia berriztagarrien inguruko proposamena egongo da. Ostiralean ospatuko dute Europako Ikertzaileen Gaua. (UPV/EHU) GAUR8 EHU Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du aurten ere Europako Ikertzaileen Gauarekin, eta zientzia eta dinbertsioa uztartzen dituzten ekintzak antolatu ditu ostiralerako, irailaren 27rako, Bilbon eta Portugaleten, unibersitateko iturriek jakinarazi dutenez.Europako zientzia dibulgazioko ekitaldi garrantzitsuenetakoa da, eta EHUk bosgarren aldiz parte hartuko du, G-9 partzuergoarekin batera. Jarduera nagusia 17.00etatik 21.30era izango da, Bilboko Areatzako kaian, Ikertzaileen Europako Gauaren Azoka izango baita bertan. Hainbat arlotako adituen eskutik zientziaz gozatzeko 31 stand izango dira ikusgai.Horrela, modu erakargarrian zenbait tresnaren funtzionamendua erakutsiko da, hala nola minbizia detektatzeko eta tratatzeko laborategiko aparatuak, nanoimanak eta nanonabeak, edota erabilera medikua duten 3D inprimagailuak. 'Isilik hitz egiteko' teknologia ezagutzeko aukera egongo da, eta dietak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek osasunean duten eragina ezagutaraziko da.Parte hartzen dutenek hirietako tenperatura jaisteko edo kutsadura murrizteko proposamenen berri izango dute, eta beste hainbat ikerketa zientifikoren emaitzak aditzera emango dira, eremu ugaritakoak, besteak beste, polinizazioa, energia berriztagarriak, mikroalgak, itsasoa aztertzeko edo hirietako bizi kalitatea hobetzeko sateliteak, besteak beste.Matematika erabiliz asmamen jokoetan aritzeko aukera egongo da, EHUko emakumezko ikertzaileen ekarpenak ikustarazteko txoko berezia jarriko dute, neska eta emakumezko nerabeen artean bokazio zientifikoa sustatze aldera.G-9 partzuergoak antolatuta, Ikertzaileen Europako Gaua Europako Batasuneko 370 hiritan baino gehiagotan ospatuko da. Helburu nagusiak dira, alde batetik, ikertzaileak herritarrengana hurbiltzea, haien lana eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak ezagut ditzaten, eta beste batetik, ikasleen artean karrera zientifikoak sustatzea, genero oztopoak ezabatuz.Portugaleteko ItsasguneanBestalde, Ikertzaileen Europako Gaua Portugaleteko Itsasgunean ere ospatuko da ostiralean (Bilboko Ingeniaritza Eskola). OREgaua ekimenak itsasoko energia berriztagarriak hurbilduko dizkie familiei, adin guztietarako joko eta jarduera zientifikoen bidez. Jarduerak 17.00etatik 22.00etara izango dira, eta itsas energia berriztagarriekin lotutako hitzaldiak, esperimentuak, erakustaldiak eta jolasak izango dira.OREgaua ORE4Citicens partzuergoaren jardueretako bat da. Europar Batasunak diruz lagundutako proiektua da, eta Ikertzaileen Europako Gauaren barruan sartzen da. Bere helburu nagusia itsas energia berriztagarriak sustatzea da.Itsas energia berriztagarrien alorreko Joint Research Laboratory on Offshore Renewabel Energy (JRL-ORE) ikerketa taldeak bultzatu du ekimena. Tecnalia buru duen proiektuan, EHUrekin lankidetzan, Euskampus Fundazioa eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematics zentroek ere parte hartzen dute.