2024 IRA. 26 Gaur X urte Gaur 15 urte munduko U23 txirrindularitza txapelketa irabazi zuen Romain Sicard lapurtarrak Gaurko egunez, duela 15 urte, Romain Sicard Hazparneko txirrindulariak 23 urtez azpikoen Munduko Txapelketa irabazi zuen. 1988an jaioa, 2009tik 2021era luzatu zen bere ibilbide profesionala. Romain Sicard lapurtarrak sekulako iraila egin zuen duela 15 urte profesionaletan. (CC BY-SA 3.0 WIKIMEDIA COMMONS) GAUR8 Romain Sicard lapurtarraren hankak urrezkoak dira, 24 kilatekoak. Hala ageri zen duela 15 urteko GARAko albistearen titularrean. Izan ere, Orbeako txirrindulariak 23 urtez azpiko munduko txapelketa irabazi zuen, markoan jartzeko moduko iraila batean. Udaberrian maila profesionaleko lehen garaipena lortu zuen Narancoko igoeran. Irailean, berriz, urrezko domina eskuratu zuen, ongi merezitakoa. Euskaltel-Euskadiko zuzendariak zain zeuzkan beso zabalik. Hazparnekoak adimen eta indar erakustaldi galanta eman zuen Suitzako ibilbide zaileko azken bi itzulietan. «Izugarrizko lasterketa izan da, benetan gogorra, bata bestearekin kateatzen ziren igoerekin. Bukatzeko hiru itzuli falta zirela aunitz sufritu dut eta horregatik eskertu behar dut taldearen lana. Ezberdintasunak igoeran egitea espero nuen, baina jaitsieretan egin ditut. Hortik aitzinera, ahal nuen gehiena eman dut irabazteko», aitortu zuen irribarre zabal batekin. 2009ko uztailaren 10ean, Euskaltel-Euskadirekin sinatu zuen, 2010 denboraldian Pro Tour mailako taldeko kide izateko. Thierry Elissalderen ondoren (1994 eta 1995 denboraldietan), euskal taldean ibili zen Ipar Euskal Herriko bigarren txirrindularia izan zen. 2021era arte korritu zuen Sicardek profesionaletan.