GAUR8 - mila leiho zabalik

Kaparren banaketa eta haien ziztaden arriskuak aztertzen ari da Neiker

Kaparren banaketa eta ziztaden bidez eragiten dituzten osasun arriskuak aztertuko ditu Neiker zentro teknologikoak proiektu europar baten barruan. Ikertzea, nabarmendu dutenez, «funtsezkoa da osasun publikoa hobetzeko eta klima aldaketara egokitzeko».

Kaparren habitaten inguruko ikerketa burutzen ari da Neiker Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. (Neiker)

Neiker zentro teknologikoa kaparren banaketa eta horien ziztaden arriskuak aztertzen ari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, PyrTick proiektu europarraren baitan. Proiektu horrek parasito horien zaintzarako mugaz gaindiko lehen sarea sustatzen du Pirinioen inguruan. Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko zentroak jakinarazi duenez, ezagutza hori «funtsezkoa da osasun publikoa hobetzeko eta klima aldaketara egokitzeko».

Kapar espezie batzuk patogenoak izan daitezke, hala nola ‘Lyme’ gaixotasuna eragiten duena, artikulazio, bihotz edo neurologia arazoak eragin ditzakeena. Gainera, «gizakien eta animalien osasunerako arrisku handia duten» agente infekziosoak izan ditzakete.

Populazioak gora egin ahala, ‘Borrelia burgdorferi’ bakterioak eragindako ‘Lyme’ bezalako gaitzak zabaltzeko arriskuak ere gora egiten du. Kaparra larruazalari itsatsita egoten den denbora faktore erabakigarria da. 36 eta 48 ordu bitartean behar dira infektatutako parasitoak gaixotasuna pertsona bati transmititu ahal izateko.

Patologia hori ohikoagoa da Europako erdialdeko eta iparraldeko herrialdeetan. EAEn «kaparren ehuneko txiki batek baino ez du» nerbio sistema zentralean eta periferikoan eta artikulazioetan eta bihotzean arazo larriak eragin ditzakeen bakterioa.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, kapar espezierik ohikoena ‘Ixodes ricinus’ da. Ektoparasito hori basoetan eta mendietan ugaria da, eta etxeko eta basoko animalia ugariri eragiten die. EAEn 19 kapar espezie inguru identifikatu dira, eta azken hamarkadetan parasito horien populazioak gora egin duen susmoa dagoen arren, ez dago uste hori babesten duen ebidentzia zientifikorik.

«Gai hori argitzeko» asmoz, Neiker zentro teknologikoak Europako PyrTick proiektuan parte hartzen du. Europar Batasunak batera finantzatutako ekimen hau ‘Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa 2021-2027)’ programaren bidez finantzatu da, eta «kaparren banaketa eta Pirinioetako eskualdean osasun publikoari eta animaliei dakarzkien arriskuak elkarlanean» aztertzea du helburu.

«Ikuspegi berritzailea»

PyrTick proiektua bere «ikuspegi berritzaileagatik» nabarmentzen dela azaldu dute zentro tekonologikotik, elkarrekin lotutako hainbat ekintza biltzen baititu, besteak beste, hainbat habitatetan kaparren zentsu sistematikoak egitea. Gainera, zunda klimatikoak erabiltzen dira ingurumen datuak kaparren portaerarekin erlazionatzeko. Ikerketak, halaber, «basa faunak kaparren bizi zikloan eta patogenoen transmisioan duen papera» ikertzen du.

Cevidanesen arabera, helburua da «muga politikoak gainditzen dituen zaintza sare bat sortzea» eta «muga geografikorik ezagutzen ez duen osasunerako mehatxu bati modu integralean heltzea».