2024 URR. 14 Txakurren adopzioaren aldeko sentsibilizazio deia egin du Bermeoko Udalak Bermeoko Udalak animalien ongizatearekiko konpromisoa berretsi eta txakurren adopzioaren aldeko sentsibilizazio mezua zabaldu du, kalean arrazoi ezberdinengatik hartutako animaliei bigarren bizitza bat eskaini ahal izateko. «Arduraz jokatzeko eta izaki bizidun guztiekiko begirunetsuagoa den gizarte bat sortzen laguntzeko» deia egin du. Abandonatutako animalien kopurua murriztu eta maskoten zaintzekin arduratsuago jokatzen duen gizartea eraikitzea dira helburuak. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Animalien ongizatearekiko erakundeek izan behar duten konpromisoa berretsi du Bermeoko Udalak, eta horrekin lotuta txakurren adopzioaren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Ohar batean azaldu dute egoera ezberdinetan erreskatatuak izan diren 12 txakur daudela udal ardurapean. Animalia horietako bi harrera-etxeetan daude, «urrian zehar adopzioa formalizatzeko bidean», baina oraindik etxe bat izatearen zain daude beste batzuk.«Txakurrak jasotzeko arrazoien artean daude abandonua, tratu txarrak, neurri administratiboak ez betetzea edo bide publikoan noraezean dabiltzan identifikatu gabeko txakurrak detektatzea», zehaztu dute udal iturriek. Animalia horiek beharrezko zainketak jasotzen dituzte adoptatu bitartean, baian Udalaren «nahia» da «animalia horiei bigarren aukera bat eskaintzea».«Bermeoko Udalak herritarrak adopzioaren garrantziaz sentsibilizatu gura ditu, txakur horiei maitasunez betetako etxe bat bilatu asmoz», adierazi dute eta Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen hitzak nabarmendu dituzte: «Asmoa ez da bakarrik abandonatutako animalien kopurua murriztea, baita ere komunitate solidarioago bat sortzea eta maskota bat izateak dakarren erantzukizunaz jabetzea». Animalien atzeko istorioakGogorarazi duenez, «adoptatua izatea espero duen txakur bakoitzak istorio bat du atzean, eta maitasun egokiarekin, lagun leial eta maitagarri bihur daiteke». Horregatik, adopzio prozesuaz informatzera animatu ditu herritarrak. «Adopzio arduratsurako deia» egin du Udalak, baita tratu txarrak eta abandonua salatu ere. Horren ondoan, herritarrei eskatu die «arduraz jokatzeko eta izaki bizidun guztiekiko begirunetsuagoa den gizarte bat sortzen laguntzeko».Informazio gehiago lortzeko bi zentro zehaztu ditu Txakur Can, Bermeon, eta Quincocan txakur-zentroa Mungian.