2024 URR. 15 Gaur X urte Gaur 84 urte fusilatu zuten Lluis Companys Lluis Companys kataluniar abertzalea 1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Bartzelonan. Ibilbide luzea izan zuen Kataluniako politikagintzan, besteak beste, Esquerra Republicanako buruzagia izan zen eta Generalitateko presidentea. Lluis Companys irudian. (Wikipedia) GAUR8 1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Montjuïceko gazteluan, Bartzelonan, Lluis Companys kataluniar politikari eta abokatua. Francoren gudarosteak Katalunia okupatu ondoren, 1939ko otsailaren 5ean Frantziara erbesteratu zen, Generalitateko Erbesteko Ordezkaritzan lan egitera. Abuztuaren 13an, Gestapoko alemaniar agenteek atxilotu zuten eta abuztuaren 29an estraditatu zuten Irungo mugan. Epai berezi batek auzi-ihesean Espainiako Erantzukizun Politikoaren Legepean epaitu eta urriaren 15ean fusilatu zuten, begiak tapatzerik ez zuen nahi eta «Gizon zintzo bat hiltzen ari zarete. Kataluniagatik!» oihukatzen hil zen. Ideologikoki kataluniar abertzalea, Esquerra Republicana de Catalunyako buruzagia eta Kataluniako Generalitateko presidentea izan zen 1934tik 1940 bitarte. Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen, eta gazte gaztetatik hartu zuen parte Kataluniako bizitza politikoan. Bigarren Errepublikaren garaian, 1931ean, Bartzelonako udalerako zinegotzi hautatu zuten Esquerra Republicana de Catalunyaren izenean; zinegotzi izendatu eta egun gutxira gobernadore zibil izendatu zuten, hilabeteren buruan Carles Esplak ordezkatu zuen arte. Guda Zibil osoan zehar Kataluniako Gobernuaren burua izan zen, alderdi eta sindikatu guztien arteko batasuna mantentzea izan zen bere ahalegin nagusia.