2024 URR. 16 Onddoen mundua ezagutzen (II) Udazkena, perretxikoak irteteko «faktore eragile gehien» pilatzen den garaia Udaberrian irtetzen dira perretxikoak, negu hotzean ateratzen den bat edo beste ere ba omen da, baina argi dago udazkena dela onddoek fruitu gehien ematen duten garaia. Hementxe duzue zergatia. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Asier Aiestaran Onddoei buruzko bideo sortaren lehen atalean ikasi genuen onddoak leku oso desberdinetan egoten direla, urte guztian gainera, baina orduan zergatik izaten da udazkena perretxiko edo fruitu gehien irtetzen den garaia? «Faktore eragile gehien pilatzen direlako», erantzun digu bote-prontoan Joxepo Teres Aranzadiko adituak. «Normalean euri gehiago egiten du uda amaiera edo udazken hasiera horretan, horrek ekartzen du lurzoruan hezetasuna handiagoa izatea, tenperaturak ere oraindik epel samarrak izaten dira, zuhaitzen zikloa ere egokia izaten da ostoa galdu aurreko une horretan... Horrek denak egiten du lurrean dauden onddo horiek aktibatzea», dio Joxepok. Baina naturan ohikoa denez, salbuespenak ere badirela gogoratu du. «Onddoak urte guztian daude lur azpian, eta udaberria ere ez da garai txarra fruitua irtetzeko. Egia da, kopurua askoz txikiagoa izaten dela. Neguan, izotzak-eta hasten direnean, askoz zailagoa da, nahiz eta badiren baldintza horietara egokitu direnak. Espezieren bat, gainera, mikofagoek asko estimatzen dutena, ‘marzuelo’ delakoa adibidez [martxoko ezkoa, Hygrophorus marzuolus]. Horren atzetik ibiltzen dira». Phylloscypha boltonii. Onddo hau, hareatza eta dunetan ateratzen da gehienbat. Oso espezie urria da eta bere egoera eta interesagatik jarraitzeko espeziea litzateke. Argazkia Santioko hondartze-dunetan aterata dago. (Joxepo TERES) Argi dagoena da onndoak «oso bizidun sentikorrak» direla «kanpoko eragileekiko», eta horregatik, inguruneko baldintzetan egon litekeen edozein aldaketak eragina izango du onddoen garapenean, aldaketa klimatikoak esaterako. «Euri gutxiago egiten badu, edo euria egiteko modua aldatzen bada, esaterako. Bat-batean euri asko egiten du orain eta lehen agian euria egun gehiagotan egiten zuen, zirimiri hori, hezetasuna mantenduz. Izan dezake bere eragina, baina ikusgai geratzen da. Espezie batzuk desagertu litezke agian, beste batzuk agertu... Landarediarekin ere zer gertatzen den ikusi beharko da eta horren arabera onddoekin ere zer gertatzen den». Edozein kasutan, eta etorkizunean gertatuko dena ikuskizun, argi dago Euskal Herria leku aparta dela onddo mota desberdinez gozatzeko. «Leku oso probilegiatua da. Lehen komentatu dugu: hemen, Pagoetan, mila espezie inguru egotea oso adierazgarria da. Edo Getariako San Anton mendian egiten ari garen ikerketa: 500 onddo espezie baino gehiago egotea horrelako leku txiki batean. Oso esanguratsua da», nabarmendu du. Joxepok.