2024 URR. 25 Zeanuri eta Ubideko Larreen Mankomunitatearen XII. Zeharkaldia, larunbat honetan Urtero, Zeanuriko eta Ubideko udalbatzek larreen mankomunitateko kontuen kitapena egin, duela 120 urtetik gora adostu zuten bakea berretsi eta elkarrekin bazkaltzen dute, urte batean Zeanurin eta hurrengoan Ubiden. Bertan izango da larunbat honetan (urriak 26) aurtengo bilera, eta hura baino lehen, bi herrien arteko ibilaldi bat, Erdi Aroan Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen errege-bidean zehar. Gorbeiako artzainak Igiriñaon 1929an, tartean Zeanurikoak eta Ubidekoak. (JON URUTXURTU) Xabier Izaga Ez da Erronkaribarren eta Baretos ibarraren arteko Hiru Behien Zerga bezain antzinakoa, baina atzo goizekoa ere ez. Dirudienez, Ubide eta Zeanuri udalerri bizkaitarrek urtero egiten duten batzarra ere bazka larreen ustiapenaren inguruan mendeetan izan dituzten gorabeherei amaiera emateko egin zuten akordioarekin hasi zen duela 120 urtetik gora. Gutxienez XVI. mendean hasitako auzia zen, mende hartan banandu baitzen Zeanuriko elizatetik Ubide, ordu arte bertako auzoa izan zena. Baina harremanetan jarraitu zuten eta oraingo harreman onen erakusgarri da urtero egiten duten bilera. Larunbat honetan bertan izango da aurtengoa. Bilera horretan Zeanuriko eta Ubideko udalek larreen mankomunitateko kontuen kitapena egiten dute urtero, eta bakea berresten dute. Bi udalbatzak urtean behin elkartzea ohitura zaharra da, beraz. Hasieran bide erdian elkartzen ziren, Barazarko mendatean, hain zuzen; gero, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean hasi ziren bilerak egiten. Udalerri bakoitzean izena emandako abelburuen zenbakiak aurkeztu eta kontuak egiten dituzte, eta horren ostean, batzar agiria sinatu eta bi udaletako zinegotziek elkarrekin bazkaltzen dute. Bilera hori, urtero errepikatzen den ohitura ez ezik, betebeharra ere bada. Erdi Aroko galtzadan zehar Topaketa horren harira, azken urteetan Zeanuriko eta Ubideko udalek eta Joko Alai eta Amexier elkarteek herri bion arteko zeharkaldia antolatzen dute. Gaurkoa, “Zeanuri-Ubide. Larreen Mankomunitatearen XII. Zeharkaldia”, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauaren barnean ere sartzen da, aurten “Bideak, sareak eta loturak” izena duen horretan, hain zuzen. Zeanuriko eta Ubideko alkateak, 2010eko bilerako akta sinatu ondoren elkarri eskua ematen. (Jon URUTXURTU) Ibilbidea Erdi Aroan Bilbo eta Gasteiz lotzen zituen errege-bidearen zati bat da, bi herrien artekoa. Bidarri horretatik igarotzen ziren Bizkaiko itsas portuetara eta Gaztelako barnealdera zihoazen herritarrak eta merkantziak. Antolatzaileek diotenez, hiru helburu nagusi ditu oinezko martxa honek. Lehenengoa, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunitatearen inguruan urtero egiten duten bilera historikoa ezagutarazi eta balioestea. Bigarrena, zeanuriztarrei, ubidearrei eta bisitariei udalerri bietako ingurumariak ezagutaraztea, bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igarota Gasteiz eta Bilbo lotzen zituen Erdi Aroko galtzada. Azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko harremanak sendotzeko balio izatea ere nahi dute. Zeharkaldia Zeanuriko plazatik irtengo da 10.00etan, udaletxearen aurretik. Handik abiatu eta Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dute Ipiñabururantz, hortik Saldropora igotzeko; igoera horretan, Txareta izeneko parajean, arbelgune bat dago, eta bertan gurdiek mendeetan utzitako gurpil markak ikusgai daude. Saldropoko zelaietan, Lapursasitik Otzarretako pagadi ospetsu eta ikusgarriaren ondotik igaro eta Ubiderantz joko dute. Ubideko plazara iritsi baino lehen, oraindik galtzadaren aztarnak argi eta garbi azaltzen diren tarte batetik igaroko dira. Ibilbideak 12 kilometro inguru ditu eta, patxadaz eginda, bi ordu eta erdi inguruko iraupena. Doako autobus zerbitzua ere egongo da; 09.00etan, Ubideko plazatik Zeanurira, eta 13.30ean, Ubidetik Zeanurira. Bilerara sartzeko aukera “Zeanuri-Ubide. Larreen Mankomunitatearen XII. Zeharkaldia”-ren ostean, 13.00etan, bi udaletako zinegotziek batzarra egingo dute Ubideko udaletxean, eta nahi duenak bilerara sartzeko aukera izango du. Idazkariek udalerri bakoitzean erregistratu diren abelburuen zenbakiak azalduko dituzte, batzarkideek bilera agiria sinatuko dute eta denak batera bazkaltzera joango dira, aurten ubidearren kontura. Datorren urtean antzeko bilera egingo dute, baina Zeanuriko udaletxean, eta, beraz, bazkaria ordaintzeko txanda zeanuriztarrena izango da. Oraindik ikusgai dagoen Gasteiz eta Bilbo arteko errege-bidearen tarteetako bat. (Jon URUTXURTU) Zeharkaldian parte hartzen dutenei 1924an Ubide eta Zeanuriko udalek sinatutako aktaren faksimilea emango diete. Paraje ederrak maite dituztenek Gorbeialdeko inguru hori ezagutzeko aukera dute; ezagutzen dutenek, berriro gozatzekoa. Denek ere, Ubide eta Zeanuri lotzen zituen galtzada eta bere inguruan azaltzen den ondare naturala eta historiko-etnografikoa bertatik bertara ikusteaz gain, «udazkenean naturak azaltzen dituen koloreen sinfoniaz» gozatuko dute, «Gorbeiako tontorraren nagusitasuna nabarmentzen den parajeetan zehar».