GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 25 urte hil zen Rafael Alberti poeta andaluziar antifrankista

Gaur 25 urte, 1999ko urriaren 28an, hil zen Rafael Alberti poeta, margolari eta dramaturgo andaluziar komunista.

Rafael Alberti, 1977an Estatu espainiarrera itzuli zenean. (WIKIMEDIA)

Rafael Alberti Merello (1902-1999) abenduaren 16an jaio zen Puerto de Santa Marian, Cadizen. 27ko Belaunaldiko poeta, dramaturgo eta margolari garrantzitsuenetako bat izan zen, baita Francok, Mussolinik eta Hitlerrek orkestratutako estatu kolpearen aurka Errepublika espainiarraren alde (1931-1939) borrokatu zuen komunista eta antifaxista konprometitua ere.

Alberti ardoaren merkataritzan aritzen zen etorkin italiarren familia batean jaio zen. 1917an Madrilera joan zen familiarekin batera. Bertan hartu zuen bere lehen bokazio artistikoa: pintura.

Aita hil eta gero, denbora bat eman zuen Guadarrama mendilerroko (Segovia) erietxe batean biriketako gaitz baten ondorioz. Bertan, bere lehen poema liburuari forma ematen hasi zen, ‘Marinero en tierra’ (1924). Liburu horrekin Espainiako Literatura Saria lortu zuen.

Madrilera itzuli zenean, Ikasleen Egoitzan hartu zuen ostatu, eta 27ko belaunaldiko beste kide ospetsu batzuk ezagutu zituen bertan, hala nola Federico Garcia Lorca, Luis Buñuel, Jose Bergamin, Salvador Dali, Maruja Mallo, Vicente Aleixandre, Concha Mendez, Rosa Chacel eta Pedro Luis Salaltas.

Une horretatik aurrera, Albertik bere ideologia politikoa zorroztu zuen, eta ‘Sobre los angeles’ (1929) poema liburuan antzematen denez. 1931n Espainiako Alderdi Komunistan (PCE) afiliatu zen, eta gogo handiz hartu zuen Espainiako Bigarren Errepublikaren sorrera. 1932an ‘Octubre’ aldizkaria komunista sortu zuen. Bi urte geroago, Sobietar Batasuneko Idazle Sobietarren I. Kongresuan izan zen, Maria Teresa Leon idazlearekin batera.

Ultraeskuinak Espainiako Gobernua iritsi berri zuen, beraz, Leonek eta Albertik ezin izan zuten Estatu espainiarrera bueltatu, harik eta 1936ko maiatzaren 11an ezkerreko gobernu bat berrezarri zen arte. Bitartean, Europan eta Amerikan ibili ziren hitzaldiak ematen, biurteko beltzean Espainian izandako ekintza errepresiboengatik nazioarteko arreta eskatzeko.

1936ko gerran, Kulturaren Defentsarako Intelektual Antifaxisten Aliantzako kide bihurtu zen Alberti. 1937an, Kulturaren Defentsarako Idazleen Nazioarteko II. Biltzarrean parte hartu zuen, eta Latinoamerikako eta Europako intelektual eta artistekin bat egin zuen, hala nola Elena Garro, Octavio Paz, Silvestre Revueltas, Susana Steel, Cesar Vallejo, Pablo Neruda, Gerda Taro eta Robert Capa, besteak beste.

Errepublikaren porrotarekin eta diktadura frankistaren inposizio bortitzarekin, erbeste luze batera egin zuen, eta Estatu frantsesean, Uruguain, Argentinan eta Italian hartu zuen babes. 1977an itzuli zen Espainiara, Franco diktadorea hil eta gero. Rafael Albertik gaztelaniazko literaturaren sari nagusia jaso zuen, Cervantes saria, 1983an. Puerto de Santa Mariako bere etxean hil zen, 96 urterekin, 1999eko urriaren 28an. Gaur 25 urte, zehazki.