2024 URR. 29 Gaur X urte Gaur 20 urte onartu zen Europako Konstituzioa osatzeko hitzarmena, gerora kale egin zuena Gaur 25 urte, 2004ko urriaren 29an, Europako Konstituzioa sortzeko lehen pausoa eman zuten Europar Batasuneko herrialdeek, Erromako hitzarmena sinatuz. Dena bideratuta zegoela ematen zuen arren, ez zen horrela izan, eta proiektuak ez zuen aurrera egin. Europako Konstituzioa osatzeko hitzarmenaren irudia. (WIKIMEDIA) GAUR8 Gaur 25 urte, 2004ko urriaren 29an, Erroman bildu ziren Europar Batasuna osatzen zuten herrialdeetako mandatariak. Europako Konstituzioa sortzeko lehen pausoa eman zuten, hitzarmena sinatuz. Bazirudien EBk testu bakarra izango zuela eta indar gehiago hartuko zuela Oinarrizko Eskubideen Kartak, eta hala berretsi zuten 2005eko urtarrilaren 12an ere, Europako Legebiltzarrak herrialdeak Konstituzioa onartzeko gomendatu baitzuen, aldeko 500 boto, kontrako 137 eta 40 abstentzioen bidez. Dena bideratuta zegoela ematen zuen arren, ez zen horrela. Estatu frantsesean eta Herbehereetan egindako erreferendum banaren emaitzak itunaren aurkakoak izan ziren, eta, ondorioz, dokumentua ez zen indarrean sartu, eta Europako erakundeen krisia eragin zuen. Hasiera batean, desadostasunen puntu nagusia «ardatz franko-alemaniarra» deiturikoaren eta Estatu espainiarraren eta Poloniaren arteko norgehiagoka izan zen, alde batetik. Bozketa sistemaren inguruan izan zen eztabaida, baina praktikan konfrontazioa 2003ko Irakeko inbasioaren ondoren EBren barruan sortutako ezberdintasunen jarraipena zen, Espainiak eta Poloniak Estatu frantsesaren eta Alemaniaren inbasioaren aurkako jarrera desafiatuz babestu baitzuten. Egoera hori 2004ko hauteskunde orokor espainiarren ondoren gainditu zen, Estatu horretan gobernu aldaketa ekarri baitzuten, Jose Luis Rodriguez Zapateroren administrazioari bide emanez. Ondorioz, hurrengo urriaren 29an, Europar Batasuneko 25 estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek ituna sinatu zuten Erroman. Estatu kideek beren konstituzio-arauen arabera berretsi behar zuten ituna, baina Estatu frantseseko eta Herbehereetako biztanleen artean ezezkoa gailendu zen. Europar Batasuna sortu zuten bi herrialde garrantzitsu horiek Konstituzioaren proiektua atzera bota ostean, berrespen prozesua gelditu egin zen. Asmoa zen itun konstituzionala 2006ko azaroaren 11n indarrean sartzea, estatu kideek berretsi ondoren, baina Estatu espainiarrean eta Herbehereetan ezetzak garaipena lortu zuela ikusita, Europar Batasuneko Kontseiluko Alemaniako Presidentetzak gobernuen arteko konferentzia baterako deialdia egin zuen 2007ko ekainean, Europar Batasunaren Ituna eta Europako Erkidegoaren ituna erreformatuko zituen itun berri bat egin behar zuena. Horrela sortu zen Lisboako Hitzarmena, Konstituzioaren proiektua alboratuko zuena.