2024 URR. 30 Onddoen mundua ezagutzen (IV) Gizakia, onddoentzat ere arriskurik handiena Urte sasoi honetan ematen diren gehiegizko perretxiko bilketak, edo bilketa desegokiak, oso kaltegarriak izan daitezke onddo espezie batzuentzat. Laugarren atal honetan horretaz aritu gara. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Asier Aiestaran Aurreko atalean aipatu genuen onddoek beste bizidunekin sortzen dituzten harremanak harrigarri bezain interesgarri eta beharrezkoak direla. Baina harreman horietan guztietan onddoentzat arriskutsuena, beste hainbat biziduni gertatzen zaion moduan, gizakiarekin duena da. Bai behintzat espezie jakin batzuentzat, urte sasoi honetan milaka pertsonen jomugan jartzen direlako. «Bilketa masibo bat egiteak, leku konkretu batean, etengabe, bertako baso edo ekosistema horren zapalketa etengabeak, bere ondorioak ekarri behar ditu, horretaz zalantzarik ez dago. Espezie bat desagertzeraino nik ez nuke esango, baina bai kalte egingo diola», ziurtatu du Joxepo Teres adituak. Horregatik, Aranzadi Elkarteko mikologoak ardura eskatzen die alde guztiei. «Noski daudela bilketa egiteko modu edo kodigo batzuk. Bilketa masibo horiek egitea astakeria dela iruditzen zait. Mendira joan, gozatu, otar erdi bat beteta eramaten baduzu... ba nahikoa da. Baina ikusten diren gauza batzuk: zakuak beteta, ehun kilo entzun izan den bezala... Sekulako ‘kalentura’ dago gai horrekin, batez ere urte sasoi honetan. Uste dut kodigo etiko bat egon behar lukeela. Erakundeen aldetik ere... Badaude zenbait koto, herri batzuetan dirua ateratzeko baliatu nahi dutelako agian, baina araudi bat badutenak. Gipuzkoan ere badago araudi bat, ez dakidana da hori gero betetzen den. Nik ez dut inor ikusi otar batean zenbat kilo dauden pisatzen. Eta normatiba hori natur parkeetan bakarrik dagoela uste dut. Kontzientzia hartu behar dugu denon artean». Gainera, jokabide desegokiak arriskutsuak izan daitezke gizakientzat ere. «Orain dela gutxi Irunen beste intoxikazio kasu bat izan da, norbaitek Amanita phaloides batzuk jan zituelako. Aranzadik paper garrantzitsu bat jokatzen du prozesu horretan, automatikoki harremanetan jartzen garelako larrialdi zerbitzuekin detektatzeko zer espezie mota jan duen pertsona horrek. Eta aipatutako ‘kalentura’ horren barruan jendeak edozein modutan jasotzen ditu perretxikoak. Ondo kontrolatu gabe, labana ez du erabiltzen, txapela bakarrik moztuta nahiz eta horrela ezin den jakin pozoitsuak diren edo ez... Liburu guztietan aipatzen direnak dira eta hori herritar guztiek bete beharko lukete», eskatu du. Onddo beltzak (Boletus aereus), denda batean salgai. (Jagoba MANTEROLA / FOKU) Sukaldean estimatuak ez diren espezieekin begirunerik eza ere antzematen da askotan, eta Joxepok aipatzen duenez askotan uste okerrak egoten dira jokabide horien atzean. «Batzuk uste dute txartzat dituzten horiek puskatzen badituzte onak bakarrik aterako direla. Askotan ez da puskatu puskatzeagatik, nik uste badagoela sinismen hori zenbait pertsonengan. Eta aipatu dugun moduan, hori ez da horrela. Onddoak azpian daude, horiek fruituak besterik ez dira. Eragina badu noski, fruitu horien bidez ugalketa prozesua ematen delako: esporak soltatzen dituzte eta espora horien bidez onddo berriak edo aipatutako mizelio berri horiek sortzen dira. Bai etikoki eta bai ekologikoki astakeria bat da».