2024 URR. 31 Arabako Zientzien Museoa Natura Ondarea Konsterbatzeko Zentroa izango da 2027an Arabako Zientzien Museoak bi eraikinetan banatuko du edukia 2027. urtean, Natura Ondarea Kontserbatzeko Zentro berria osatuz. Otxanda Anderearen Dorrea eta Kordoi Etxean egokituko dira erabilera ezberdinetarako espazioak hartzeko. Natur Zientziekin lotutako erakusketa Kordoi Etxean, artxiboko irudian. (Juanan RUIZ) GAUR8 Arabako Zientzien Museoa Natura Ondarea Kontserbatzeko Zentroa izango da 2027. urtean, Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak iragarritakoaren arabera. Zehaztu duenez, egoitza bikoitza izango du zentroak: Kordoi Etxean erakusketa, prestakuntza eta zabalkunde lanetarako; eta Otxanda Andrearen Dorrea, espazio handiago bat zientziaren eta ezagutzaren garapenerako. Horrela aurreratu dute Foru Aldundiko ordezkariek ohar bidez. Del Valen esanetan, «leku aldaketa dago baina ez proiektu aldaketa». Azaldu dutenez, Otxandako Andrearen eraikinak duen egungo museoak «ez zuen aukerarik ematen XXI. mendean museo gisa konta dezakegun eta kontatu nahi dugun historia kontatzeko». «Bi egoitza osagarri dira, eta ziur nago sinbiosi arrakastatsua izango dela», adierazi zuen Kultura eta Kirol arloko foru diputatuak proiektuaren aurkezpenean, eta erabakia hartzera bultzatu duen arrazoia erantsi zuen: Kordoi Etxea erabiltzeko aukera agertu zenean, «behin betiko momentu aukera bat aurkeztu zen egia bihurtzeko museoaren gaitasunak handitzeko premiazko behar hori, hura ezin baitzen handitu ez erakusketen alderdian, ez alderdi zientifikoan». «Hari uko egitea arduragabekeria izango zatekeen, bai hura gauzatzeko premiari dagokionez, baita baliabide publikoen kudeaketa arduratsuari dagokionez ere», azpimarratu zuen. Kordoi Etxeak 1.413 metro ditu, eta horietatik 1.200 baino gehiago erakusketa-lanetarako erabil daitezke. Proiektu museografikoa oso garatuta dago, saila 2021etik ari baita bertan lanean. Otxanda Andrearen dorreak 1.451 metro ditu, erakusketetarako 363 metro, bulegoak, liburutegia eta ikerketa-gelak barne. Horrela, zentroaren proiektu osoa ia 3.000 metro karratu osatuko dute bi egoitzen artean.