GAUR8 - mila leiho zabalik

Osasun-langileen %96k glutenik gabeko dietari buruzko prestakuntza behar dutela ikusi du ikerlan batek

UPV/EHUren ‘Glutena: osasuna, segurtasuna eta gizartea’ gaiaren inguruko azterlanak osasungintza publikoan zeliakiari buruzko ezagutzan profesionalek dituzten gabeziak antzeman ditu, eta pazienteek informazioaren bila nagusiki Internetera eta elkarte espezializatuerara jotzen dutela ikusi dute.

Azterketa gidatu duen Edurne Simon ikertzailea, irudian. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

‘Gluten: osasuna, segurtasuna eta gizartea’ gaia aztertu duen UPV/EHUko ikertalde batek antzeman du osasun-langile publikoen %96k ez dutela behar adinako prestakuntzarik ezta ezagutzarik glutenik gabeko dieten inguruan, eta Internet eta elkarte espezializatuak direla zeliakoek zalantzak argitzeko duten kontsulta-iturri nagusia.

Ohar batean gogoratu dute unibertsitateko iturriek glutenik ez kontsumitzea dela zeliakiaren ondorioak saihesteko tratamendu bakarra, eta konplikazio larriak ekar ditzakeela gaixotasun horrek. «Hori horrela, dieta zorrotz betetzea oso garrantzitsua bada ere, ez da beti gertatzen eta ohikoa izaten da zeliakoek elikagai desegokiak kontsumitzea, ez baitira kontziente dieta urratzen ari direla». Egoera horren aurrean, ikertzaileek aztertu dute zenbatekoa den pazienteen eta profesionalen ezagutza maila.

Azterlanak glutenik gabeko dietaren ezagutza aztertu du hamazazpi autonomia-erkidegotako paziente eta profesionalen erantzunen bidez, eta osasun-langile publikoen denbora eta prestakuntza falta erakutsi du zeliakoak artatzeko. «Gure lanean ondorioztatu dugunez, medikuen artean dago gabezia handiena. Prestakuntza eta denbora falta zaizkie, eta horrek kalte garbia eragiten du dieta betetzeari begira», azaldu du Edurne Simon elikaduran aditua eta ikertaldeko buruak.

Diziplina anitzeko unitateen beharra

«Osasun-langileek badakite zer gabezia dituzten. Prestakuntza handiagoa izatearen falta sumatzen dute; izan ere, beren espezialitateaz bestelako lanak ari dira egiten, menderatzen ez dituzten gaietan aholkuak ematen. Eta, gainera, kontsulten iraupena mugatua da. Duten denbora apurrean, patologiaren beraren inguruko azalpenak ematen saiatzen dira, eta ez dute behar adina denbora ikusteko ea ukituriko pertsonek betetzen ote duten ala ez dagokien dieta», gaineratu du Simonek.

Nabarmendu dutenez, zeliako-lagin zabal batek parte hartu du ikerlanaren galdeketan, eta «oro har» glutenik gabeko dietan jakintza maila ona dutela ikusi dute, «batez ere paziente-elkarte espezializatuetara atxikitako zeliakoek».

Adituaren ustez, zeliakia artatzeko «diziplina anitzeko unitate klinikoak sortu beharko lirateke, dietista, mediku, erizain eta psikologoekin». Azpimarratu du zeliakoen osasuna laguntzeaz gain, dirua aurreztuko luke osasungintzan, «saihestuko balirateke berandutxo artatzeak edo proba mediko osagarriek eragindako kostuak».