2024 AZA. 07 Martxa hartu du EHUren XXIV. Zientzia Asteak, jarduerak lau egoitzetara zabalduz Bilbo, Barakaldo, Gasteiz eta Donostia dira UPV/EHUk antolatzen duen XXIV. Zientzia Astearen egoitzak egunotan. Dibulgazioan sakontzea eta jakin-minaren bidez bokazio zientifikoak piztu nahi du ekimen ludikoak irakasleen eta ikertzaileen eskutik. Izaera ludiko eta pedagokikoa dute Zientzia Azokaren jarduerek. (UPV/EHU) GAUR8 UPV/EHUk antolatutako hamarnaka jarduera burutuko dira hurrengo egunetan Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian, UPV/EHUk antolatutako XXIV. Zientzia Astearen barruan.‘Ur tantaka, zientzia zurrustaka’ leloa hartu du azken edizio honek, eta doako 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu igandera arte Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen, eta larunbatera arte Donostian.Adin guztietako jendeari zuzenduta, izaera ludikoa eta pedagogikoa duen jaialdia da Zientzia Astea, eta euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea du helburu. Jakin-mina piztea eta deskubritzeko gogoa sustatzea bilatzen du programazioak. «Zientzia entzun, dastatu, ikusi, usaindu, ukitu eta sentitzeko aukera paregabea» izateaz gain, nabarmendu dute esperientzia, gainera, «egunero lan egiten duten EHUko irakasle eta ikertzaileen eskutik» egingo dutela.Guztira, 41 txoko zientifiko, 72 tailer, 15 ibilbide didaktiko, 9 hitzaldi, 13 erakusketa eta 13 ikuskizun biltzen ditu egitarauak, eta Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa da horietako bat. Programazioa atzo abiatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan eta gaur zabaldu da espazio ezberdinetara. 6.300 lagunek eman dute izenaUPV/EHUk emandako datuen arabera, 6.300 lagunek eman dute izena jarduera ezberdinetan, eta horietako batzuk beteta dauden arren, argitu dute beste askotan oraindik parte hartzeko aukera dagoela. Bizkaiko ikastetxeei dagokienez, hiru egunetan DBHko eta Batxillerreko 3.600 ikasle ingururen parte hartzea aurreikusi dute Bizkaia Aretoko txoko zientifikoetan eta ikasleentzako tailerretan.