2024 AZA. 14 Gaur X urte Duela lau urte Fronte Polisarioak hautsitzat eman zuen Marokorekin su-etena Gaur lau urte, 2020ko azaroaren 14an, Fronte Polisarioak Marokorekin zeukan su-etena hautsitzat eman zuen eta gerra-egoera deklaratu zuen Saharan. 2020ko abenduan Sahararen independentziaren alde Donostian egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR8 2020ko azaroaren 14an Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen Mendebaldeko Saharan. Fronte Polisarioak egun hartan baieztatu zuenaren arabera, Marokoko armadaren zazpi base militarri egin zien eraso misilez eta tiroz eta, gainera, «hainbat militar» marokoar hil zituela berretsi zuen. Marokok, bere aldetik, inor hil zutenik gezurtatu zuen, baita Fronte Polisarioak egindako erasoak ere, eta «istilu» bat baino ez zela izan esan zuten. Zehazki, azaroaren 14ko goizaldean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidente Brahim Ghalik komunikatu bat igorri zuen, 1991eko su-etenaren konpromisoak amaitutzat emateko eta, ondorioz, liskarrak berriro hasi ziren ofizialki. Egun horretan bertan, Saharako indarrek Echergan bonbardatu zuten. Hurrengo egunean, azaroak 15ean, SEADen eta Marokoko indarren arteko liskar gehiagoren berri eman zen segurtasun-harresian zehar, bereziki Al Mahbesetik gertu, non indar marokoarrek SEADen ibilgailu blindatu bat suntsitu zutela adierazi zuten. Mendebaldeko Saharan gerra-egoera ezartzeak Euskal Herrian ere erantzuna eragin zuen eta hainbat tokitan mobilizazioak egin ziren azaroaren 14an. Sahararen okupazioa salatu eta autodeterminazio eskubidea gauzatu zedila eskatu zuten, saharar errefuxiatuen eta eragile askoren parte-hartzearekin.