2024 AZA. 14 Inkesta bat egingo du Laudioko Udalak, adinekoentzako jantokia ezartzearen bideragarritasuna aztertzeko Adineko pertsonentzako jantoki baten beharraren inguruko inkesta bat egingo du Laudioko Udalak 65 urtetik gorako lagunen artean, «datu kualitatiboak biltzeko eta laudioarrek zerbitzu horretan izan dezaketen interesa ezagutzeko». 65 urtetik gorakoen artean egingo dute jantokiaren inguruko inkesta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GAUR8 Laudioko Udalak inkesta bat antolatu du etorkizunean udalerrian adineko pertsonentzako jantoki bat ezartzea bideragarria den aztertzeko. Adinekoen autonomia eta parte-hartzea bilatzen du ekimenak, eta «datu kualitatiboak» biltzea, «laudioarrek zerbitzu horretan izan dezaketen interesa ezagutzeko». Ohar baten bidez jakinarazi duenez, galdetegiak adinari, bizitokiari, mugikortasun-baldintzei, premia dietetikoei eta interesdunen motibazioei buruzko datuak bilduko ditu. Inkesta betetzeko galdetegia eskuragarri egongo da online, baita ‘Zuin’ udal aldizkariaren paperezko edizioan, Udaletxeko sarreran eta San Rokezar eta Santa Ana erretiratuen klubetan, eta 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Formularioa modu fisikoan entregatu ahal izango da Udaletxean eta erretiratuen elkarteetan gaitutako postontzietan, baita online ere, abenduaren 5era arte. «Laudioko adinekoen artean sozializazioa sustatzeko topaguneak sustatzea, elikadura-ohitura osasungarriak eta orekatuak sustatzea, zerbitzuak izan lezakeen eskaera ezagutzea, eta adinekoek dagozkien gaietan parte har dezaten sustatzea», aipatu ditu Aitor Fernandez de Pinedo Gizarte Kohesioko zinegotziak proiektuaren helburuen artean.