2024 AZA. 16 Gaur X urte 60 urte bete ditu gaur Diana Krall jazz musikari kanadiarrak 1964ko azaroaren 16an jaio zen Diana Krall piano-jotzailea, konpositorea, jazz-abeslaria eta ekoizlea, Kanadako Nanaimo herrian. Gaur 60 urte bete dituenak bi Grammy sari eta hamar Juno irabazi ditu, beste sari batzuen artean. Diana Krall, Washington hirian. (Bill INGALLS | Wikimedia Commons) GAUR8 Diana Krall jazz musikari kanadiarrak 60 urte bete ditu gaur. Nanaimo hirian jaio zen 1964ko azaroaren 16an, Vancouver uharteko arrantzale herri txiki batean. Amona jazz abeslaria zen eta gurasoek pianoa jotzen zuenez, ahizparekin hasi zen musika lantzen. Zehazki, Krall piano-jotzailea, konpositorea, jazz-abeslaria eta ekoizlea da. Bere lanagatik bi Grammy sari eta hamar Juno irabazi ditu, baita urrezko bederatzi disko, platinozko hiru eta multiplatinozko zazpi ere. Estatu Batuetan sei milioi diskotik gora saldu ditu eta 15 milioi mundu osoan. Horrela, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan historian disko gehien saldu zituen jazz musikaria izan zen. 17 urterekin beka bat irabazi eta Bostonen ikasteko aukera izan zuen, Berklee College of Music unibertsitatean. Ikasketak amaituta jaioterrian eman zuen emanaldietako batek Ray Brown musikariaren atentzioa lortu zuen eta berarekin lan egin zuen Brown hil arte, 2004an. Gutxienez 22 disko argitaratu ditu, horietatik hiru zuzenean grabatutakoak, Parisen, Montrealen eta Rio de Janeiron, hurrenez hurren. Argitara atera duen azken lana 2020koa da ‘This Dream of You’ izenburukoa. Gainera, ‘Sex and the City’ telesailerako eta ‘The Score’ eta ‘Otoño en Nueva York’ pelikuletarako musika konposatu du.