2024 AZA. 18 Gaur X urte 46 urte pasa dira Guyanako Peoples Temple sektaren masakretik 1978ko azaroaren 18an, oihaneko txoko galdu batean aurkikuntza beldurgarri bat egin zuen Guyanako Armadak: Jim Jones izeneko ‘apaiza’ estatubatuarraren sektako 918 partaideen gorpuak. Beraien buruaz beste egin zuten gehienek; bakan batzuek beste partaide batzuk hil zituzten. Gorpuen artean, ume ugari. Jim Jones eta Cecil Williams apaizak, 1977an. (Nancy Wong | WIKIPEDIA) Amaia Ereñaga ‘Guyanako masakrea’ bezala ezaguna egin den aurkikuntza makabro hau 1978ko azaroaren 18an gertatu zen, duela 46 urte. Koka gaitezen: 70. hamarkadaren erdialdean gaude, eta Jim Jonesek ehunka jarraitzaile erakarri ditu Venezuelako mugaren ondoko Guyanako oihaneko txoko galdu batean sortu zuen komunara. Jonesek Jonestown izena jarri dio bere herriari, noski, eta bertan bizi direnen gehienak gazteak, pobreak eta afro-amerikarrak dira. Nor zen Jim Jones? James Warren Jim Jones (1931ko maiatzaren 13a, Crete, Indiana – 1978ko azaroaren 18a, Jonestown, Guyana) erlijio buru bat izan zen eta, gezurra dirudien arren, aitzindari bat kontsidera daiteke, gaur egungo politikan erlijioak duen eragina handiaz ohartu zen lehenengotarikoa izan baitzen. Lagun egin zen eskubide zibilen mugimenduaren buruzagiekin, eta Jane Fonda edo Carter bikotea bezalako pertsona ezagunekin. Karismatikoa, egozentrikoa muturreraino, AEBko politikaren aurka zeuden hainbat gazte erradikalek entzun nahi zuten mezua predikatu zuen. Vietnamgo gerra eta hippyen mugimenduaren garaian gertatu zen guzti hau eta Jonesek sortu zuen bere eliza propioan, hots, Herriaren Tenpluan, erlijio desberdinak eta beren gustura egokitutako ‘printzipio sozialisten’ arteko nahaste borraste bitxia egiten zen. Sozialismoaren aldekoa zela zioen, baina jarraitzaileei baldintzarik gabe men egitea eta bere ondasun guztiak Tenpluari ematea eskatzen zuen. Kide beltz anitz erakarri zituen: kongregazioaren %80 eta %90 artean osatu zuten. AEBtik aldera ikusi zuenean bere burua, Tenpluaren ondasunetan ikertzen hasi baitziren, Hego Amerikako ipar-ekialdeko Guyanan aurkitu zuen babesa bere ‘estatu erlijioso marxista-leninista’ eraikitzeko. Guyanako tropek Jonestownen hilotz multzo hura aurkitu zutenean, hasieran 500 zirela uste izan zuten. Hurrengo orduetan, hildakoen azpian sektako haurrak zeudela ohartu ziren, horietako asko besoetako haurrak, zianuroa hartuta beren buruaz beste egin aurretik gurasoek hil zituztenak. Guztira, bederatziehun eta hemazortzi izan ziren, ia denak estatubatuar hiritarrak. Jim Jones ere hilda aurkitu zuten, baina berak tiro bat zuen buruan. Gertu dagoen Port Kaitumako aireportuan, beste bost pertsonen gorpuak aurkitu zituzten egun berean: sektaren egoera aztertzera joandako Leo Ryanena, Kaliforniako legegile demokrata; Patricia Parksena, desertatu nahi izan zuen sektako kideetako bat, eta kazetari batzuenak. Heriotza horiek eragin omen zuten Jonestownen suizidio masiboa.