2024 AZA. 19 Gaur X urte Duela urte bete irabazi zituen Javier Mileik Argentinako hauteskundeak Gezurra badirudi, urte bete baino ez da igaro Javier Mileik (Buenos Aires, 1970) Argentinako hauteskundeak irabazi zituenetik. Gaur bezalako egun batean, ultraeskuineko ‘anarkokapitalista’ bitxi honek irabazi zituen presidentetzarako bozak, bigarren itzulian botoen %56 bilduta. Abenduaren 10ean hartu zuen kargua. Javier Milei, joan den irailean. (CONTACTO vía Europa Press) Amaia Ereñaga Artefaktuan Iker Bizkarguenagak aipatzen duen legez, 2023ko Argentinako presidentetzarako hauteskundeetan Javier Mileik lortutako garaipenak lurrikara bat eragin zuen herrialde hartako bizitza politiko eta sozialean. Azaroaren 19 hartan erraz irabazi zituen hausteskundeak La Libertad Avanza-ren alderdiko hautagaiak, botoen % 55,69 lortu zuelako. Sergio Massa ofizialista garaitu zuen, honek bozken % 44,13 eskuratuta zuelako. Hauteskundeen bigarren itzulia irabazita, aro berri baten abiapuntu gisa aurkeztu zuen bere burua ultraeskuineko politikariak. Garaipenaren osteko lehenengo diskurtsoan, «aldaketa drastikoak» iragarri zituen eta ez zuen gezurrik esan. Agintera iritsi eta 48 ordura, Mileiren gobernuak %54,3ko debaluazioa ezarri zuen, inoizko handienetako bat, eta horrek beste goraldi bat ekarri zion inflazioari. Urtetik urterako inflazioa %200 eta pobrezia indizea %45 den herrialde hartan, inflazioaren gorakada horrek errematea eman zien soldatei, eta jota utziko zituen baliabide ertain eta apalak zituzten sektoreak. Datu bat aipatzearren: Argentinako Unibertsitate Katolikoko (UCA) Zor Sozialaren Behatokiak txosten bat atera zuen joan den uztailean: haren arabera, herritarren %55,5 ziren pobreak aurtengo lehen hiruhilekoa bukatzean, hau da, 25 milioi lagun inguru, eta %18k ezin zituzten oinarrizko beharrak bete. Horrekin lotuta, San Andres Unibertsitateak kaleratutako inkesta baten arabera, argentinarrek uste dute herrialdearen arazo nagusia pobrezia dela.