2024 AZA. 28 Adolfo Arejitaren ‘Esaera goikoaz behera irauliak’ argitaratu dute Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak Esaeren munduan sakonduz, herrialde ezberdinetako ehun errefrau bildu ditu Adolfo Arejitak bere azken lanean: ‘Esaera goikoaz behera irauliak’. Atsotitzek gordetzen duten esanahiaz eta ikasgaiaz ere hitz egiten du egileak, eta hizkuntzaren aldetik eta literatura garaikidearentzat duen garrantzia nabarmendu dute. Irudian, Jabier Kaltzakorta, Adolfo Arejita y Eider Inunciaga, lanaren aurkezpenean. (Bilboko Udala | Euskaltzaindia) GAUR8 Adolfo Arejita euskaltzain osoaren ‘Esaera goikoaz behera irauliak’ liburua argitaratu dute Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak. Ehun esaera zahar bildu dira liburuan, XVI. mende amaierako lehen bildumetatik hasi eta oraintsura arteko bildumetakoak, eta egileak zenbait azalpen eta hausnarketa erantsi dizkie. XVI. mendearen amaierako Euskadiko lehen bildumako –‘Esteban Garibairen Refranes y sentencias (1596)’–, eta bilduma berrietako atsotitzak aztertu ditu. Lanaren inguruan, errefrauak herri baten ispilu direla nabarmendu du egileak, eta aitortu du baliatu dela errefrauez «jende xeheari irakasteko zein den gure kultura, herri jakintza». «Atsotitz edo errefrau generoko edukia du liburu honek; beraz, saiakera generoko obra da. Bizkaia Irratian emandako bertsioen gainean landutako eta osatutako bertsio idatziak dira. Azkuek ‘Euskalerriaren Yakintza’ izeneko hiru liburuki argitaratu zituen, eta hirugarrenean euskal errefrauen bilduma handia egin zuen. Nik bide horri eutsi nahi izan diot, herri literaturaren iturri horrek emari ugari duenez, baita ere gaurko euskararentzat eta literatura modernoarentzat, errekurtso asko ematen baititu», azaldu du. Esaeren esanahia Herrialde desberdinetakoak dira bildutako ehun errefrauak, eta «esaera bakoitzaren azpian dagoen mezua» ere azaldu nahi izan du, esaeren atzetik transmititzeko ikasgairen bat dagoelako. Nabarmendu du, gainera, «hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak». Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak aurketu dute lana Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Adolfo Arejitarekin batera. Argitalpena Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak duten lankidetza hitzarmenaren barruan egin da. Inunciagaren esanetan, «opari bat» da lana euskal literaturarentzat. Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak duten «lotura estua» goraipatu du, eta gogorarazi Bilboko bazter guztietan euskararen erabilera bultzatzea, sustatzea, hedatzea eta normalizatzea dela bien arteko hitzarmenaren helburua. Jabier Kaltzakortak azpimarratu ditu, halaber, ikerlanaren onurak: «Egileak jaso dituen esaerak, batez ere Bizkaikoak, irakurleak orri hauetan baino ez ditu irakurriko». Gainera, esamoldeetatik harago egileak «hitzak berak ere gogoetagai» dituela: «hala, euskal klasikoen testuetan ez ezik, umetatik ikasitako euskaran zein urteetan zehar handik eta hemendik entzundako berbetan murgildu da. Era horretara hainbat ñabardura eman ditu hitzen gainean».