2024 ABEN. 01 Gipuzkoako erizainek nutrizio parenteralari buruzko gida prestatu dute Gipuzkoako erizainek nutrizio parenteralari buruzko gida berri bat aurkeztuko dute aste honetan. Lanak pazienteen ohiko galderei erantzuna eman eta zainen bidezko nutrizio horren alderdi praktikoekin lotutako hainbat kezka argitzen dituela azaldu dute. Erizain bat lanean, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Gipuzkoako erizainek nutrizio parenteralari buruzko gida praktiko bat egin dute pazienteen zalantza nagusiei erantzuteko. Zain barnetik emandako nutrizioa da parenterala, ahotik ezinezkoa denean elikagaiak jan eta edariak hartzeko aplikatzen dena. Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak ohar batean adierazi duenez, gidak «nutrizio parenteralarekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea» du helburu. Bexen Medicalekin lankidetzan bultzatutako gida berria online eta aurrez aurreko saioetan aurkeztuko da. Bihar (abenduak 3) saio informatiboa egingo dute ‘Nutrizio parenterala: funtsezko zainketak. Ospitaletik etxera’ izenburupean. Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialaren Donostiako egoitzan izango da, 16.30ean. Argitalpena Almudena Alvarez, Ana Maria Barcena, Ana Isabel Dominguez, Maria Luisa Insausti, Ione Labaka, Edurne Lizarazu, Jon Revilla, Rosa Maria Zapata eta Garazi Murguialdayk egin dute. «Gida berritzailea da duen ikuspegiagatik; izan ere, modu erraz eta argi batean erantzun nahi izan diegu pazienteen egunerokoan helarazten dizkiguten ziurgabetasun nagusiei, bai eta nutrizio hori ematearekin lotutako alde erabakigarriekin, kontserbazioarekin, jarraipenarekin edo gomendio praktikoekin. Azken helburua zalantzak argitzea eta bizi-kalitatea hobetzea da», azaldu dute egileek.