2024 ABEN. 03 Gaur X urte Duela 40 urte gertatu zen Bhopalgo hondamendia Gas isurketa toxiko baten ondorioz 5.000 pertsonatik gora hil ziren Indiako Bhopal hirian 1984ko abenduaren 3an. Union Carbide enpresaren arduradun bat bera ere ez zuten kartzelan sartu eta indemnizazio xumeak baino ez zituzten agindu. Union Carbide lantegia, Bhopalgo tragedia eta 40 urte beranduago. (Ryan ASHCROFT | EUROPA PRESS) GAUR8 40 urte joan dira Indiako Bhopal herrian Union Carbide pestizida enpresa estatubatuarraren gas isurketa batek milaka hildako eta sendabiderik gabeko milaka eta milaka gaixo eragin zituenetik. Indiako epaitegi batek bi urteko kartzela zigorra ezarri zien enpresako zortzi arduraduni. Bhopalgo lantegiko isuriak ondorio ikaragarriak izan zituen, eta kaltetuen kopuruak enpresa horrek zuen arduraren tamainaren erakusgarri dira. 1984ko abenduaren 3ko gau hartan pestizidak egiteko erabiltzen den metil isozianato konposatu organikoaren 42 tona isuri zituen airera Union Carbide multinazionalaren lantegiak, Bhopal hiriko zati handi bat gas-kamera erraldoi bihurtuz. Ihesa izan eta berehala, ehunka herritar lurrera erori ziren, seko hilda, bizileku zituzten etxoletara ihesi zihoazela. Kaleak gorpuz bete ziren. 3.500 bat pertsona berehala hil ziren eta beste 2.000 ondorengo egunetan, betiere Indiako Gobernuak orduan emandako datuen arabera. Beste 500.000 pertsonengan ere izan zuen eragina isurketak. 1984an 850.000 biztanle zituen Bhopalek. Indiako auzitegi batek bi urteko kartzela zigorra eta 2.500 dolarreko fidantza ezarri zien Union Carbide multinazional estatubatuarreko zortzi arduraduni Bhopalgo sarraskiaren erantzule gisa. Sarraskia gertatu eta 25 urtera emandako epaiaren ondoren, baina, gertatutakoaren erantzuleetako bat bera ere ez zen kartzelara sartu, ezta egun bakar baterako ere. Horixe izan zen historiako industria istripu larrienetakoaren erantzuleek jasotako «zigorra».