2024 ABEN. 05 Gaur X urte Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar jokalariek Atotxan ikurrina atera zuten gaur 48 urte Espainiar Estatuak ilegalizatuta zuen ikurrina Atotxako berdegunera atera zuten Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar jokalariek 1976ko abenduaren 5ean, legalizatu baino hilabete bat aurretik. 48 urte betetzen dira gaur euskal kirolaren irudirik ezagunenetako bat gauzatu zen egunetik. Kortabarria eta Iribar ikurrina eramaten. (SABINO ARANA FUNDAZIOA) GAUR8 Euskal derbia zegoen jokoan Atotxan 1976ko abenduaren 5 hartan. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar, Realeko eta Athleticeko kapitainak ikurrina eskuan zutela zelairatu ziren, taldekide guztiak atzetik zituztela. Oraindik ilegalizatuta zuen espainiar Estatuak ikurrina eta oihartzun handia sortu zuen irudiak. Bi taldeen arteko lehia ikurrinaren aldarriak estalia geratu zen. Hilabete bat beranduago, urtarrilaren 20an, ikurrina legalizatu zuen Madrilek. Ideia Kortabarria berak, Joxean de la Hoz Uranga eta Salva Iriarte errealzaleek jarri zuten mahai gainean, eta Iribarri jakinarazi zioten, zeinek Athleticen aldagelara eraman zuen proposamena. Aho batez onartu eta gero, Reala eta Athletic ikurrina hartuta zelairatu ziren. Iribarrek, Info 7 Irratian egindako elkarrizketan, une hura «zoragarria eta ahaztezina» bezala definitu zuen. Era berean, «liburu bat idazteko modukoa» zela ere adierazi zuen. 2014an Espainiako bandera ezartzeko agindua salatzeko tamaina handiko ikurrina bat jarri zuen Gipuzkoako Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan. Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohia izan zen egun horretan ere ikurrina altxatu zuena.