GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Martin Orbe apaiz eta euskaltzainak 90 urte bete ditu gaur

Gaur 90 urte jaio zen Martin Orbe apaiza eta ohorezko euskaltzaina. 1969an atxilotua, Zamorako kartzelan egon zen hiru urtez, beste berrogeita hamar apaiz eta fraide euskaldunekin batera.

Martin Orbe 2011n. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Martin Orbe Monasterio Errigoitin jaio zen 1934ko abenduaren 7an, gaur 90 urte. Euskal Filologian lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta apaiza, ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2014an. Lehen, Zamorako apaiz-kartzelan egon zen preso 1969tik 1972ra arte.

1958an apaiztu zen eta hogei urtez izan zen Zeanuriko abadea. Bertako Lan Eskolako irakasle ere izan zen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egiteagatik, 1969an atxilotu eta 1972ra arte egon zen preso Zamorako espetxean.

Basauriko espetxean zegoela, Cirarda gotzaina bisitan joan zitzaion. Martin arropak eranzten hasi zen bere torturen arrastoak ikus zitzan, eta Cirardak galarazi egin zion. «Ez, mesedez. Sinesten dizut!», esan zuen apezpikuak. Aste batzuk geroago pastoral idazki batean, Zirardak esan zuen atxilotuak torturatzen zituztenaren zurrumurruak zeudela. «Egia balitz, Elizak gaitzetsi egin beharko lituzke, baina bestela poliziaren eta agintari politikoen ospea itzuli beharko litzateke», gaineratu zuen.

‘Apaiz kartzela’ dokumentalak 1968 eta 1976 urteen artean frankismoak Zamorako espetxean sartu zituen berrogeita hamar apaiz eta fraide euskaldunen esperientzia kontatzen du, ezagutzen den horrelako esperientzia bakarra.

Zamorako kartzelatik irten ostean Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, eta han hasi zen lanean sortu berria zen Udako Euskal Unibertsitatean (UEU). Handik apur batera, Manex Goienetxe UEUko lehen zuzendariak kargua utzi zuen eta bera aukeratu zuten hurrengo zuzendari (1976-1983). Bera zuzendari zen garaian erakundea Hego Euskal Herrira eraman eta bertan sustraitu zen.

2012ko urriaren 18an UEUren I. Merezimendu Saria eman zioten, euskal kulturgintzan egindako lana omentzeko. Hainbat taldetako kide izan da: Euskal Apaizen Koordinakundea, Bizkaiko Abadeen Foroa, Herria 2000 Eliza kolektiboa eta abar.