2025 URT. 08 Izena emateko epea ireki dute gazteen interesak eta kezkak ezagutzeko Bilboko Gazte Panela ekimenean ‘Bilboko Gazte Panela 25-26’ ekimenean izena emateko epea zabaldu du Udalak. Aurtengo edizioak 28 gazte bilduko ditu, eta, berrikuntza gisa, horietako lau gazte elkarte eta taldeek proposatuta sartuko dira. Udalaren programa Bilboko gazteei zuzenduta dago. (Oskar MATXIN | FOKU) GAUR8 Bilboko Udalak ‘Bilboko Gazte Panela 25/26’ ekimenaren hirugarren ediziorako izena emateko epea ireki du. Gazteen tokiko agendaren diseinuan parte hartu nahi duten gazte bilbotarrei zuzenduta dago, eta 28 lagunek osatuko dute. Aurten, berritasun gisa, horietako lau gazte elkarte eta taldeek proposatuko dituzte. Urtarrilaren 8tik 22ra arteko epea izango dute www.bilbaogazte.eus webgunean izena emateko. Gazteak ‘Bilbao Hiri Gaztea’-n inplikatzearen alde egindako apustua nabarmendu du Udalak. Azaldu du, halaber, parte hartzaileek udal funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera izango dutela, baita gazteei zuzendutako programazioa eta zerbitzuak aztertzeko eta Bilbao Hiri Gaztea 2022/25 Tokiko Gazte Agenda hobetzeko ere, udal langileekin batera programa eta ekimen berriak diseinatuz. Bilboko Gazte Panela 25/26 partaidetzagunea da, udal funtzionamendua ezagutzeko, Bilboko gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko eta ekintza berriak aktibatzeko diseinatua. Hirugarren edizio hau 28 gaztek osatuko dute, eta horietako zazpik 2024ko edizioan parte hartuko dute. Deialdi berriaren eskatzaileen artean, berriz, 17 pertsona hautatuko dira, honako irizpide hauen arabera: 18 eta 30 urte artekoa izatea, sexua, bizileku-barrutia, ikasketa maila, kultura jatorria edo lan egoera. Gainera, guztira lau gazte sartuko dira udalerrian diharduten gazte elkarte eta taldeen proposamenez. Lantalde ezberdinak ‘Bilboko Gazte Panela 25/26’ osatzen duten gazteak hainbat lantaldetan sartuko dira, beren interesen arabera, Tokiko Gazteria Agendatik abian jarri ahal izango diren programak eta ekintzak diseinatzeko. 2025eko otsailetik 2026ko ekainera, 10 saiotan, taldeek proposamenak landuko dituzte eta aurrerapenak partekatuko dituzte, taldearen ikuspegiak kontrastatuz. 2024ko edizioan, Bilboko Gazte Panelak bi proposamen garatu ditu 2030 tokiko Agendaren esparruan: batetik, gazteek beren emozioak kudeatzen ikas dezaten programa bat, antzerki teknikak aplikatuz, eta, bestetik, Konekta Ideiak ekimen berri bat, sare ekologista indartzeko eta gazteak sentsibilizatzeko, ingurumenaren aldetik garbiak eta iraunkorrak diren jaien alde. Programa osoa amaitzen duten parte hartzaileek 750 eurorainoko konpentsazio ekonomikoa jasoko dute, laguntza teknikoa izango dute beren lana garatzeko eta 2.000 eurorainoko poltsa ekonomikoa beren ekimenak eta proposamenak martxan jartzeko. Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak nabarmendu du ekimen honek «parte hartzeko tresna» gisa duen balioa, «gazteriaren eremuan gizarte gisa ditugun erronkak identifikatzeko».