2025 URT. 08 Natura 2000 Sareko zortzi gunetako ibai-eremuak lehengoratuko ditu Arabako Foru Aldundiak Arabako Foru Aldundiak zortzi ibai-eremu lehengoratuko ditu Natura 2000 Sareko espazioetan, ibaiertzeko eremuetako berezko espezieak landatuz, haien kontserbazio-egoera hobetzeko. Proiektuek Euskualde Garapenerako Feder funtsekin finantzatuko dira, eta zazpi hilabetetan gauzatu behar dira. Arabako 2000 Natura Sareak hamarnaka naturagune babestu biltzen ditu. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 Arabako Foru Aldundiak zortzi ibai-eremu lehengoratzeko proiektuak burutuko ditu Natura 2000 Sareko espazio ezberdinetan, habitat horien osasuna indartzeko asmoz. Horretarako, ibaiertzeko eremuetako berezko espezieak landatuko dituzte ingurune horietan, kontserbazio-egoera hobetzeko. Zehazki, Omecillo, Baia, Ebro, Zadorra, Ihuda, Barrundia, Ega-Berron eta Arakil ibaien eremu degradatuetan egingo dira aipatutako esku hartzeak. Zuhaixka espezie ezberdinak jarriko dute Arabako Foru Gobernuko iturriek ohar bidez azaldu dute eremu horietan, zuhaitz eta zuhaixka espezie ezberdinen landaketa egingo dela, beti ere inguru horietakoak izaten ohi diren landare motak kontuan hartuta. Zehaztu dute, «lizarra, arbustua, elorri beltza, elorri zuria, zuhandorra eta astigarra» izango direla, besteak beste, erabiliko dituzten landareak. Ingurumen-leheneratze horietan 96.741 euroko inbertsioa egingo du Arabako Foru Aldundiak. Kostu horren %40 Eskualde Garapeneko Feder funtsekin finantzatuko dute «2021-2027 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF programaren esparruan». Behin lanak kontratatuta, Diputazioak aurreratu du gauzatzeko epea zazpi hilabetekoa izango dela.