Abian da Esaera Zaharren Txapelketa Sopelan, ‘Eguzkixak nora, zapixak hara’ lelopean
30. edizioa izango du aurten Esaera Zaharren Txapelketak eta Sopelara eramango ditu lehiaketa eta inguruko festa, apirilaren 5ean, ‘Eguzkixak nora, zapixak hara’ lelopean. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra arte. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte txapelketaren inguruko egunetarako.

Esaera Zaharren Txapelketaren 30. edizioa ospatuko dute apirilaren 5ean, Sopelan, ‘Eguzkixak nora, zapiak hara’ atsotitza lelo hartuta.
«Bi, hiru edo lau laguneko taldea osatu, izen dotorea pentsatu eta 100 esaera zaharren zerrenda» ikastea da erronka, azaldutakoaren arabera.
1992an, euskara praktikatzeko ekintza xume gisa jaioa, egun osoko jaia da gaur egun, eta parte hartze handikoa, emandako datuen arabera, 80-90 lehiakide inguru erakartzen baititu.
Txapelketaren inguruan egitarau berezia prestatu dute AEK-ko antolatzaileek. Apirilaren 5ean, 11.00etan da hitzordua Sopelako Udaletxeko plazan. Bertan bilduko dira antolatzaileak, parte hartzaileak, bertsolariak eta goiza musikaz alaituko duten lagunak, eta 11.30ean emango zaio hasiera txapelketari.
«Goiza tabernaz taberna emango dugu, bertsoak entzuten eta horiekin bat datozen esaerak identifikatze, erabaki arte zein taldek jarraituko duen aurrera», aurreratu dute antolakuntzatik.
Bazkaria egingo dute ondoren, Artadi garagardotegian, eta bertan jarraituko du lehiak arratsaldean. Finalaurrekoetan eta finaletan Libe Goenaga eta Asier Alcedo bertsolarien laguntza izango du txapelketak. Iluntzera arte luzatuko da finala, eta 20.00etan herrigunera itzuliko dira parte hartzaileak, musikaz lagunduta.
Txapelketan izena emateko epea fitxabete behar da www.praktikatu.eus/esaerazaharrak atarian, martxoaren 31ra arte. Sariez gain, parte hartzaile guztiek jasoko dute oroigarri bana. Webgunean bertan eskuragarri daude txapelketaren oinarriak, esaeren zerrenda eta beharrezko azalpenak.
Giroa berotzen hasteko, martxoaren 24an ‘Esaera Zaharren Txapelketa, 30 urte’ izeneko erakusketa inauguratuko dute Sopelako Kurtzio kultur etxean. Apirilaren 3an, kalejira eta kantu-poteoa izango da, Sopela Kantari taldearen eskutik, eta apirilaren 4an, umeentzako disko-festa egingo dute udaletxeko plazan, Zipiriñe eskolako patioan, euria bada.
‘Esalegeak gurean’ hitzaldia izango da apirilaren 10ean, Akaitze Kamiruaga eta Iñaki Gilisastiren eskutik, eta Adolfo Arejita euskaltzainaren esaera zaharren gaineko hitzaldiak itxiko du egitaraua maiatzaren 20an. Kurtzio kultur etxean izango dira ekitaldi biak.