Ekoetxea sareak Arabako lehen zentroa irekiko du Lantaronen, Uraren Munduko Egunarekin bat eginez
Ekoetxea Añana-Sobron izena izango du zentro berriak eta ura izango da ardatz tematiko nagusia, antzinako Uraren Museoan baitago. Ekoetxeen sareko Arabako lehenengo zentro hau Ekoetxea Añana-Gatz Harana zentroarekin osatuko da etorkizunean.

Lakuako Gobernuak Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatzen duen EAEko ingurumen-zentroen Ekoetxea sareak espazio berri bat irekiko du Lantaron udalerrian, lehena dena Araban. Ekoetxea Añana-Sobron izena izango du eta datorren larunbatean, martxoaren 22an, inauguratuko da, Uraren Munduko Egunarekin bat eginez.
Ohar baten bidez, Exekutiboak jakinarazi du zentro berriak Ekoetxea sarea osatzen duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau zentroekin batera: Urdaibaiko eta Meatzaldeko Ekoetxeekin (Bizkaia) eta Azpeitia eta Txingudikoekin (Gipuzkoa).
Ura izango da espazio berriaren ardatz tematiko nagusia, Uraren Museo zaharrean baitago. Hala ere, proiektua ez da zentro honetara mugatuko. Aurreratu dutenaren arabera, laster Gatz Haraneko gune berri bat gehituko zaio sareari, etorkizuneko Ekoetxea Añana-Gatz Harana, Añana-Sobron Ekoetxearen zentro berri hau osatuko duena.
Josu Bilbao Lakuako Ingurumen sailburuordeak, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak, Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatuak, Ruben Torremocha Añanako Kuadrillako presidenteak eta Francisco Javier Uriarte Lantarongo alkateak inauguratuko dute Ekoetxea berria.
Josu Bilbaok «proiektuan inplikatutako erakunde guztiek erakutsitako lankidetza ona» azpimarratu du, eta Ekoetxea berriak irekiz hiru herrialdeetako «ingurumen-zentroen presentzia orekatua ziurtatzen» dela erantsi du.
«Ekoetxea Añana-Sobron sarbide paregabea da balio natural eta hidrologiko handiko ingurune natural batera, eta horrek aukera ematen digu urarekin eta horrek ingurumenean duen garrantziarekin lotutako ingurumen-hezkuntzako esperientzien eskaintza berezia egiteko», adierazi du Lakuako arduradunak.
Saray Zarate diputatuak adierazi duenez, «espazio honek ur-kontsumoa aurrezteko eta murrizteko praktikak jartzen ditu abian». «Ekintza horrek bat egiten du Foru Aldundiak iraunkortasunaren arloan hartutako konpromisoekin», nabarmendu du.
Era berean, Ekoetxe berriaren irekiera erakunde sustatzaile guztiek eta URA Uraren Euskal Agentziak lortutako akordioari esker egin dela azpimarratu dute. Kudeaketa Ihobe sozietate publikoak egingo du, Añanako Kuadrillarekin, Lantarongo Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan.
Ekoetxea Meatzaldearen ereduari jarraituz, Ekoetxea Añanak bi egoitza operatibo izango dituela zehaztu du Lakuak: Gatz Haranekoa eta Sobrongoa. Laster lizitatuko den etorkizuneko Ekoetxea-Gatz Harana eraikitzeko lanak amaitutakoan, Ekoetxea-Sobronekin batera kudeatuko da, unitate bakarra izango balira bezala.
Ekoetxea Añana-Sobronek ateak irekita izango ditu asteko egun guztietan, eta ingurumen-hezkuntzan espezializatutako langileek gidatuko dute zentroaren jarduna. Zentro horretan garatuko diren jarduerak Ekoetxea sarearen webgunean daude ikusgai.