2019 ABEN. 21 «INGO XONAU!» Oñatiko noka biziberritzeko egitasmoak transmisio etenaren kausak azaldu ditu Oñatiko zenbait herritarrek beren herrian hitanoaren transmisioan izandako etenari erreparatu zioten, gehienbat nokari dagokion etenari, hain zuzen. Badihardugu elkartearekin harremanetan jarri eta «Ingo xonau» egitasmoa abiatu zuten. Haren arduradun Idoia Etxeberriarekin hitz egin dugu. Xabier Izaga Gonzalez Hitanoa, hiketa edo hikako tratamendua ohikoa da Euskal Herriko leku askotan; beste batzuetan, berriz, gainbeheran dago duela hainbat hamarkadatik, edo are galduta ere. Hitanoaz hitz egitean, ordea, toka eta noka bereizi beharra dago, hurrenez hurren gizonezkoari eta emakumezkoari hitz egiteko adizkerak, alegia. Lehenengoak leku askotan osasuntsu dirauela esan badaiteke ere, ezin gauza bera esan nokari dagokionez. Horixe gertatzen da Oñatin, eta bertako herritar talde batek, emakumeen hitanoa galtzen ari dela ikusita, zenbait galdera plazaratu zituen: zergatik joan da galtzen nesken hitanoa? Zenbat emakumek dakite noka? Nola jaso dute? Transmititu al dute? “Ingo xonau!” izeneko ekimenak urtebete eman du lanean galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz eta joan den zapatu goizean aurkeztu zuen Oñatiko noka jaso eta biziberritzeko proiektua Santa Ana antzokian. Aurkezpena baino lehentxoago, noka dakiten emakumeen argazkia atera zuten Dukearen parkean, eta, ondoren, proiektua eta diagnostiko baterako ikerketaren emaitza aurkeztu. Dokumental labur bat ere erakutsi zuten, nokaren galeraren arrazoiak azaltzen dituena Oñatiko 50etik gora nokaduni egindako elkarrizketetan oinarrituta. Ekitaldiaren amaieran, nokaren erabilera bultzatzeko txapak banatu zituzten. Herri ekimena Urte hasieran, herritar horiek zer eta nola egin erabakitzeko elkartu eta Badihardugu euskara elkartera jo zuten, elkarte horrek ahozko ondarea jasotzen egiten duen lanaren jakitun. Udalaren babesa lortuta, 2019ko otsailean herriko hainbat emakume elkarrizketatzen hasi ziren. Batetik, hitanoari buruzko esperientziak, eta, bestetik, hikako beraien jarduna jasotzeko. Idoia Etxeberria filologo, idazle, Badihardugu elkarteko kide eta “Ingo xonau!” egitasmoaren arduradunak egin zituen elkarrizketak, baita horien azterketa ere, otsailetik maiatzera bitartean. Guztira, 54 lagun izan dituzte kamera aurrean, 52 emakume eta bi gizonezko, tertulia misto bi ere grabatu baitzituzten, noka ez dela emakumeen kontua bakarrik ikusarazteko, baina betiere emakumezkoei lehentasuna emanda. Elkarrizketatuek emandako informazioarekin prestatu dute ikerketa: «Elkarrizketetatik ateratako datu guztiak aztertu genituen: bakoitzak nola jaso duen noka, zuzenean, zeharka, etxean jaso duten, eurek transmititu duten… hori guztia diagnostikoan agertzen da», dio Etxeberriak. Oso pozik ageri da proiektuaren arduraduna «egundoko erantzuna» izan dutelako. Orain arteko lanak Badihardugu elkartearen ardurapean eta Ahotsak.eus proiektuaren babesean egin dira, baina aurrerantzean eragile gehiagoren parte hartzea ere aurreikusten dute. Ikerketa-diagnostikoa egiteko, herriko hamahiru datu-biltzaile eta informatzaile boluntarioren laguntza ere izan dute. Oñatiko hamasei baserri-auzoetan egin dute datu-bilketa, hitanoa baserri giroan gorde delako ondoen, noka dakiten emakumeak gutxi gorabehera zenbat diren jakiteko. Hori bai, gaur egun herrigunean, auzoetatik kanpo bizi direnak ere aintzat hartu dituzte. Aldi berean, egindako grabazioak lantzen eta bideo-pasarteak Ahotsak.eus webgunean ipintzen ere joan dira. Grabazioak osorik aztertzen, pasarte onak identifikatzen, laburpenak egiten, bideo-pasarteak editatu eta sareratzen… Grabazio asko dira eta oraindik ez dituzte denak aztertu, baina dagoeneko ia 400 bideo-pasarte labur daude ikusgai https://ahotsak.eus/proiektuak/onatiko-noka-ingo-xonau/ helbidean. Proiektua, beraz, ez da aurkezpenarekin amaitu; izan ere, jasotze-fasea amaituta, lanketarekin jarraituko dute, eta hurrengo urteetan noka biziberritzeko eta hitanoa bultzatzeko hainbat ekimen egiteko asmoa dute. Oraindik lan handia dagoela dio Etxeberriak; beraz, ez da egun biko kontua izango. Faseka eta poliki-poliki joango dira. 2020rako asmoen artean badute aditz taula batzuk ateratzea, erabilera ohiturak zein izan diren azaltzea, interesa daukanaren eskura jartzeko. Udazkenerako, Jabetze Eskolan emakumeendako ikastaro bat antolatzeko asmoa ere badute. 50 urtetik beherako emakume gutxik dakite noka, eta multzo bat sortu nahi lukete ekimena aktibatu ahal izateko. Etenaren arrazoiak Hitanoaren transmisioaren etena aspalditik eta leku askotan gertatu da. Hizkuntza zapalkuntza mendeetako kontua da Euskal Herrian, debeku zuzenetik desprestigioraino. Frankismoan nabarmen, familia askotan gertatu zen transmisioaren etena, hiztun kopuruak behera egitea eragin zuena, baita hiztun askok erdararako joerari heldu eta beren lehen hizkuntzan gero eta trebetasun txikiagoa izatea ere. Arrazoi hori aipatu du, besteak beste, Idoia Etxeberriak hitanoaren etena, batez ere neska artean izandakoa, azaltzerakoan. «Hitanoaren erabilera, ez bakarrik Oñatin, beste leku batzuetan ere, gutxitzen joan da denborarekin. Alde batetik, euskararen zapalkuntzarekin lotuta dagoela uste dugu, erdararako joera gero eta handiagoa frankismoaren urte haietan atzerapausoa izan zen, eta hitanoa baserritarren hizkera moduan eta desprestigiatuta geratu zen». Transmisioaren etena gertatu zen. Mutilen artean ez hainbestekoa, ordea. Alde hori azaltzeko, Etxeberriak dio badaudela genero ikuspegiarekin lotutako arrazoiak. «Emakumearen irudiak dotorea, errespetuzkoa izan behar zuen, eta ez zegoen ondo ikusita emakumeek hika egitea, baldarra zelako-edo». Sozializazio esparruetan, toka Hitanoa lagun arteko mintzamoldea da, baina horrek ez du esan nahi errespetu falta denik; hala ere, zenbait pentsamolderen arabera, baldarra zen, eta haren erabilera moralarekin lotzeko joera zegoen. Mutilen ahotan, berriz, ez zegoen hain gaizki ikusita, bazuten halako lizentzia. «Mutilek bazituzten sozializazio esparru batzuk neskek ez zituztenak, tabernetan, soziedadeetan, kirol askotan, lantegian bertan, gizonezkoak lehenago eta gehiago hasten baitziren. Beti egon dira berdinen, lagunen arteko giro horretan, aisialdian eta lanean. Sozializatzeko, hitanoari eusteko lekuak izan dira, eta, emakumeen kasuan, ez hainbeste. Azkenean, bateko eta besteko, emakumeen artean gutxituz joan da», dio Etxeberriak. Baserri-auzoetan erdararen eragina txikiagoa izan da eta, esan bezala, hitanoari hobeto eutsi diote, noka barne. Hala ere, Etxeberriaren ustez, Oñatiko kasuan behintzat, herritik urrunen dauden baserrietatik jende asko kalera joan zen, eta kaletartze prozesu horretan ere egon da transmisioaren etena, hizkera hori baztertu egin zen. Baserritarren artean hitz egiteko modukoa zen, baina kalean, ez; izan ere, kalean emakumeek ez zuten erabiltzen eta eurek ere seme-alabei ez zietela egingo esaten zuten. «Auzo batzuetan ondo mantendu da toka-noka. Umetan horrela ikasi eta horrela ohitu zirenek gaur egun ere jarraitzen dute ondo egiten, noka eta toka», nabarmendu du Etxeberriak. Beste esperientzia batzuk Beste hainbat lekutan ere egin dituzte hitanoaren inguruko ekimenak; esate baterako, ikastaroak. Etxeberriaren ustez, baina, ikastaro bat motz gelditzen da adizkera ohitura bat berpizteari begira. Horretarako jarraipen bat behar da, eta ez da samurra izaten; edonola ere, orain ba omen dago susperraldi moduko bat, eta Gabirian egin berri duten Nokaldia aipatu du. Zenbait saio teoriko-praktiko eta, Euskaraldiaren antzera, astebetean noka jarduteko ekimena egin zuten, Azpeitian ere ikertzen eta erabilera sustatu nahian dabiltzala dio, edo Antzuolan… «Baina formula magikorik oraindik ez dugu topatu», dio irribarrez. Oñatin oraindik mutil gazteen artean bizirik dago hiketa, eta beharbada boladan. Hori plus bat dela deritzo Etxeberriak. «Beraz, beharbada hortik tiraka nesken artean ere erabilera zabaltzeko esperantza dugu, gustuko kontua izango duten esperantza». Ez da, beraz, kanpaina labur baterako ekimena, gutxienez datozen urte bietan zehar luzatuko baita eta lantzen jarraitu beharrekoa baita. Ez lukete pasadizo hutsean geratzerik nahi. Dinamika bat sortu nahi lukete, eta ez da erraza. Izan ere, prozesu bat da, ikasi egin beharra dago, gero praktikatu eta erabiltzeko faseak behar dira, eta dinamika hori sortzen joan behar dute. Etxeberriak ez du GAUR8ko solasa bukatu nahi eskerrak eman gabe, proiektuak eduki duen harrera onagatik. «Noka dakiten emakumeak oso animatuta eta laguntzeko prest agertu dira gehien-gehienak. Umorez parte hartu dute». Eskerrak, hala berean, datu-biltzaileei, auzoetan hamahiru datu-biltzaile eta informatzaile boluntario aritu baitira baserriz baserri. Ez da lan samurra izan, nonbait, Idoia Etxebarriak berak egiten duen lana ez den modu berean. Euskal Herri osoko orokortasunak Idoia Etxeberriak dioenez, “Ingo xonau” ekimenak aurkeztutako ondorioak Oñatiko nokaren bilakaerari dagozkio. Edonola ere, Etxeberriak Badihardugu elkartearen Ahotsak.eus proiektu nagusian parte hartzen duenez, ondo daki Euskal Herri osoan, oro har, antzeko bilakaera izan duela hikako tratamenduak. Sarean jarritako bideoetan hainbat herrialde eta eskualdetako lagunen lekukotasunek, beharbada, diagnostiko orokor baterako datuak ematen dituzte. Hitanoa Euskal Herri osoko mintzamoldea izan zen, beste tratamendu etiko batzuk –zuketa eta xuketa– edo beroriketa ez bezala. Egun leku batzuetan beste batzuetan baino biziago jarraitzen du hitanoak, eta inguru batzuetan ez da erabiltzen. Haren desprestigioak orokorra ematen du, eta, gehien erabiltzen den eskualdeetan ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, behera egin du hitanoaren erabilerak, batez ere, eta, alde handiz, nokarenak. Salbuespenak salbuespen, jende nagusiari ez zaio hika egiten, adin bertsuko lagunen artean izan ezik, jakina; seme-alabek gurasoei hika egitea ia pentsaezina da. Senar-emazteek ere, are ezkongaiek ere, ez ohi diote elkarri hika egiten. Eta umetxoei ere ez zaie horrela egiten. Etxeberriak Oñatin sumatu duenez, genero ikuspegia ere kontuan hartzeko moduko faktorea da. Oso ohikoa da, esate baterako, gurasoek semeari hika egitea baina alabarekin hizkera ez-alokutiboa erabiltzea. Horixe erabiltzen dute, neskei hitz egiteko, hika egiten duten mutilek, edo are toka ere, noka gero eta ezezaguna denez gero. Zenbait ingurutako mutilek esango dute toka eta noka erabiltzen dutela, eta hala da; joera orokorra, baina, bestea da. Errespetu falta, itsusia… are bekatua ere, moralaren ikuspegi jakin baten arabera. Guk “Ingo xonau!” ekimenak jasotako bideo batean Oñatiko emakume batzuei entzundakoari eutsiko diogu: «Errespetu kontua baino gehiago, konfiantza kontua da hitanoa». Nokaren etena azaltzeko, genero ikuspegiarekin lotutako arrazoiak ere badaudela dio Etxeberriak: «Ez zegoen ondo ikusita emakumeek hika egitea, baldarra zelako-edo» Zergatik joan da galtzen nesken hitanoa? Zenbat emakumek dakite noka? Nola jaso dute? Transmititu al dute? «Ingo xonau!» ekimenak urtebete eman du lanean erantzun bila