GAUR8 - mila leiho zabalik

Gezurraren hanka motzak


Iragan urriaren 25ean gertaera beldurgarri batek Gasteizko iritzi publikoa asaldatu zuen. Andre batek salatu zuen etxerako bidean zihoala lau ezezagunek eraso egin eta bortizki jipoitu zutela. Salatariak, gainera, erasotzaileak magrebtarrak eta adin txikikoak zirela nabarmendu zuen, ez bakarrik poliziaren aurrean, baita Espainiako El Toro telebista katean ere. Hiriko hedabideek ustezko erasoaren kontakizuna ontzat eman eta, informazioa kontrastatu gabe, lau haizetara zabaldu eta adin txikiko arabiarren kolektiboa hiritarren suminaren jomugan jarri zuten. Ordu gutxiren buruan, protestaldia ere deitu zuten oldarraldia gertatu omen zeneko Batan auzoko bizilagunek; elkarretaratzearen buruan Gobernuko ordezkaria, PPko delegaritza bat eta gotzaina bera zeudelarik.

Gazte etorkinen bizimoduaren inguruko gutxieneko ezagutza daukan edonork berehala susmatuko zukeen Gasteizko elitezko auzune horretan lau nerabe magrebtar ordu txikitan solte zebiltzalako istorioak ez zuela sinesgarritasun handirik. Baina, errealitatea ezagutu gabe ere, kazetari profesional bati eskatu beharko litzaioke lekuko bakarraren testigantza egiaztatzea. Izan ere, Google bidezko hamar segundoko ikerketa egiteko ardura hartu izan balute, berehala aurkituko zuketen ustezko erasoaren ustezko biktima 2015eko foru hauteskundeetan VOX alderdi ultraeskuindarraren hautagaia izan zela, hain zuzen ere, bere diskurtso politikoa adin txikiko etorkinak kriminalizatzean oinarritu duen alderdikoa.

Hamar eguneko ikerketaren ostean Ertzaintzak jakinarazi zuen ez zuela aurkitu erasotzaileen zantzurik eta jipoia ustez gertatu zeneko lekuaren inguruko bideozaintza kameretan, eta ez dira gutxi, salatariaren irudiak baino ez zirela erregistratu, bakarrik guztietan.

Kolektibo zaurgarri oso baten gainean susmoaren itzala zabaldu duten kazetari eta ordezkari publikoek profesionaltasun faltagatik egingo zuten agian; edo akaso, eta hori larriagoa litzateke, etnia jakin bateko kideek delinkuentziarako berezko joera naturala dutela iradoki nahiko zuten. Nolanahi ere, azkenean, gezurrak bezala xenofobiak ere hanka motzak ditu. •