GAUR8 - mila leiho zabalik
«TRIGGER»

«Poliedro Vol.1» proposamen berritzailea: biolontxeloa denentzat eta mugarik gabe

Eñaut Zubizarreta «Trigger»-en azken lana, «Poliedro Vol.1», proiektu musiko-pedagogikoa da. Biolontxeloarekin musika klasikoaz gainera egungo estiloak ere interpretatu daitezkeela erakusten du, alde batetik. Bestetik, nola interpreta daitezkeen. Musikariei eta publiko orokorrari begira egindako disko batek eta liburu batek osatzen dute lana.


Biolontxeloa musika klasikoa delakoari lotutako musika tresna da. Musika estilo modernoetan ere ikusten da, baina laguntzaile moduan edo bigarren planoan beti. Nekez, esate baterako, hardcore estiloko abestietako protagonista gisa. Eta horixe nahi zuen Eñaut Zubizarreta Trigger aretxabaletarrak, baita gauzatu ere bere azken proiektu jakingarri eta ezinbestean berritzailean.

“Poliedro Vol.1” lana 19 konposizio dira, hiru formatutan antolatuak: txeloa bakarka; binaka eta hirunaka, eta loop eta efektu pedalekin egindako konposizioak. Askotariko estiloak batzen ditu: hardcorea, flamenkoa, metala, drum’n’bassa, metala, funka… Eta ikerketa lana ere badenez, erregistro bat egin du, audioz eta idatziz, disko bat eta liburu bat argitaratuta, haren zabalkundea egiteko.

Eñaut Zubizarreta Mendieta gaztetatik bizi izan da biolontxeloari eta neurri handian musika klasikoari lotuta. Horixe jo izan du oraintsu arte txeloarekin. Bartzelonan goi mailako ikasketak egin zituen; hala ere, bestelako musika batzuk ere gogoko izan eta entzuten zituen: «Denetik, gehienbat Mendebaldeko musika garaikideak, hala nola rocka bere zentzurik zabalenean, rapa, elektronikoa… denetik gustatzen zait eta biolontxeloa horrelako musika estiloetara eraman nahi dut». 

Trigger 2017aren bukaeran igo zen oholtzara lehen aldiz. Ordurako interpretazio klasikoko karrera egina zuen, eta 2016an looperrarekin sortzen hasi zen, «probatzen». Baina ikasten ere jarraitu zuen, eta Alemaniara joan zen musika modernoko eskolak hartzera. 2019an lehenengo bakarkako diskoa argitaratu zuen, “Esku bi hamar hatz”, eta Euskal Herrian zehar bere burua ezagutzera ematen hasi zen.

Berak azaldu duenez, “Esku bi hamar hatz” diskoa batez ere jolasa da. Lan horretan ere ikerketa lana egin zuen, «baina ez asko, gehiago zen intuizio aldetik… jolasaren bitartez sortutako kantuak, eta txeloari besteko garrantzia, edo are gehiago, berbari emanda». Bere lehen lan horrek oholtzara igotzen konfiantza hartzeko balio izan zion, «eta gosea egiteko, etorkizunari begira gauza berriak egiteko gogoa edukitzeko».

Jauzi kualitatiboa

Bide berriak jorratzen hasita, 2018an musika klasikotik kanpoko zenbait baliabide teknikoren inguruko ikerketari ekin zion, eta haren emaitza da. “Poliedro Vol.1”, «biolontxeloa egungo musiketara egokitzen duen proiektu musiko-pedagogikoa». 2019an hasi zuen lan hori, «jauzi kualitatibo bat eman nahian». Bertan, teknika berrien ikerketa eta aplikazioaren bitartez, «biolontxeloarekin interpreta daitezkeen hainbat musika estilo arakatu ditut, eta era askotako formazioekin jolastu naiz», dio musikari gazteak. Hiru atal ditu diskoak: “Aurretiko bista”, txelo solorako hamar lan dituena, punk-rock, grunge, hardcore, flamenko… estilokoak; “Albotiko bista”, bikote eta hirukoterako sei lan, metal, stoner, post-rockekoak... eta “Goitiko bista”, loop eta efektu pedalekin egindako hiru lan, DnB, trance… tankerakoak. 

Hau ere bakarkako proiektua da, baina ondoan «gertuko eta konfiantzazko lantalde bat» izan du: Olrait Studio diseinuez arduratu da; maketazio eta argazki teknikoez, Ainhoa Iraola, eta grabazioaz, Ander Sevilla. Zuzenekoetan Quico Puges eta Jokin Garmendia biolontxelistak ditu taldekide duoak eta trioak interpretatzeko.

Txeloa, protagonista nagusia

Biolontxeloa musika klasikorako tresna hutsa den estereotipoa apurtu nahi du nolabait Triggerrek. «Lehenengo lanarekin hori egin nuen, eta bigarren lan honekin, askoz ere landuago eta serioago, ildo horri eutsita, txeloa musika klasikotik atera eta Mendebaldeko musiketan txertatu dut». Betiere foku nagusia txeloaren gainean jarriz, «bera protagonista nagusi eta bakarra izan dadin». Gida moduko bat ere eskaintzen du, «jendeak lengoaia berri honetan txeloa, biolina edo biola zelan jo daitezkeen ikus dezan». Horretarako, metodologiaz eta partituraz osatutako liburu bat argitaratu du diskoarekin batera.

«Beraz, proiektuaren helburua publiko orokorrari zelanbait txelo-klasiko, txelo-orkestra, txelo-soka kuartetoa… klixe hori apurtzea da. Txeloarekin ere zuk bakarrik metala jo dezakezula, edo diskotekako teknoa. Era askotako musika estiloak egin ditzakezu; beraz, ikuspegi hori aldatzea da kontua. Zertarako? Etorkizunean kontzertuetara gehiago hurbiltzeko, hain arrotza ez gertatzeko, belaunaldi berriengan ere hazitxo hori txertatzeko», dio. Horregatik, liburuaren lehenengo zatia jende guztiari begira eginda dago, «ez da txelistendako edo biolinistendako liburua bakarrik, baizik eta baita publiko orokorrarendako eta musikarekiko interesa daukan edozeinendako ere». Eta, beste alde batetik, «horren gose den jendea trebatzea» du helburu, «grafia berria zelan irakurtzen den, teknika berriak zelan jotzen diren erakutsiz, horren inguruko argazkiak, azalpenak eta ariketak eskainiz».

Txelo irakaslea da Tigger, eta hezkuntza formalari dagokionez, musika eskoletan irakasten du, baina bai Euskal Herriko musika eskoletan dauden irakasleak, bai ikasleak lengoaia berri honetan formatzeko hainbat musika eskolatan eta bestelako hezkuntza zentrotan formakuntza saioak emateko asmoa du, lehenengo irakasleei teknika aurreratuta eta gero ikasleei oinarrizko jakintza horiek emanez, «gauza berri horiekiko interesa pizteko eta eurak garatzen joan daitezen, etxean edo euren irakasleekin, poliki-poliki lantzen, zeren segurutik gaur egun ikasten dabiltzan ume horiek etorkizunean jakin-min berri horiek edukiko dituzte. XXI. mendean gaude eta joerak eta interes horiek azkar aldatzen ari dira azken urteetan, eta hemendik urte batzuetara halako handicapak edukiko dituzte irakasleek, ikasleei gauza berriak eskaini behar izatea, aldaera berriei erantzuna eman behar izatea. Horretan nire helburua da fase horri aurrea hartzea eta halako gauzak lantzen ikastea».

Musika bere kontzeptu osoan

Tiggerrek ordu asko eskaini dizkio proiektu honi, eta lan handiaz gainera, Bartzelonan ikasi izanaren suertea aipatu du: «Bartzelona moduko hiri batean dauden unibertsitateak oso zabalak dira, eta perspektiba zabaltzen laguntzen dizute, ez izateko interpretatzaile huts bat, baizik eta baita beste jakin-nahi batzuk edukitzeko ere, filosofiako jakintza, pedagogia… eta azkenean, musikari oso bat izatea».

Lan hau musika bere osotasunean barnebiltzeko saiakera dela dio: «Ez da bakarrik musika, soinua lantzea, baizik eta soinua, arlo musikologikoa, historian zehar ikertzea, soziologian, eta arlo pedagogikoa eta zientifikoa, teknologia berrien inguruko analisia… hor dago zelanbait musika bere kontzeptu osoan hartuta». Horixe da, azken batean, proiektuaren lehen helburua.

Bigarrena, berriz, «langile klaseari edo herriari lotuta egon diren estilo musikalak ahalduntzea eta arte burgesaren parean jartzea. Gutxienez garrantzia ematea estilo jakin horiei. Arte burgesak eduki duen tresna nagusietariko bat idazkera da, eta jakintza hori transmititu du belaunaldiz belaunaldi. Herri musiketan ere txertatu behar da, horiek ahaldundu eta daukaten garrantzia onartua izateko. Azkenean, sozializatu egin behar da, beste gune batzuetara eraman, gaztetxeetara, tabernetara eta beste jendarte batengana helarazi horrelako musika, horrelako musika tresnak eta abar».

Harrera ona

“Poliedro Vol.1” aurkeztu zuenetik zenbait kontzertu egin ditu. Hasi baino ez da egin, ordea. Hilaren 18an Ordiziako Herri Aretoan izango da; 19an, bakarka, Bergarako Zumelaga jatetxean, afari musikatu batean; 26an, Soraluzeko Herriko tabernan; abenduaren 4an Markinan... eta hurrengo egunetan Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Forbidden Colors diskoetxearen standean, eta 6ko goizean Ahotsenean joko du.

Jendaurrean oso harrera ona izan duela dio: «Oso gustura hartzen dute proposamena. Badago kontu bat maiz errepikatzen dena: ‘Oso ondo, baina entzuten zaila, oso diferentea’. Nik uste dut hori gertatzen dela jendea ez dagoelako ohituta txeloa ikusten halako gauzak egiten. Nik egiten dudana ez dut uste kontu esperimental irensten oso zaila, oso arraroa denik, nik egiten dudana da, adibidez, hardcorea, baina txeloarekin, edo grungea txeloarekin, eta grungea eta hardcorea asmatuta daude aspalditik, eta horiek entzutea ez zaigu hain arrotz gertatzen. Baina entzuten duzu horrelako musika bat gitarra eta bateria ez dagoela eta berehala diozu: ‘Hara, zer gertatzen da hemen?’». Jendeak askotan gustura hartu baina zail gerta dakiokeela ikusita, ordubeteko kontzertuak egiten ditu. «Beste jende batek, musikazaleagoa denak, edo gehiago ulertzen duenak, txeloa horrelako formatuan ikustean primeran pasatzen du. Jakina, jende askorendako txelo bat rock formatuko gauzak egiten ikusten duen lehenengo aldia da... tira, batzuendako txelo bat entzuten duten lehenengo aldia izango da. Normala da, beraz, arrotza gertatu eta apur bat inpaktatuta geratzea. Bigarren aldiz joaten badira ‘Poliedro Vol.1’ ikustera edo beste txelista garaikide bat ikustera, esango dute dagoeneko ezagunagoa egiten zaiela. Immertsio bat egin behar da poliki-poliki».

Ziur daki batek baino gehiagok sorpresa atsegina hartuko duela. Ziur daki, dagoeneko ikusi duelako.