GAUR8 - mila leiho zabalik
«FRATELLI D’ITALIA» GUZTIAK

Giorgia Meloniren alderdiaren izena baino askoz gehiago

Alderdi politiko bat behar bezala eraikitzeko gako nagusietakoa izen egoki bat topatzea da. Bete-betean asmatu zuen Silvio Berlusconik «Forza Italia» erabiltzea erabaki zuenean. Baina «Fratelli d’Italia» ez da gutxiagorako. Bi hitz horiek ospe handikoak baitira Italian. Giorgia Meloniren alderdi ultraeskuindarra da hitzon hedapenaren azken erakusle, baina aurretik adibide ugari daude, batzuk benetan bitxiak.

Giorgia Meloni, hauteskundeetan lortutako garaipena ospatzen, alderdiaren logoa atzean duela. (Andreas SOLARO / AFP PHOTO)

Egia esan, Italiako ereserkiaren benetako izena ez da Fratelli d'Italia, “Il canto degli italiani” (italiarren kanta) baizik. «Fratelli d'Italia» lehendabiziko bertsoa da eta, abesti liriko askorekin gertatzen den bezala, kantuaren izena bilakatu da askorentzat. “Mameliren ereserkia” ere deitu izan zaio, Goffredo Mamelik idatzi zuelako letra. Musikari baten ekarpena ere izan zen, jakina, Michele Novarorena.

Baina zer sortu zen lehenago, arrautza ala oiloa? Iturri batzuen arabera, Novarok Mameliren bertsoak irakurri zituen eta musika jarri zien. «Fratelli d'Italia/ l'Italia s'è desta» –Italiako anaiok/Italia esnatu da–. Desta hori arkaiko bezain xarmagarria da, normalean svegliata edo sveglia erabiltzen baita. Eta desta hori destra-ren (eskuina) oso antzekoa ere bada, horregatik Melonik hauteskundeak irabazi dituenean eskuineko egunkarietan izenburu hau nabarmendu da, “L'Italia s'è destra”, hitz jokoa eginez.

Baina Goffredo Mameli ez zen ultraeskuindarra. Genovako familia noble batean jaio zen, 1827. urtean, garai hartan eta Italiako batasunari begira oso hiri garrantzitsua zen Genovan.

Genovakoa zen Giuseppe Mazzini ere, agian penintsulako independentzia lortzeko filosofo eta intelektualik erabakigarriena. Liguriako hiriburua Savoia Erreinuko porturik inportanteena zen eta Mazziniren ustez Italia, XIX. mendearen hasieran oraindik osatu gabe zegoena, «bat, aske eta errepublikanoa» izan behar zen. Zoritxarrez orduan kontrakoa gertatzen zen eta Savoiako Polizia behin baino gehiagotan Mazzini espetxeratzen saiatu zen. Giuseppe bizkorrak ihes egin zuen; Frantziara, Toscanara (orduan estatu autonomoa zen) edo Londresera.

Mazzinizale pilo bat bazen, ordea, oraindik Italia deitzen ez zen lurraldeetan. Besteak beste, Mameli bera eta Giuseppe Garibaldi, independentziaren alde lan iraunkorra eginez. Risorgimento-ren sustraiak ziren horiek, baina etorkizuna zalantzaz beterik agertzen zen oraindik. Nork hasi behar zuen prozesua? Nor izan behar zen babeslea?

Savoiako Erreinuak lehen kolpea eman zuen azkenik, 1848an, Austriaren kontrako gerran. Karlos Alberto erregeak sua piztu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan, beste erreinuen artean (Toscana, Parma, Napoli, Aita Santuen Lurraldea) benetako bidelagunik ez zuelako.

Hondamen giro hartan zenbait gaztek irrikaz eusten zioten ametsari. Adibidez, Mamelik poesia batzuk idatzi zituen, haien artean “Il canto degli italiani”, oraindik existitzen ez zen aberri hari eskainiak. Bertsook burgesiaren klubetaraino iritsi ziren, eta halako batean musikari baten belarrietara heldu ziren, kasualitatez Michele Novaro ere genovarra zelako. Hunkituta, Novarok berehala sinfonia bat paratu zuen, baina Mamelik ia ezin izango zuen abesti hori entzun, 1849an Garibaldiren ondoan borrokatzen hil zelako.

Erroman iraultzaile mazzinizaleek boterea hartu zuten, kaosa baliatuz, eta Pio IX.a aita santuak Gaetara ihes egin zuen. Errepublika sortu zen, Mazzini buru, Carlo Armellini eta Aurelio Saffirekin batera. Bost hilabetez eutsiko zioten honi, Aita Santua itzuli arte, Frantziako Napoleon III.aren babesarekin, 1849ko uztailean. Gianicolo muinoan bataila oso odoltsua izan zen, hildako askorekin: besteak beste, Mameli bera. Erromako Errepublikaren ibilbide motza han bukatu zen, Pio IX.ak Elizaren Estatua berreskuratu zuenean.

Mameli hilik, eta Novaro? Bera ere zorte gutxikoa izan zen. Pobrezia larrian hil zen, 1885. urtean. Baina Italia Errepublika bihurtu zenean, 1946an alegia, “Fratelli d'Italia” ereserki ofiziala bilakatuko zen, “Marcia Reale”-ren ordez.

Gaur egun Erromara joanez gero, Gianicolo muinoan ikusiko dituzue 1849an borrokan parte hartu zuten abertzaleen omenezko oroitarriak. Garibaldik, estatua handi batetik, dena menderatzen duela dirudi: bere alboan, txikiagoak baina bera bezain garrantzitsuak, Goffredo Mameli eta beste gudariak. “La grande bellezza” filma Gianicolon bertan hasten da.

Geroztik, hamaika artistak “Il canto degli italiani” abestuko zuten, bakoitzak bere estiloa eta ñabardurak ematen. Esate baterako, Al Banok, Romina Powerren senar ohiak. Bere disko batek, hain zuzen ere, “Fratelli d'Italia” dauka izena.

«Betirako italiarrak»

Italiak independentzia 1861ean lortu zuen azkenik, baina oraingo forma osatzeko eremu asko falta zen oraindik, ipar-ekialdea, esate baterako: Trentino, Dolomitak eta Friuli, Trieste barne. Habsburgotarren Inperioa nagusi zen oraindik eta bertako biztanle asko italiar sentitu arren Austria-Hungarian bizi ziren. Irredentista delako haiek Lehen Mundu Gerran protagonista izan ziren. Ia denak hilko ziren frontean borrokan, beste aldean jakina, edo Austriako auzitegiek heriotza zigorra jarrita. Besteak beste, Cesare Battisti Trenton edo Nazario Sauro Triesten. Izen horiek guztiak (Fabio Filzi, Scipio Slataper, Guglielmo Oberdan...) topa ditzakezue gaur ere Italiako kaleetan.

Nazario Sauroren bizitzari buruzko pelikula biografiko bat bada, 1952an egina. Izenburua, “Fratelli d'Italia”. Sauro Koperren, gaur egun Eslovenian den hirian, jaio zen. Italiarrak sentitzen zirenek Capodistria deitzen zioten leku horri. Bere ideien alde egitea bizitzarekin ordaindu zuen Nazariok esaldi hau utzi zuen: «Gu lehenik eta behin, betirako italiarrak izango gara». Melonirentzat oso gustuko hitzak dira.

Guztiz kontrakoa da, tonuari dagokionez, “Fratelli d'Italia” 1989ko pelikula. Komedia peto-petoa, barregarria nahiz eta apur bat matxista izan. Hiru atal ditu filmak, nahiz batak bestearekin zerikusirik ez duen. Zati bakoitzak protagonista ezberdin bat du. Euren arteko lotura, Fiat Tipo bat.

Lehen atalean Erromako oinetako saltzaile batek ilaran aurrera egiten du itxoin gabe, ferrya ez galtzeko, industria gizon baten semea dela esanez, baina azkenean ezin du itsasontzia hartu eta etxerako bidean benetako enpresari baten alaba topatzen du kasualitatez. Neskak uste du lagun berria «vip» bat dela eta bere luxuzko itsasontzira gonbidatzen du. Zalaparta dexente aterako du protagonistak.

Bigarrenean, Veronako langile bat bere enpresaren buruaren emaztearekin (nor eta Sabrina Salerno!) flirteatzen ari da. Emakumearekin hitzordua lortzen du eta ihesaldia prestatzen dute biek, senarra antza kanpoan denean. Baina bikotearen abentura ez da ondo amaituko.

Hirugarrenean milanzale amorratu batek Erromara joan behar du futbol partidu bat ikustera. Autoan doala, itxuraz bi «tifosi» gorri-beltz direnekin elkartzen da (Romolo eta Remo), baina erromazaleak dira benetan, bere taldearen aurkakoak alegia, milanzalez mozorrotuta ibili arren. Talka handiak biziko dituzte Erroman.

Baliteke gaur egun, ereserkiarekin batera, “Fratelli d'Italia” hau famatuena izatea, sare sozialei esker bereziki.

«On the road» bezala

«Italian bada une sorgindu bat, non promesa eder baten kategoriatik ohiko astakeriara pasatzen garen. Zorioneko gutxi batzuek dute bakarrik irakasle errespetatu baten duintasuna». Gutxi gorabehera, Alberto Arbasino idazlearen ikuspegia da.

Gizon hau goi mailako erreferentzia izan da Italiako kultur munduan, hil arte, 2020. urtean. Bere bizitza laburtzea oso zaila da, alde eta erpin askotarikoa baita. Idazle, kritikari, telebistako aurkezle, kazetari, gidoilari, Alderdi Errepublikanoaren ordezkari, hitz edo esaldi berri batzuen sortzaile... hori guztia eta gehiago izan zen Arbasino.

Gizartearen ikusle eta ikertzaile aparta, beti tonu ironiko batez. Aldi berean burgesa, oso burgesa. Bere familia oso aberatsa zen. Baina horren gainetik, politikoki ez-zuzena beti. Bere ikuspuntuak interesgarriak ziren, iritzi artikuluetan jasoak edo eleberrietan. Zenbait pertsonaia ospetsuri egin zizkien elkarrizketak irakurtzekoak dira: “Ritratti italiani” (erretratu italiarrak) liburuan daude.

Esnob, homosexual eta dandy-a, 1963an argitaratu zuen bere idazlanik famatuena Arbasinok: “Fratelli d'Italia”. Jack Kerouac-en “On the road” bezalakoa da, lagun batekin egin duen bidaia bati buruz mintzo baita. Bidaia mugagabea da, nahasia eta zentzugabea, baina gizartearen kritika sakona, tarteka oso gogorra, azaleratzen da.

Liburuan ageri den Italia boom ekonomikoarena da, jende guztia (edo behintzat gehiena) diruz ondo hornitua da, denak pozik bizi dira, musika entzuten eta edonon dantzatzen. “Il sorpasso” pelikularekin antzekotasunak baditu.

Abangoardia artistiko baten burua zen Arbasino, Gruppo 63 izeneko taldekoa, Umberto Ecorekin, beste askoren artean. Beraz, “Fratelli d'Italia” hau nolabait «postmodernoa» zen eta behin baino gehiagotan berridatziko zuen Arbasinok, 20-25 urtetan zehar. Eleberria ez da irakurtzeko erraza, narrazioa zuzena ez delako eta digresio asko barnebiltzen dituelako, baina Arbasinoren estiloaz jabetzeko bikaina da.

Kazetari lanetan, egunkaririk garrantzitsuenetan kolaborazioak egin zituen: “Il Giorno”, “Corriere della Sera” eta “La Republica”, adibidez. Asko bidaiatzen zuen eta kulturalki oso jantzia zen. «Infernura, sinesten dutenak joango dira», irakur dezakegu “Fratelli d'Italia” ezinbesteko honetan.