GAUR8 - mila leiho zabalik

Urratsak


Ibili. Bide ibiltaritza, noraezean ibili, oinez ibili. Ibiltzearen ekintza deskribatzeko hitzetan nahasten da ibiltzean zapaltzen dugun bidearen izaera, zertarako eta nola egiten dugun ibilian gure ekintza. Baina ibiltzeak badu deskribapen motxila horiek askatzeko aukerarik, gure gorputzari bertikaltasunean mugitzen den aktibitate soiletik bakarrik begiratzen badiogu. Gizakiaren gorputz hezurdura eta giharrak ibiltzeko diseinatuak dira, gure animalia espeziearen berezitasun fisiko nagusietako bat izateraino; hala esan dit lagun osteopatak. Ibiliz goaz helburu batekin edo ibiltzearen plazer hutsagatik. Ez dugu besterik behar. Altxatu eta ibili.

Ibiltzearen esentzialtasunak biltzen dituen pentsamendu alor anitzak direla-eta, ibiltzearen ekintzaz luze idatzi da: Henry David Thoreau, Rebeca Solnitt, Francesco Careri, David le Breton... Filosofiatik askotan heldu zaio gaiari eta denek konpartitzen dute munduaren aurrean ekiteko manifestu antzera funtzionatzen duela oinez ibiltzearen erabakiak. Ze, hautu bat izatera iritsi da, posizionamendu ideologiko bat baita. Munduan egoteko baieztapen bat, honela: autoaren aurrean, ibiliz mugitu; kontsumo aisialdiaren aurrean, ibili; gauzak egitearen produktibotasunaren aurrean, ibili. Informazio zaratatsuaren aurrean, ibili. Konpetitibitatearen aurrean, ibili.

Basotik paseatzeak gainera, badu izen propio bat gure artean modan jarri dena: Shinrin Yoku. Japoniako osasun publikoak asmatu zuen ekintza osasungarri ofiziala izatera iritsi da, lurraldeak bizi izan zuen gaixotasun garai latz baten aurrean sorturikoa. Gaixotasunaren aurrean, ibiltzearen ekintza soila testuinguru natural batean praktikatzea osasunean modu positiboan eragiteko errezeta zela frogatu zuten. Osasun onuraren ideia honek ulermen holistiko bat ekartzen digu –estetikoa, espirituala eta fisikoa–, Mendebaldeko gizarteari hainbeste kostatzen zaigun ulermen bat. Ez da ariketa fisiko bat bakarrik; ibiltzeak gure gorputza ingurua entzuteko prestatzen du, gure taupaden erritmoa errespetatzera jartzen gaitu, gure egotik desplazatzen gaitu eta ingurua ulertzeko eta parte sentitzeko kanal bat da.

Horregatik faltan botatzen dut arkitektura unibertsitatean ibiltzearen ekintza funtsezko ikasketa metodologia gisa ez kontsideratzea, antropologian, geografian edo etnografian bezalaxe. Lurralde bat ezagutzeko zapaldu egin behar da ezinbestean. Ez soilik material aldetik zapaltzen duguna zertaz egina dagoen jakiteko, baizik eta detaileak sumatzeko, harridura pizteko, jendartean egoteko eta sentitzeko, eta norberaren lekuaren esperientziaren bitartez tokia diseinatzeko aurre-ariketa gisa.

Jane Jacobs hirigilearen “Jacobs paseoak” egiten dira hiri askotan: hiria ezagutzeko eta komunitatearekin bat egiteko paseatzea aldarrikapen gisa defendatu zuen. Emakume honek dagoeneko nabarmendu zuen 60ko hamarkadan ibiltzearen ekintzaren potentziala, giza urratsen jarraibide eta gizakia inguratzen duen ikasbide bat baita, ekosistema sozio-urbano-naturala sentitzetik ulertzera egiteko urratsa. •