2022 URR. 22 Bizitza elikatu Itziar Elizondo - @itziarelizondo Harremanak Elkartea Akaso gurea bezalako gizarteetan ahalegin handirik egin behar ez dugunez gosea asetzeko, hura beste leku batzuetara desbideratzen dugu. Hala, niaren aterpean hamaika gose proiektatzen ditugu gure ezdeusa despistatzeko: betiko jakin, atsegin, diru edo ondasun goseari gehitu beharko zaizkie egungo sareetakoak, like eta match gose bezalakoak. Gauzak horrela, janariak modu errazean eskuratze horretan distira guztiak ez dira urre. Elikagai ultraprozesatuak, gantz, azukre eta gatz indize altuak dituztenak, superkalorikoak izateaz gain merkeenak dira. Industriak diru asko inbertitzen du asmatzeko zenbatekoa izan behar den elementu horien kantitate zehatza kontsumitzailea bere zaporearekin engantxatzeko. Horri bliss pont deritzaio, Howard Moskowitzek sortutako terminoa. “Zoriontasun puntu” hori gutxi balitz bezala, plazera pizten duten produktu industrial horiek jaten ari garen baino kaloria gutxiagoko sentsazioa eragiten digute. Bestalde, gure bizitza estiloak ere ez du laguntzen. Gero eta denbora gutxiago ematen dugu sukaldean elikagai freskoekin jakiak prestatzen, eta gero eta gehiago deitzen dugu janaria etxera ekar diezaguten. Laburbilduz: produktu merkeak, adiktiboak eta osasunerako kaltegarriak gero eta gehiago kontsumitzen dira, horrek osasunean eta planetan dituen ondorioetan pentsatu gabe. Izan ere, gure elikatzeko moduak planeta eraldatzen du, eta beraz horretan erabakitzen duguna ez da neutrala. Esaterako, jarraituko al dugu gure haragi gosea martxa honetan asetzen? Munduko aziendek urtero berotegi efektuko 8.000 milioi tona gas botatzen dute atmosferara. Abeltzaintza industriak larreetarako eta landaredi-soroetarako lur asko behar du animaliak elikatzeko, eta horrek basoen soiltzea dakar. Zuhaitzak desagertzean, atxikita duten CO2a atmosferara askatzen da berotegi gas gehiago eraginez. Eta azkenik, ustiapen intentsiboaren ereduak lurzorua eta urak kutsatzen dituzten simaur kopuru izugarriak sortzen ditu. Gobernuek nekazaritza ustiategi txikien aldeko apustua egin beharko lukete, monolaborantzako landaketa handien gainetik. Hau da, irabazien aurretik jartzea pertsonen eskubideak, ekoizleenak eta kontsumitzaileenak, eta planetaren babesa. Eta guri dagokigu bizitza beste modu batean elikatzea, egungo kontsumo ohiturak zalantzan jarriz. Kontrakoa kamera geldoan suizidatzea da, gizabanako gisa orain, planeta gisa etorkizunean. •