GAUR8 - mila leiho zabalik

Kopa bat ardo


Alaitu egiten nau kopa bat ardo eskuan euste hutsak irribarre bihurria ateratzeraino, bai baitakit sentsazio ugari eta ezberdinez betetako abenturara jauzaraziko nauela.

Txuri zein beltz, sudurrera hurbildu eta sentitu egingo ditut ardoaren hegiak ardoa osoa, kolore magikoetan, beira txuri mehean isurtzen dituen malko lodiak irristan, itsas brisaren kolpez lez sakon sudurreratuz, mihi bazterretatik eta aho sabaitik eztarrian gorpuztuz barrura, sabelera, begi itxietatik ikusiz, dastatuz…

Eskuan kopa bat ardo daukanak altxor bat dauka. Ardo trago bakoitza bat eta bakarra da. Hurrengoa beste bat da. Bera, ni eta ingurua, hiru protagonistok aldakorrak baikara, ala ez duzu inoiz sentitu bi girotan edandako kopa ardoak sentsazio ezberdinak eragitea nahiz etiketa berdineko botilakoak izan?

Alaitu egiten nau ardoak, irekiz nire poro oro eta begien kliska bakoitzean eskuz maitekiro zaindutako Arabako mahasti zaharretako lurrinez ene azal sentibera blaitzeraino.

Errioxa jatorri izendapena (567 upategi) bodega-enpresa ekoizle handien eskuetan dago eta mozkinak biderkatzea dute xede bakar. Nola ez, upategi txikiak aspalditik sentitzen dira kaltetuak sor-markak ez dituelako beren lana eta berezitasunak zaintzen, eta gaur da eguna 15 upategik Errioxa abizena alboratu eta Arabako Mahastiak jatorri izena sortu dutenekoa.

Nago baina sor-marken berezko gaitza dela beren printzipioak mahats zukua lez hartzitzen uztea parte direnen interesen arabera.

Nik, halere, upategi ausarten eta Arabako mahastien alde, kopa bat ardo eskuan, topa! egingo dut. •