2022 URR. 29 Onddo eder batzuk bilduz baikortasunez hausnarrean Mikel Zubimendi Onddo batzuk biltzen ibili naiz, bakarrik, sonanbulu, basoan bakarrizketan suelto, mundua konpontzeko pronto. Eta bai, kolapso ekologikotik libratzeko, kontua ez dela hainbeste gauza berriak egitea gauza zaharrak egiteari uztea baino. Utopia teknologikoak ez gaituela libratuko, egungo egoera ez badu desafiatzen. Baikor izateko gogoak kentzen dizkidate gauza askok, eta esaten didate baikortasun irrazional eta arriskuen pertzepzio oker batek zuzen garamatzala hondamendira. Baikorrek besaulkian jarrita itxaroten besterik ez dakitela, egonean egoten, istorio polit baten zain, amaiera eder batekin, Disneyren bertsioan. Hala ere, baikorra naiz. Eta baikortasuna behar dugu. Jakina badaudela baikor izateko oinarri batzuk, eta ez preseski maitagarrien ipuinetan. Badakit barre egin edo serio hartuko ez nautela, agian, baina gauzak ondo aterako direla uste dut. Munduan eta gure herrian desordena, arrangura eta iskanbila dira nagusi. Gerrak, pandemia, Italian Meloni, Suedian ultraeskuindarrak gobernua sostengatuz, AEBetan emakumeen erabakimen librea edo gorputz autonomia erasopean, eta Euskal Herriko zerrenda ez gara egiten hasiko, ze bestela... Eta baikorra izan nahi dut, amore ematen hasia naizela maiz sentitzen dudan arren. Eta basoan galdurik, baikortasun seinaleen bila jarraitzen dut. Ez nau asetzen hazkunde ekonomikoa zoriontasunarekin parekatzen duen pentsamendu tradizionalak; kezkatzen nau gure gazteek institutuetan nabarmentzen dituzten hainbat jarrerak, feminismoaren kontrakoak adibidez. Ez diet errua egozten, diskurtso horrekin hauteskundeak irabazten direlako, ia nonahi. Agian ezkortasuna negozio biribila da, bestela ez dut ulertzen nola dituen hainbeste bozeramaile eta kontakatilu. Aski da telebista edo irratia piztea ohartzeko. Beti berdin, “Titanic”-en goazela eta izozmendia hor bertan dugula, parez pare. Gero, aurreikuspen horrekin ezkortasunaren lotsagabe edo bokaziozko ezkor bihurtzen direnak daude. Beldur dira baina ezin dute jasan beste batzuk berdin ez sentitzea. Eta beldurra gurtu egiten dute, nonahi, ile apaindegietan edo burdeletan. Eta “Titanic”-en kontakizuna sinesten ez dugunoi, edo, zentzu askotan, gaurko mundua iraganekoa baino okerragoa ez dela, bada, txakur famatua botatzen digute, berdurak ez jan eta besteek jaten uzten ez duena. Edo politika egiten ez duen klase politikoa, politika egiten ez dakielako. Kexua eta marmarra, ahots baikorrak entzun ez daitezen. Eta hala ere baikorra naiz. Baikortasun delirante bat, errealismo magiko ukitu batekin, praktikatzen dudala egotziko didaten arren. Imajinatzen dut geroa, etxean maizter izateari uzten dion herri librea, euskaldunagoak, gure lurrarekiko gizalegezkoago, bere aberastasun eta bitxikeria guztietan. Agian ez da ikuspuntu logikoa, baina ez esan sinesteko gogoa ematen ez duenik!? Ez, onddo bila eta geroko letrok ez dira zorion beteaz, kantatzen duten txoriez eta goizero esnatzen den eguzkiaz idazteko ariketa bat. Eta bai, baikortasuna politikaren tresna bat da, ezinbestekoa. Eta bai, baikortasuna ez da politika baten oinarria izan behar, konbikzio pertsonala ez da egoeraren diagnostiko zehatz batekin nahastu behar. Horregatik da hilgarria errealismoaren eta baikortasunaren arteko dibortzioa, gauza bat delako aspirazio indibiduala eta, oso bestelakoa, politikaren zentzuzko errealitatea. • El optimismo es un instrumento imprescindible en política, pero no debe ser su base, no debe confundirse la convicción personal con un diagnóstico certero de la situación