GAUR8 - mila leiho zabalik

Saririk ez Miciusentzat


Micius, edo Mozi, Kristo aurreko V. mendeko txinatar filosofoa izan zen. Argazkilaritzaren jatorrian dagoen kamera ilunaren asmatzailetzat hartzen da, eta bere idatzietan Newtonen lehenengo legearen (edo inertzia legearen) antzinako jatorri bat topa daiteke. Jainkoak dadoekin jolasten duenetik halako kasualitate handiak gertatzen dira, antza, eta ezagutzen ez nuen pertsonaia honi loturik topatu dut nire burua, kamera ilunekiko pasioagatik batetik, eta bihar bertan hasiko naizelako dinamikaren legeak aztertzen ikasleekin. Eta nola heldu naizen pertsonaia honetara? Bada, bere izena daramalako komunikazio kuantikoak iraultzen ari den satelite txinatarrak.

2016an orbitan jarri zutenenik, gutxienez hiru bider astindu du zientzia komunitatea bere lorpen harrigarriekin. Lehena (eta apika txundigarriena) 2017ko udan, 1.200 kilometrotik gorako distantzian lortu zuelako korapilatze kuantiko batek arrakasta izatea, ordura arte 100 bat kilometrora bakarrik lortzen zenean. “Science” aldizkarian argitaratu zen aurkikuntza eta astekari honetara ere ekarri nuen berri harrigarri hura “Zibersegurtasuna ala autodefentsa digitala?” artikuluarekin.

Urte bat beranduago, gako kriptografikoak modu seguruan elkartrukatzeko erabili zen Micius, errele fidagarri bezala, Europa eta Txina artean, 7.600 km-ko distantziara, soilik satelitean bortxatzen ahal zen komunikazioa eraikiz. Urte bat beranduago, 2019an gauzatu eta 2020an “Nature” aldizkarian argitaratu zen topatu dudan azken hitoa: 1.120 kilometro arteko distantzian korapilatze kuantikoan oinarrituriko enkriptatze kuantiko segurua egin zuten. Delingha eta Nanshan hirien artean, 372 biteko informazio transmisio segurua lortu zuten zientziak oraindik azaltzerik ez duen fenomeno kuantiko batean oinarrituz.

Eta zergatik jarri ote naiz Miciusen pentsatzen orain? Bada, erabat txundituta gelditu naizelako aurtengo fisikako Nobel sariaren berri irakurri dudanean (eta aldizkari askotan bilatu dut berri bera), ez delako txinatarren abantaila tekniko honetaz hitz erdirik esan, saria korapilatze kuantikoaren gaineko aurrerapen teoriko eta praktikoari eman zaionean. Jakina da, Nobel sariek helburu propagandistiko handia dutela, eta hain zuzen, atzeratua dagoen Mendebaldean, komunikazio teknologia kuantiko hau bizkortzeko helburua izango duela sariketak, baina hortik eta Micius erabat desagertzera badago salto bat. Izan daiteke despistea, hainbeste informazioren artean itota gabiltzala, edo Mendebaldeak Ekialdeari planteatu dion gerra eskenatoki berrian hobeto dela Ekialdearen gaitasunak iluntzea. Era batera edo bestera, Miciusen laguntzaz txinatarrek komunikazioan duten abantaila ez dute berehalakoan geldituko, ez bada inertzia hori gelditzeko moduko indar bat aplikatzen dela, ezta Newton? •