2022 ABEN. 23 Dena aldatzen da? Miren Azkarate Badiola Beste urte bat joan zaigu, 2022ak ere agur esango digu egun gutxi barru. Norbaitek esango dit zergatik pasatzen zaizkidan orain urteak hain azkar. Nire amak aspaldi abisatu zidan: «30 urtetik aurrera urteak binaka bezala igarotzen dira». Amak arrazoi, edo ez hainbeste, zeren eta binaka baino gehiago launaka ari zaizkit joaten azken hamarkada honetan. Tira, eta jarraitu dezatela pasatzen, e? Alternatiba baino hobea baita… 2022ak albiste ugari utzi dizkigu. Denak errepasatzeko lekurik ez dago hemen. Ines Osinagaren ahotsean entzun dezakegun Mercedes Sosa handiaren abesti handi batek dio: «Dena, dena aldatzen da, dena aldatzen da». Eta bai, egia da aldaketak egon direla atzean uzten ari garen urte honetan. Mundu mailakoak batzuk, gertuagokoak besteak eta pertsonalak ere bai. Baina hala ere, badira aldatzen ez diren gauzak, asko, gainera; eta hona bakar batzuk ekarri nahi nituzke gaurkoan, izugarri kezkatzen nautelako. Batetik, euskal presoen aurkako eraso eta mendeku zikina, adibide gisa 70 urtetik gorako lagunarena, 3. graduan egonik berrespetxeratu dutena. Bigarrena, palestinar herriaren aurkako genozidioa. Hirugarrena, etxegabetzeak, berdin izanik haurrak eta agureak egotea tartean. Eta azkena, migranteen egoera makabroa; burutik ezin kendu nabil barku erraldoi bateko popako helizeen gainean eserita egunak igaro zituzten pertsonen irudia. Dena ez da aldatzen ez, edo agian bai, aldatzen da baina okerrera. Badugu zer hausnartu eta zer borrokatu datorren urtean ere, aldaketak hobera izan daitezen. 2023an espero dut aldarrikapenez betetzea gure kaleak, zertaz kexatu badugu eta zer aldatu ere bai. Kalean ikusiko dugu elkar. •