GAUR8 - mila leiho zabalik

Balio du


Greba zertarako?, galdetu dit, eta azaroaren 30ean zaintza lanak plazara aterako ditugula erantzun diot. Mugikorra hartu eta deitzaileek markatutako lau puntuak irakurri dizkiot, hasieran izenburuak bakarrik; arretari eusten diola frogatzean, azalpen luzeagoak ere bai. “Zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatzeko. Zerbitzu publikoen prekarizazioa eta pribatizazioa salatzeko. Zaintzen antolaketa patriarkal eta arrazista aldatzeko. Zaintzaileentzako lan baldintza duinak exijitzeko”.

Mesfidantzaz egin dit so. Ez dut konbentzitu. Eskatu nori?, jakin nahi du. Erakunde publikoei, enpresei. Sanchezi? Berari ere bai, baina hemengoei lehenbizi. Adituko dute? Bai. Hainbertze manifestazio gelditzen dira deusetan... Zuregatik balitz, ez zen inolako protestarik antolatuko. Oroitu 2018an emakumeen greba egin zenean zer mugarri paratu zen, ordutik ari gara han eta hemen zaintzaz solasean. Zu ere zaintzaile zara.

Ni? Norena? Hor jada irria atera zait. Nola norena? Gu guziena!

Ederra litzateke herrian prestatu dugun mahai-inguruan testigantza ematea, baina badakit ez zaiola halakoetan hitza hartzea gustatzen. Mendekotasun handia duen gaztetxo baten ama, adinekoen egoitzako langile bat, adineko baten zaintzailea, behar bereziak dituzten pertsonen zentroko langile bat eta zaintzaile egoiliar bat bildu dira. Etxeetan ari diren langile hauek bizi duten egoera zaurgarria eta aunitzek jasaten duten indarkeria matxista azaleratu dira.

Zu eta biok ere joaten ahalko ginateke. Orduan denak! Ama zarenean badakizu zer tokatzen zaizun. Etxekoak eritzean edo zahartzean ere bai. Beti egin da. Bai, baina orain gehiago bizi gara, jaiotza tasa behera doa eta etorri berriak ari dira gure etxekoak zaintzen. Haur eskola eta egoitzetara ere jotzen da, baina horretarako aukera ez dago bermatuta. Eta garrantzitsuena, borroka feministari esker ez gaude prest bertzeak zaintzearen truke gure bizitzari uko egiteko.

Nire amatxietatik nigana alde handia dago horretan. Mugitzeak balioko ez du, bada! •