GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Zeinen eroso

«Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroa» inauguratzeko 2021ean egindako ekitaldia. (J. FONTANEDA | FOKU)

Moralaren asuntoa beti zaila iruditu zait. Batez ere hori modu absolutuan ulertzen denean, testuinguru eta gertaera zehatzetatik aldenduta. Pendiente nuen bisita, gasteiztarrok Etium deitzen diogun museo horretara (Artium museoaren alter ego terrorista). Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroa. Moralkeria merke dosi handia zen espero nuena eta ez ninduen desengainatu. Lagun baten konpainia behar izan nuen, egia esan, beldur pixka bat ere ematen baitzidan han bakarrik sartzeak.

Mezua, irudiak, giroa… esperotakoa. Baina ez nuen espero nerabeentzako bideojoko bat ere topatzea. Lehen pantailak horrela zioen: «Gure institutua birus terrorista biologiko batek kutsatu du eta ikasleak terrorismoaren alde jarri dira. Solastatu zure ikaskideekin eta konbentzitu terrorismoaren defentsa alboratu dezaten». «Zer??», esan nuen, gidoiaren originaltasuna sinetsi ezinik. Edo, hobe esanda, sinetsi ezinik norbaitek hain sinplista zen zerbait planteatu dezakeenik.

Pantailaz pantaila jokoan aurrera egiten joan nintzen. Formatua bi ikasleren arteko elkarrizketarena zen. Batak terrorismoaren aldeko argudio bat esaten zuen. Horrela, besterik gabe, terrorismoaren alde. Beste ikasleak kontrargudioarekin erantzuten zion. Zuk, jokalari bezala, bietako zeinek duen arrazoia aukeratu behar zenuen. Asmatuz gero, terrorismoa defendatzen zuenak erantzuten zuen: «Noski ba, nola ez naiz lehenago konturatu?». Okertu eta terrorismoaren aldeko argudioa aukeratuz gero, eskuak burura eramaten zituen beste ikasleak: «O ez! Birusa oraindik hemen dago!».

Adibidez, «poliziak beren ideiengatik jazartzen ditu», batak. Eta besteak, «ez, ekintza terroristak egiteagatik jazartzen ditu». Hori da maila, hori. Edo «terroristek helduak bakarrik errekrutatzen dituzte, ekintza terrorista eraginkorrak egiteko», batak. Besteak, «ez, gaztetxoak errekrutatzen dituzte, ahulagoak direlako». Enpin, barre edo negar, zailtasunak nituen konpostura ez galtzeko museo horretan.

Ba horrela, terrorismoa, modu generikoan. Alde edo kontra. Lau esaldi erraz eta beraiek erabakitzen dute terrorismoaren birusak kutsatuta zauden edo ez. Modu kirurgikoan ulertzen dute gizartea eta, terrorismoa, erauzi beharreko gaixotasun gisa. Ez dago inolako hausnarketarik. Mundua erraz eta eroso banatzen dute: «giza eskubideak ala terrorismoa». Eta aurrera. Terroristak, kutsatutako gaixoak; gainontzeko guztiak, heroiak.

Zein eroso bizi diren batzuk horien absolutu moralekin. Berdin da noiz, zer, nola, zergatik, zeren ondorioz… Barne Ministerioak finantzatutako museo batean, ez nuen besterik espero. Baina aurrekoan Anoetan Realeko zaleek antolatu zuten protestak ez nuen uste halako kiribilik izango zuenik. EHUko errektore ohi batek Palestinan gertatzen ari den genozidioaren aurkako protestaren inguruan honako balorazioa egitea beste ideia hoberik ez zuen izan. Ea non ote zeuden horien protestak ETAk euskaldunak hiltzen zituenean. Bueno, hori bada maila, eztabaidarako batzuk oraindik ez daude prest. Iraganaren eta orainaren inguruan konplexutasunetik hausnartu nahi dugunok zain jarraitu beharko dugu. •