2023 ABEN. 02 «Bihar nik egin beharko dut ohea» Amagoia Mujika Greba bezperan, enkargutan. «A zer nolako indarra daukaten feminista hauek!», bota du 70 urte inguruko emakumeak. Harrituta baino, haserre dago. «Tontakeria asko dago gaurko egunean. Greba egunean zer egingo dugu? Etxean garbiketa sakona, egun osoan denbora izango dugu eta». «Bihar nik egin beharko dut ohea», bota du 70 urte inguruko gizonezkoak, «feministen kontu hori omen dago», burlaize nabariz. Zenbat lan daukan egina matxismoak, nolako sustrai sakonak dituen, zein tinko dituen jarriak zutoinak. Ez alferrik, mendeak daramatza jendarte matxista hau eraikitzen, harriz harri, pertsonaz pertsona, eraikuntza sozial eta erakunde publikoen konplizitate sendoarekin. Ez da erraza matxismoa errotik erauztea. Emakume askok ez dute desorekarik ikusten haiek egiten duten zaintza lanaren eta gizonezkoek egiten dutenaren artean. Zaintzari apenas ematen dioten garrantzirik, gustatu ez arren egin beharreko lanetan sartzen dute. Komuna garbitzea bezala. Egin egin behar da eta kito. Eta nola egingo dute hori gizonezkoek? Gauza garrantzitsuagoak dituzte egiteko noski, pertsona garrantzitsuagoak diren neurrian. Eta zer esanik ez gizonezko askoren begiradaz. Ohea egin beharko dutela, bazkaririk ez dutela izango, emakumeen matxinadak fundamenturik gabeko borrokak iruditzen zaizkie, etorri bezala joaten diren kasketatxoak. Ez dute ikusi nahi egunero-egunero ohea egiten duena, arropa garbitzen duena, jatekoa prestatzen duena, haien arazoak entzuten dituena, katarroa zaintzen diena dela benetan bizitzari eusteko duten soka. Hori gabe zulora eroriko lirateke zuzenean, ez lukete bizitza bizigarririk izango. Eta bizitza bizigarriak izatea baino behar oinarrizkoagorik ez dago. Hori bai, denontzat bizitza bizigarriak aldarrikatu behar ditugu. Hainbeste min egiten al du oihu horrek? •