2014 URR. 11 Hildako gerrillariak fabrikatzearen negozioa Leonardo Porras gaztea hil zuten soldaduek akats nabarmenak egin zituzten krimena kamuflatzerakoan. Leonardoren amak, Luz Marina Bernalek, amorruz eta adorez Kolonbiako Armadaren negozio beltza azaleratu zuen: positibo faltsuak. Gazte pobreak bahitu, tiroz hil eta ondoren gerrillariz janzten zituzten, Alvaro Uriberen Gobernuak isilpean emandako dirusariak kobratzeko. Ustez agente publikoek egindako 4.716 hilketaren berri jaso du Fiskaltzak. Nazioarteko begiraleek Estatuaren utzikeria eta konplizitatea salatu dituzte. Luz Marina Bernal, semea dagoen hilerrian. Pablo TOSCO Ander Izagirre | @anderiza Zure semea talde armatu bateko burua zen, komandante narkogerrillaria hain zuzen ere. Armadako Hamabosgarren Brigada Mugikorrari eraso egin zioten eta Fair Leonardo Porras Bernal tiroketa hartan hil zen. Kamuflajez jantzita zihoan eta eskuineko eskuan 9 milimetroko pistola bat zeraman. Azterketek frogatzen dute arma horrekin tiroak bota zituela», esan zion Ocaña hiriko Fiskalak Luis Marina Bernali. Luz Marinak harrituta erantzun zion fiskalari: bere seme Leonardok 26 urte zeuzkan baina 8 urteko ume baten gaitasun mentala, ez zekien idazten ezta irakurtzen ere, gorputzaren eskuineko aldea paralizatuta zeukan, baita eskua ere, tiroak botatzeko erabili omen zuen esku hori bera. Nola izango zen bada gerrillari talde baten burua? «Nik zer esango dizut, anderea, Armadaren txostenean hori jartzen du». Horixe fiskalaren erantzuna. «Gizajoenak aukeratzen genituen» Leonardo Porras 2008ko urtarrilaren 8an desagertu zen Soachan. Bogota ondoko hiri pobre bat da, milioi erdi biztanle dauzkana, gehienak adreiluzko etxola ilegaletan pilatuta, paramilitarren eta narkotrafikatzaileen arteko muga ikusezinek banatutako auzoetan. Egun hartan norbaitek telefonoz deitu zion Leonardori. «Bai, jauna, oraintxe noa», hori besterik ez zuen erantzun, eta anaiari kontatu zion lan bat eskaini ziotela. Etxetik irten eta betiko desagertu zen. Soachan denek ezagutzen zuten Leonardo, “hezkuntza bereziko” mutila, auzolanetan pozarren parte hartzen zuena, kaleak eta parkeak garbitzen, elizan laguntzen, auzokoen mandatuak egiten eskupeko baten truke. Bere gogo biziaz baliatzen ziren zekenak ere bazeuden: adreiluak garraiatzen edo porlana nahasten edukitzen zuten egun oso batez eta amaieran mila pesoko billete bat ematen zioten (0,38 euro). «Leonardok ez zuen diruaren balioa bereizten –dio Luz Marinak–, baina jendeari laguntzeak poza ematen zion. Oso langilea zen, oso lagunkoia, maitekorra. Peso batzuk irabazten zituenean, arrosa gorri bat eta txokolate txiki bat erosten zizkidan. ‘Begira, ama, zurekin gogoratu naiz’, esaten zidan». Alexander Carretero Diazek, aldiz, diruaren balioa ederki bereizten zuen: 200.000 peso kolonbiar jaso zituen (75 euro inguru) Leonardo militarrei entregatzearen truke. Carretero Soachan bizi zen, Porras Bernal familiaren etxetik oso gertu, eta asteak zeramatzan Leonardori lan bat agintzen. Urtarrilaren 8an telefonoz hots egin zion. Elkartu zirenean, landara eramango zuela esan zion, nekazaritza enpresa handi batentzat palmondoak landatzera. Autobusera igo ziren biak eta 600 kilometro egin zituzten Aguachica hiriraino, Norte de Santander departamentuan. Han Dairo Palomino soldaduaren eskuetan gelditu zen Leonardo, Hamabosgarren Brigada Mugikorrekoa, eta honekin beste 150 kilometro egin zituen Abregoraino. «Mutil hura ez zen normala, ez zuen ia hitzik egiten, oso modu arraroan begiratzen gintuen», esan zuen Carreterok epailearen aurrean, lau urte geroago. Militarrei biktimak eramaten zizkien errekrutatzaileetako bat zen Carretero. 21 urteko beste errekrutatzaile batek, epaiketa batean lekuko babestua zelarik, horrela azaldu zuen: «Gizajoenak aukeratzen genituen, eskaleak, drogazaleak, kalean denbora pasa ibiltzen zirenak, dirua irabaztearren urruti joateko prest zeudenak». Lan eskaintza faltsuak eginez, 30 gazte baino gehiago militarrengana eraman zituela aitortu zuen, eta bakoitzarengatik 75 euro jaso zituela. Hamabosgarren Brigadako soldaduei merkatu beltzeko pistolak eta balak ere saldu zizkien, gero biktimei jartzen zizkietenak, gerrillariak zirela frogatzeko amarruetan. Carreterok urtarrilaren 10ean utzi zuen Leonardo militarren eskuetan. Nortasun agiria kendu zioten eta ordutik aurrera paperik gabeko gorpu huts bilakatu zen. Hamabosgarren Brigadaren txostenak zioenez, gorpu anonimo hura 2008ko urtarrilaren 12an, 02.24an hildako gerrillari batena zen, soldaduei tiroka eraso egin zion talde baten buruzagiarena hain zuzen. Plastikozko poltsa batean sartu eta hobi komun batean lurperatu zuten. Ez zen Fair Leonardo Porras Bernal izeneko inor existitu hurrengo 252 egunetan, ez bizirik ezta hilik ere. Luz Marina Bernalek semearen bila igaro zituen 252 egun horiek, polizia etxeetan, ospitaletan, epaitegietan, gorputegietan. Abuztuan Ocañako hobi komun batean topatutako gorpu batzuk identifikatzen hasi ziren: Soachako gazteak denak, Leonardo Porrasen garai bertsuan desagertutakoak. Irailaren 16an auzitegiko mediku batek argazki bat erakutsi zion Luz Marinari. «Nire semea zen. Ikaragarria izan zen ikustea. Aurpegia desitxuratuta zeukan, tiroz josita, baina berehala ezagutu nuen», gogoan du hunkituta. Ocañaraino joan zen, senarrarekin eta beste semearekin, eta han Leonardo narkogerrillarien burua zela eta borrokan hil zela esan zion fiskalak. Uribe: «Ez ziren kafea biltzera joan» Luz Marina Bernalek 54 urte ditu eta mantso hitz egiten du. Eskuak luzatzen ditu, solas lasaia egongelan hedatuko balu bezala, eta solas hori tarteka egia zorrotzekin iltzatzen du. Soachan bizi da, adreiluzko etxe umil batean, eta eraildako semearen gela memoriaren santutegi bihurtu du: kandelak, Leonardoren argazkiak, mundu osoko kartak, egunkarietako notiziak. Semearen erretratu handi bat dauka: bizkar zabaleko gazte bat ageri da, jaka beltza, alkandora zuria eta gorbata urdinarekin, kamerari begi argi liluragarriekin so egiten diona. Erretratua heldu eta aurpegira asko gerturatu du Luz Marinak, begi argi liluragarri berdinak dituen amak. Gero album bat zabaldu du. 2008ko irailean egunkariek argitaratutako azalak dira, Soachako gazteen hilotzak agertzen hasi zirenekoak. Behatz erakuslea izenburuetako baten gainean jarri du: “FARCeko 14 errekluta gazteren hobia aurkitu dute”. Hildakoak gerrillariak zirela zalantzan jartzen hasi zirenean, Alvaro Uribe presidentea bera komunikabideen aurrean agertu zen militarren bertsioa baieztatzeko: «Soachako gazte haiek ez ziren kafea biltzera joan Norte de Santanderrera. Delituak egiteko asmoz ari ziren». «Ez ziren kafea biltzera joan, ez ziren kafea biltzera joan. Zein gogorra izan zen presidentea telebistan entzutea, gure semeak gaizkileak zirela esanez!», dio Luz Marinak. Eskandalua berehala harrotu zen. Auzitegiko medikuek frogatu zutenez, Soachako mutilak desagertu eta bi edo hiru egunera hil zituzten, etxetik 700 kilometrora: Uribek esan zuen hilabete igaro zela desagerpenen eta heriotzen artean, tarte horretan banda bat antolatu eta borrokan aritu zirela adierazteko. Eta hildakoak aurkezterakoan lardaskeria galantak egin zituzten militarrek: zenbait biktimek neurri desberdinetako botak zeramatzaten oin batean eta bestean, gorpuak tiroz josita zituzten baina euren arropek ez zeukaten zulo bakar bat ere, eta aurkitu zituzten eremuan ez zegoen tiro arrastorik. Ustezko komandantea minusbaliatu mental bat zela jakin zenean, eskandaluak gainezka egin zuen. Uribek komunikabideen aurrera atera behar izan zuen berriz ere, oraingoan Juan Manuel Santos Defentsa ministroa –egungo presidentea– eta hainbat jeneral alboan zeuzkala. «Armadako zenbait kide arduragabekeriaz aritu dira, eta, ondorioz, zenbait pertsonek krimenetan parte hartu dute», esan zuen. Gero 27 militar kargutik kenduko zituela iragarri zuen. Baina keinu administratibo hutsa izan zen: ehunka exekuzio estrajudizialen salaketak zabaltzen ari baziren ere, Estatuak ez zuen ikerketa bakar bat ere zabaldu. Are gehiago: salaketak mila modutan oztopatu zituzten, polizia etxe eta epaitegietan. Soachako krimenen ondorioz Mario Montoyak, Armadako komandante nagusiak, kargua utzi zuenean, Uribek enbaxadore izendatu zuen Dominikar Errepublikan. Philip Alston, Nazio Batuen kontalari berezia, Kolonbiara joan zen 2009ko ekainean exekuzio estrajudizialak ikertzera. «Soachako hilketak icebergaren tontorra besterik ez direla ikusi dugu», esan zuen bidaiaren amaieran. Zehatz azaldu zuen militarrek biktimak iruzurrez nola erakartzen zituzten, eta hil ondoren nolako muntaiak prestatzen zituzten gorpuak gerrillarienak zirela erakusteko. Ez zen «Armada barruko sagar ustel batzuen ekimena», Uribek zioen bezala. Kasu asko eta asko zeuden, Kolonbia osoan barreiatuak eta unitate militar desberdinek eragindakoak, eta, Alstonen hitzetan, positibo faltsuak «Armadaren estrategia sistematiko baten parte» ziren. Uriberen Gobernuak ahalegin handiak egin zituen salatutako militarrak babesteko; biktimen senideei, aldiz, ez zien inolako jaramonik egin. Soachan bahitu eta Norte de Santanderren hil zituzten hemeretzi mutil gazteen amek elkarte bat antolatu zuten, Soachako Amak, eta ostiralero herriko plazan elkartzen hasi ziren agintariei justizia eskatzeko. Mehatxuak jaso zituzten. 2009ko martxoaren 7an, Maria Sanabria kaletik zebilen moto bat inguratu zitzaionean. Gidariaren atzean zihoan gizonak salto egin zuen, kaskoa kendu gabe, Sanabria iletik heldu eta paretaren kontra bota zuen: «Atsoa, putakumea, aurrerantzean isilik egongo zara. Gu ez gabiltza jolasean. Segi ahoa zabaltzen eta zure semeak bezala amaituko duzu, aurpegia euliz beteta». Mariaren semeak, Jaime Estiven Valencia Sanabriak, 16 urte zeuzkan eta batxilergoa ikasten ari zen, Soachako kaleetan bahitu, Norte de Santanderrera eraman eta tiroz hil zutenean. Maria gorpuaren bila Ocañara iritsi zenean, semea gerrillaria zela esan zioten. Sei urte igaro dira eta oraindik ez dute ikerketarik hasi, Sanabriak ez daki bere kasua Cucuta edo Bogotako epaitegietan dagoen ere, Fiskaltzan ez diotelako argibiderik ematen. «Badakigu gure semeak domina baten truke hil zituztela –dio–, maila-igoera baten truke, Estatuak ordaintzen zien diruaren truke». 1.400 euro hildako bakoitzarengatik Estatuak sariak ordaintzen zizkien hiltzaileei. Uribek «zenbait militarren arduragabekeria» aipatu eta egun gutxira, Felix de Bedout kazetariak Defentsa ministerioaren agindu sekretu bat ezagutarazi zuen: 029 zuzentaraua, 2005eko azaroaren 17koa, legez kanpoko talde armatuetako kideak “harrapatzeagatik edo borrokan hiltzeagatik” ordainsariak arautzen zituena. Gerrillari xehe bat hiltzeagatik 1.400 euro, buruzagi nagusiengatik 1,8 milioi euro, eta, tartean, beste hiru maila. Sariek negozio beltza abiarazi zuten Armadan: hildako gerrillarien fabrikazioa. Exekuzio estrajudizialen salaketak hirukoiztu egin ziren (2005ean 73 izan ziren; 2007an, 245). Eta oraindik ez zen Soachako krimenen ondorengo salaketa andana iritsi, milaka kasu azaleratuko zituena. Baina Uribe presidentearen politika begiz jotzen hasi ziren batzuk. “Segurtasun Demokratikoaren Politika” deitu zion Uribek bere estrategiari, 2002 eta 2010 artean presidente izan zenean: Estatuaren erasoaldia, militarra bereziki, gerrillak garaitzeko (galera handiak eragin zizkieten baina oraindik ere 9.000 kidetik gora dauzkate), paramilitarrak desaktibatzeko (desmobilizazioa adostu zuten baina praktikan banda berriak sortu zituzten) eta narkotrafikoa menperatzeko (Kolonbiako gatazkarekin erabat txirikordatuta jarraitzen duen fenomenoa). Uribek Armadaren aurrekontua eta jarduera biderkatu zituen. Eta “terrorismoaren aurkako borrokaren” lelopean, herritarren atxiloketa masibo eta arbitrarioak hasi ziren: lehen bi urtetan, 7.000 pertsona bermerik gabe atzeman zituzten, Nazio Batuek salatu zutenez. Herri batera iritsi eta ehunka lagun kartzelatzen zituzten soldaduek, gerrillaren laguntzaile izatearen salaketa generikoarekin, froga edo fundamenturik gabe. «Uriberen politikak askatasun eskubidea modu masibo, sistematiko eta iraunkorrean urratu du», salatu zuten CCEEUU erakundeko begirale kolonbiar, europar eta estatubatuarrek. Opositoreen jazarpena ere abian jarri zuen Uribek. Bere aginte zuzenaren eta pertsonalaren pean zeuden zerbitzu sekretuek kazetari, epaile, politikari, abokatu eta giza eskubideen defendatzaile asko espiatu, grabatu, mehatxatu, difamatu eta jazarri zituzten. Opositore horietako batzuen datuak talde paramilitarrei eman zizkieten, erail zitzaten. Eskandaluok komunikabideetan azaldu zirenean, epaitegietara iritsi zirenean, Uriberen oso gertuko lankideak zipriztindu zituztenean, presidenteak barkamen eskaera xume bat egin zuen Twitter bidez eta delitu gehienek, prozedura judizialen moteltasunarengatik, preskribatu egin zuten. Hildako gerrillarien kopurua handitzeko presioarekin, eta isilpean agindutako ordainsarien pizgarriarekin, Armadak exekuzio estrajudizialak biderkatu zituen Uriberen urteetan. CCEEUU erakundeak 3.796 exekuzio estrajudizial dokumentatu zituen 1994 eta 2009 artean, eta horien arteko 3.084 epe horren bigarren zatian gertatu ziren: Segurtasun Demokratikoaren Politikaren garaian, hain zuzen. Hilerriaren sarreran, Luz Marinak krabelinak eta margaritak erosi ditu. Belardi bigunean aurrera doa, Leonardo semearen hilobiraino, eta eseri egin da. Lurra laztandu du, negar isilean. «Astero familiaren berri ematen diot Leonardori. Nola gauden, zertan ari garen, Soachako Amen borroka nola doan. Esaten diot Jaungoikoari laguntza eskatu behar diola guretzako, hemeretzi hildakoei justizia egiteko amek indar handia behar dugu eta. Hilerritik etxera indartsuago itzultzen naiz borrokan jarraitzeko», aitortu digu. Luz Marinak ostiralero ematen dio segida borroka horri. Soachako parkean beste amekin elkartzen da, tunika zuriz jantzita, hildako semeen argazkiak lepotik zintzilik, eta pankarta handi batean Uribe eta Santos presidenteei leporatzen diete gizateriaren aurkako 4.716 krimenen erantzule direla: positibo faltsu eta exekuzio estrajudizialena, alegia. «Oraindik ere jazartzen gaituzte –dio Luz Marinak–, baina nazioarteko erakundeen babesa daukagu. Amnesty Internationalek, Oxfamek, Kataluniako Parlamentuak sariak eman dizkigute eta Europara eraman gaituzte gure kasuen berri ematera. Hori da gure babesa: zerbait gertatuko balitzaigu, Kolonbiako Estatuaren ardura litzatekeela zabaldu dugu». Nazioarteko Zigor Auzitegiak behaketan jarri zuen Kolonbia 2005ean, gerrillak, paramilitarrek eta agente publikoek gizateriaren aurka egindako krimenak ez zituelako behar bezala ikertzen. Luparekin begiratzen duten gertaeretako bat positibo faltsuena da. Krimenok Estatu politika baten ondorio zirela esan zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2012ko txosten batean, agintari militarrek politika hori aspaldi ezagutzen zutela eta Estatuaren goi mailako arduradunek «gutxienez, onartutakoa» zela. Luz Marinaren eta Soachako Amen kemenak berebiziko garaipena lortu zuen 2013ko uztailean. Lehen instantziako epaiari erantzunez, Cundinamarcako Epaitegi Gorenak Leonardo hil zuten sei militarrei kartzela zigorrak handitu zizkien, baina garrantzitsuena epaileak emandako argudioa izan zen: behartutako desagerpenak, agiri publikoen faltsutzeak eta erailketak egiteaz gain, militarrek herritar zibilen aurkako plan kriminal sistematikoan jardun zutela. Eta plan sistematiko hori gizateriaren aurkako krimena zela ebatzi zuen. Lurrikara ekarri zuen epaiak: gizateriaren aurkako krimenek ez dute preskribatzen, edozein herrialdetan epai daitezke, eta Kolonbian salatuta dauden 4.716 exekuzio estrajudizialen kasuek bide legal garrantzitsua aurkitu zuten aurrera egiteko. Ez da erraza izango, ikerketak oso eskasak eta mantsoak direlako, hilketa askok ez dutelako oraindik inolako arretarik jaso. Jaime Estiven Valenciaren kasua adibidez, abeslaria eta albaitaria izan nahi zuen 16 urteko gaztearena, Maria Sanabriaren semearena. «2008ko otsailaren 8an hil zidaten semea, sei urte igaro dira eta inork ez du ikerketa hasteko agindurik eman –dio Sanabriak–. Semea hil zidaten eta inori ez zaio inporta. Honek gaixotu egiten nau. Tristuraz hiltzen ari naiz. Baina bizirik jarraitzen dut gure semeen heriotza alferrekoa izan ez dadin. Euren kasuak salatzean, beste bizitza asko salbatu ditugulako». «Bizitzen jarraitzeko egia behar dugu –dio Luz Marina Bernalek–. Ez da nahikoa tiroaren egileak nortzuk izan ziren jakitea. Epaitegietan soldadu batzuk zigortu dituzte, maila baxuetako militarrak, baina guk jakin nahi dugu nortzuk antolatu zuten sistema, nortzuk eman zituzten aginduak, nortzuk ordaindu zituzten gure semeen hilketak Estatuaren diruarekin», dio. Soachan denek ezagutzen zuten Leonardo, «hezkuntza bereziko» mutila, auzolanetan pozarren parte hartzen zuena, kaleak eta parkeak garbitzen, elizan laguntzen, auzokoen mandatuak egiten eskupeko baten truke «Atsoa, putakumea, aurrerantzean isilik egongo zara. Gu ez gabiltza jolasean. Segi ahoa zabaltzen eta zure semeak bezala amaituko duzu, aurpegia euliz beteta». Horiexek Mariak jasandako erasoan entzundakoak Luz Marinak Soachako parkean ostiralero ematen dio segida borrokari. Zuriz jantzita, hildako semeen argazkiak lepotik zintzilik, Uribe eta Santosi leporatzen diete gizateriaren aurkako 4.716 krimenen erantzukizuna Nazioarteko Zigor Auzitegiak behaketan jarri zuen Kolonbia 2005ean, gerrillak, paramilitarrek eta agente publikoek gizateriaren aurka egindako krimenak ez zituelako behar bezala ikertzen