2014 URR. 11 Pankarta baten historia Mikel Soto Duela urte pare bat, Iruñeko lagun batzuk Ikaztegietako sagardotegi batera joan ziren. Beste bezeroek nafarrak zirela entzun eta Erribera kantatu zieten omenaldi sentikor gisa. Esker onez, lagunetako batek nafar jota bat kantatu zien. Burura etorri zitzaiona: «Me pican los huevos, la chorra me arde, quien tuviera un potorro pa’ meterla esta tarde». Sagardotegiko txuletak errazago mozten ziren bertako airea baino. Lagunaren eta jotaren desegokitasuna gorabehera, nire bizitzan, lanean eta militantzian etengabe birsortzen den arazo baten adibide txiki bat da. Euskal Herriko lurralde guztietan presente egon arren, nik “ideologia gipuzkoar” deitzen dudan horretan (badakit terminoa ez dela zehatza eta ergelak leku guztietan daudela, baina elkar ulertuko dugu eta barkatuko naute lagun barduloek) bi joera daude. Biek daukate joera paternalista argi bat, eta bata goxoa eta bestea aski harroputza den arren, gupidagabeak dira biak haiena ez den Euskal Herria ulertzeko edozein modurekin. Ustezko nagusitasun moral batetik epaitzen dituzte haien aberkideak, haien diglosi mailaren arabera. Hortik atera ohi dira ideologia horren baitatik ikusezinak diren jarrerak, lemak, esaldiak… epaiak. Bigarren mailako euskaldunei, zipaioei, sasi-abertzaleei zuzendutako epai salomonikoak, ustezko printzipio moral tinko batzuetan oinarritutakoak. Ez da Kristoren hitzak jarraitzearren, baina saiatzen naiz jendea ez epaitzen. Edo, zuzenago esateko; saiatzen naiz jendea publikoki ez epaitzen (buruan gertatzen dena kontrolagaitza da sarri). Baina neuk ere baditut printzipio moral tinkoak eta, horien arabera, harrigarria litzateke askorentzat hainbat aberkideren jarrerak zeinen norberekoiak, koldarrak, insolidarioak eta miserableak iruditzen zaizkidan. Baina ez ditut bigarren mailako hiritar, lagun edota militante gisa tratatzen eta, garrantzitsuagoa dena; ez dut jarrera horiekin propaganda politikoa, sermoilaritza edo merchandising-a egiten. Euskara maite dut. Nire hizkuntzetako bat da. Baina, argi diot: saiatuko naiz nire bizitza osoan gaztelaniaz hitz egiten eta nire ingeles maila kaxkarra perfekzionatzen. Eta, desio gisa, gustatuko litzaidake nire ondorengoek gaztelaniaz jakin dezaten, nik baino ingeles hobea hitz egin dezaten eta, frantsesa jakingo balute, bikain (bide batez, ongi legoke, behingoz, gure hezkuntza sistema gure herriko hizkuntzetako bat den frantsesaren irakaskuntzarekin zerbait planteatzen hasiko balitz). Joseba Sarrionandiarekin bat nator, guztiz: «Gu euskaldunak gara, euskaraz bizi nahi dugulako, baina euskal nazio proiektua erdalduna ere izango da, izatekotan» (harrigarria zait beti euskara territorio libretzat daukaten askok Sarriren diskurtso errepikatu honi ezirakurriarena egiteko duten tema). Badakigu egia dela, baina nahiago horretan gehiegi ez pentsatzea eta kontrako jarrera politikoaren ondorioetan gehiegi ez sakontzea. Jule Goikoetxeak aurrekoan idatzitako “Euskal identitatea” artikuluan esan bezala: «Batzuek euskaraz bizitzeko ez bada ez dute euskal estaturik nahi (...), espainiar edo frantses estatuan bizitzen jarraitu nahi dutela aditzera emanez, baina esan gabe». Hobeto geundeke Jose Mari Esparzaren desioa beteta: «Hizkuntza ez da gure herriko gailurrik altuenetan bermatzen den ohol zurrun bat, baizik eta tapaki epel eta bihurri bat, mendi eta ordokira egokituta, altuera ezberdinetan Euskal Herriko eskualdeak estali eta batzen dituena». Baina, tira, zer jakingo du berak, Euskal Herriaren alde gazteleraz idazten beti. “Bai euskarari” egiaztagiriarekin, baina ez da hori batzuek bilatzen duten labela. Unai Maleskik (@Maleski) Twitterren berriki izan duen polemikan argi geratzen da bi jarrera politiko kontrajarri dauzkagula. Nik nirea argi daukat: ez dut berriz inoiz onartuko inoren nagusitasun moralinguistikorik. Eta Unairi azken pankarta proposamena egiten diot: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakiten apaizek, guruek, filologoek, militanteek eta irakasleek biziezina bihurtzen dutelako baizik” (eta azpian, noski, “Ostias como panes” mantenduko nuke). • Joseba Sarrionandiarekin bat nator, guztiz: «Gu euskaldunak gara, euskaraz bizi nahi dugulako, baina euskal nazio proiektua erdalduna ere izango da, izatekotan»