2014 AZA. 15 Itzaletik azalera: Emakume aitzindariak informatikan Victoria Fernandez, Edurne Larraza, Montse Maritxalar, Txelo Ruiz Informatikaren hastapenak matematika eta ingeniaritza bezalako zientzia arloetan kokatu behar dira. Ingeniaritza gizonezkoen jardueratzat hartzen den arren, historiari begiratuz gero agerian geratzen dira emakumeek egindako ekarpen asko. Konputazioaren historia hardwarean fokatu izanak ekarri du informatikaren garapenean emakume askok emandako fruituak itzalean geratzea, batez ere, hastapenetako lehenengo makinak aipatzen ditugunean. Izan ere, konputazioaren alderdi mekanikoak (hardwarea, alegia), oro har, ingeniariek landu ohi dituzte, eta historikoki oso emakume gutxi sartu dira ingeniaritzetan, baita gaur egun ere. Baina softwarearen garapenaren historiari erreparatuz gero, emakume asko izan dira protagonista. Ordenagailuen aplikazio praktikoetan ere ohikoa izan da emakumearen presentzia. Omenaldi gisa, informatikaren garapenean zehar ekarpenak egin dituzten emakumeei eskaini nahian, merezi zuten aintzatespena jaso ez zutelako, hona hemen istorio labur batzuk, estereotipoak gainditzeko lagungarriak izan daitezkeelakoan. Ada Lovelace (1815-1852) Matematiketan nabarmendu zen, haren amaren irakaspenei esker. 17 urte zituenean, lanean hasi zen «makina diferentziala» diseinatzen Charles Babagerekin. Ada Lovelacek idatzitako ohar batzuetan makina analitiko baten ideia azaltzen zuen, konputazio makina programagarri bat eraikitzeko oinarri orokorrak ematen zituela. Hain zuzen ere, honengatik esaten da Adari zor zaiola konputazio makinak programatzeko ideia. Haren ondorengo idazkietan, programazioaren funtsezko terminoak sortu eta definitu egin zituen, hala nola “begizta” eta “azpierrutina”. Bere ekarpen garrantzitsuengatik munduko lehenengo programatzailetzat hartua izan da. Geroago, haren omenez, ADA izena jarri zioten programazio lengoaia bati. Horrez gain, zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan... emakumeek egindako ekarpenak goraipatzeko asmoz, 2013. urtetik aurrera Ada Lovelace Nazioarteko Eguna ospatzen da. Eniac (1946) eta Univac (1951),konputagailuetako emakumeak Ordenagailuak sortu aurretik ere, emakumeek kalkulu matematikoarekin harremana izan zuten. Izan ere, hainbat arlotan garatu zituzten horretarako beharrezko gaitasunak, hala nola, astronomian, hegazkintzan, nabigazioan, ikerketan, eta abar luze batean. Baina, lehenengo konputagailu elektronikotzat ezagutzen den ENIAC ordenagailuaren lehenengo programatzaileak sei emakumezko izan baziren ere, makina sortu zuten gizonezko ingeniariak izan dira ezagunak historian zehar. Programatzaileak Kathleen McNulty Mauchly Antonelli (1921-2006), Jean Jennings Bartik (1924-2011), Frances Betty Snyder Holberton (1917-2001), MarlynWescoff Meltzer (1923-2002), Frances Bilas Spence (1922) eta Ruth Lichterman Teitelbaum (1924-1986) izan ziren. Zorionez, azken hamarkadetan emakume horien ekarpena berreskuratzen joan da. Garai hartan «bigarren mailako» profesional gisa kontratatuak izan ziren, agian genero kontu batengatik, edo lan kostuak gutxitzeko. Edozein kasutan, emakume programatzaile haiek nabarmentzen ziren matematikari iaioak eta logikan adituak izateagatik. Gauza bera gertatu zen ondorengo beste garapen batzuekin, hala nola UNIVAC ordenagailuarekin (lan praktikoak egiteko eta merkataritzarako sortutako lehenengo ordenagailua). Kasu honetan, Betty Holberton eta Adele Mildred Koss aritu ziren. Emakumezkoen ekarpenak asko dira, hainbat arlotan, diziplina artekoak... Aipatutakoak ez dira bakarrak, hor daude ere Edit Clarke (1883-1959), Grace Murray (1906-1992), Telma Estrin(1924), Evelyn Boyd Granville(1924), Ròzsa Peter (1905-1977), Jeane Summet (1928), eta abar luze bat, gaurko egunetara ailegatu arte. •