2014 AZA. 22 Subalternoak Jule Goikoetxea Gizonezko europar modernoa bazterketa, zapalkuntza eta marka jakinak ardatz izan dituen prozesu baten bidez eraiki da. “Emakumearen” marka sistema patriarkal ororentzat aukerak izateko baldintza da; euskal, kataluniar, espainol zein frantses. “Emakumearen” mitorik gabe “gizonezkoaren” mitoak ezingo luke existitu. Izan ere, nola eraikiko genuke gizon boteretsua, norbanako arrazionala eta jantzia eta gizon publikoa alboan ez balu dama ahula, animalia irrazionala eta funtsik gabea, emaztea edo emakume pribatua eta puta edo emakume publikoa? Horregatik askoz beharrezkoagoa da animalia irrazionalentzat, dama ahulentzat, pribatuentzat, publikoentzat eta kontzertatuentzat mito horiek zatikatu eta haustea, indibiduoarentzat baino, gizonezkoarentzat alegia. Behar hori lehentasuna da bakarrik subalternoentzat, botere hegemonikora iritsi ezin dutenentzat –Gramscik esango lukeen bezala– edo hitz egin ezin duten haientzat –Spivacek esango lukeen bezala–. Mendekoa emakumezkoa da, norabide egoki guztiek berekin dakarten desbideraketa. Pentsaera androzentrikoaren eta sistema patriarkalaren oinarrian ideia horixe baitago; gizonezkoa eta maskulinoa bikaintasuna dira eta emakumezkoa eta femeninoa desbideraketa edo gabezia bat. Pentsamolde hori dago praktika kultural, urbanistiko, finantzario, publizitario, hezkuntzako, komertzial, legegile... kasik denen baitan. Eta pentsamolde hori arketipo femenino jakin baten bidez garatzen da, mitoetatik, historiatik, erlijiotik, zientziatik eta artetik datorren arketipo bat hain juxtu. Horregatik, gure jendartean gizonezkoen arazoak arazo sozial bezala definitzen dira, eta emakumezkoen arazoak horixe baino ez dira, emakumezkoen arazoak. XX. mendean barna mugimendu feministak ohiko agenda politikoan ustez oso pribatuak eta femeninoak diren gaiak sartzea lortu du; dibortzioaren legea, kontrazepzioa, tratu txarrak eta bortxaketak kasu. Baita emakumearen presentzia eza espazio publikoan ere. Baina sistema patriarkaleko emakume eredu horren aurkako borroka artean ez da lehentasuna emakumearen etiketa ez duenarentzat. Ez autodeterminazioaren aldeko borrokan, ez ezkerrean, ez langile klasean ez da lehentasuna. Horregatik bizi gara, hiltzen gara eta berriz jaiotzen gara tribuetan, feudoetan eta askotariko estatuetan, baina beti patriarkalak. Kasu honetan, borroka guztien jarioa erreka berdinera doa. Emakumea subalterno bihurtu da per se. Sistematikoki baztertua izan den elementu kimerikoa da, gizonezkoen artean –maila sozial batekoak edo bestekoak izan– irudizko inklusioa eta berdintasuna egon dadin. “Gizonezkoaren” identitatea ahalbidetzen duen desberdintasuna da, berdin langilea, enpresaria, droga-trafikatzailea, gaizkilea, autonomoa edo aristokrata izan. Horregatik, mendeko gizonezko gehienek, langileak, immigranteak, gayak edo txiroak direlako botere hegemonikora iritsi ezin dutenek, beti topatzen dute beren txokoa sisteman. Beti daude haiek subalterno ez diren guneak, beti dagoelako “emakume” langilea, migrantea, analfabetoa... Eta errealitateekin antzeko gertatzen da. Badira errealitate menderatzaileak eta mendekoak, inoiz ezagutzera ematen ez direnak, inoiz entzuten ez diren ahotsak, inoiz ez direnak historian kabitzen. Mendeko errealitateetan ez dago berezko desberdintasunik gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Errealitate menderatzaileetatik artikulatzen dituzten diskurtso hegemonikoek inposatzen dituzte identitate berezituak gizon eta emakumeen artean –eta horregatik hezten, janzten, pentsatzen, ukitzen, tratatzen... dituzte desberdin–. Emakumeen abantaila bakarra da aise identifikatzen garela subalterno bezala, eta elkarrekin hitz egiteko kategoria eskaintzen digu horrek. Izan ere, ez da berezko esentzia bat emakume egiten gaituena, historia subalterno bat eta bazterreko toki honetara kondenatzen gaituztenen kontrako borroka da emakume egiten gaituena. Erreforma eta iraultza bakoitzaren ondoren baliabiderik gabe, botererik gabe eta prestigiorik gabe uzten gaituztenen kontrako borroka. • Jule Goikoetxeak NAIZ atarian duen Temati-ka blogetik itzulia eta moldatua Gizonezkoen arazoak arazo sozialak dira, eta, emakumezkoen arazoak, horixe baino ez. Mugimendu feministak ohiko agenda politikoan ustez oso pribatuak eta femeninoak diren gaiak sartzea lortu du