2014 ABEN. 06 Durangoko Azoka, mende erdiko gomutak Mende erdia egingo du Durangoko Azokak datorren urtean. Euskal kulturaren bilakaeraren ikur eta gaurkotzearen ispilu izan da eta da, baina beste azokek ez duten osagarriak dituela uste dute askok. Bilerak egiteko gune, adiskide zaharrak ikusteko leku eta parrandarako aitzakia ere bada Durango egunotan. Durangoko azoka Joxean Agirre Arantxa Urretabizkaiari Durangoko Azokaz galdetzen hasi eta 1970eko edizioa etortzen zaio gogora, Bizkaiko herrira bezperan joan eta atxilotu egin baitzuten, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolarekin batean, Lur argitaletxearen kartelak jartzen ari zenean. Lur argitaletxea urtebete lehenago sortu zuten eta ukatu egin zien Gerediagak Santa Mariako elizaren atarian egiten zen azokan salmahaia jartzea. Zergatik? «Zorioneko ‘h’-a zegoen tartean. Gu euskara batuarekin konprometiturik geunden, baina bazegoen gure kontrako beto ideologiko bat ere, Arestirekin genbiltzalako eta Arestiren estigmak kutsatzen gintuelako», dio Arantxa Urretabizkaiak. Azokaren irekiera bezpera zen eta Arantxaren Citroen 2CV autoan abiatu ziren Durangora. «Autobiderik ez zegoenez, orduak behar ziren Donostiatik Durangora iristeko. Ramon Saizarbitoriak Eibar ondo ezagutzen zuen eta berak hartu zuen herri horretan gaua pasatzeko ostatua eta berak aukeratu zuen afaltzeko lekua ere. Afaldu eta Durangora joan ginen kaleetan kartelak jartzeko asmoarekin. Artean dozena erdi bat liburu izango genituen Lur argitaletxean. Badakit bi sail zirela, saioekin bata eta literaturarekin bigarrena eta hau Txillardegiren ‘Elsa Scheelen’ lanarekin abiatu zela. Harpidetza bidez banatzen genituen, baina garaiko liburu denda apurretan ere gure liburuk ikus zitezkeen. Azokan, ordea, salmahaia jartzea ukatu egin ziguten eta gure kartel horiek halako aldarrikapen edo protesta kutsu bat ere bazutela uste dut. Kontua da kartelak jartzen ari ginela polizia etorri eta atxilotu egin gintuztela. Beharbada guardia zibilak izango ziren, oinez joan baikinen kuartelera», gogoratu du. Galdeketak egin, kartelak kendu eta libre atera ziren. Eibarren lo egin eta biharamunean elizpean egiten zen azokara agertu ziren. Sekulako ilusioa egin omen zien elizaren bueltan bezperan jarritako kartelen batek oraindik horman jarraitzen zuela ikusteak. Barrura sartu eta Xabier Gereñok utzi zien bere mahaiaren zati bat Lur argitaletxeko liburu horiek erakusteko. Xabier Gereñoren mahaiari itsatsita gezi handi bat jarri zuten eta idazki hau: “Gu ezkerrago gaude”. «Gu goizean goizetik joan ginen eta Aresti pixka bat beranduxeago etorri zen mutil gazte bat ondoan zuela. Gazte horrek gitarra jotzen zuen eta inori baimenik eskatu gabe han kantaldiak emateko prestaturik zegoen oholtzara igo eta ‘Zuek Bartzelonako euskaldun unibertsitate mutilok’ kantatu zuen. Mutil gazte hori Natxo de Felipe zen. Beste kanta batzuk ere kantatu zituen, baina poema horrena daukat gogoan. Arestik Bartzelonara egin zuen bisita baten ondoren idatzi zuen poema hori. ‘Baldin eta zuetako batek esplotatzen badu langile bakar bat, madarikatuko zaituet’ eta gisakoak esaten zituen. Bazegoen gure kontrako boikot ideologiko bat. Orain dela gutxi Carlos Garaikoetxea elkarrizketatu behar izan nuen. Euskararen batasunaren inguruko galdera batzuk egin nizkion eta kontatu zidan zer-nolako disparateak esaten ziren guri buruz sasoi hartan», gogoratu du Arantxa Urretabizkaiak. Egun hura, dena den, Gereñoren ondoan eman zuten. «Nik oso gaizki kantatzen dut, baina oso kantaria naiz. Lotsa pixka bat ematen zidan Ibon Sarasolaren ondoan kantatzeak, bera oso jantzia baita musika kontuetan, musika klasikoan batik bat, baina nik hala ere kantatu egiten nuen eta Xabier Gereñori esan nion gustatuko litzaidakeela disko bat grabatzea; eta ilusioa egin zion ideiak eta planak egiten jardun genuen. Gereñok orduan liburuak eta diskoak ateratzen zituen», dio. Arantxak 22 urte zituen garai hartan. Ez du gogoan beren artean eztabaida politiko handiak izaten zituztenik. «Euskararen munduan mugitzen ginen. Oso harro geunden lehen argitaletxe laikoa ginelako, baina ez dut uste egia zenik, Kuliska Sorta ere hortxe baitzegoen eta besteren bat ere bai beharbada», dio. 1970eko edizioa da gehien gogoratzen duena. Gero urteetan huts egin zuen. “Koaderno gorria” eleberria kaleratu zuenean joan zen berriro eta harrituta geratu zen. «Frankfurten nengoela iruditu zitzaidan. Azoka karpa zurian egiten zen garaia zen hura. Artean sinaduren moda iritsi gabe zegoen. ‘Koaderno gorria’ atera zenean amari deitu nion liburua esku artean nuela esateko eta berak ale bat ‘dedikatua’ nahi zuela esan zidan eta ni harrituta geratu nintzen. Orain hitzaldi bat ematen dudan bakoitzean liburuak sinatu behar izaten ditut. Orain dela gutxi Madrilgo lagun batek Interneteko bigarren eskuko liburuen atari batean ‘Zergatik Panpox’ lanaren gaztelerazko ale bat aurkitu zuen, erosi eta eskaintza dotore hau omen zekarren: ‘no nos conocemos, pero tenemos amigos comunes. Ojalá te guste el libro’», gogoratu du. Apurren gosea 1976an zabaldu zuen Elkarrek Donostiako Fermin Kalbeton kaleko liburu denda. Eta hurrengo urtetik hasi ziren Durangoko Azokara joaten. «Azoka 74an pasatu zen merkatura. Nire lehen oroitzapenak leku horretakoak dira eta hotzarekin lotuta daude. Eskerrak gazteak ginen, bestela gaixotzeko arrisku handia genuen-eta! Urte horietan sekulako izotzak egin zituen. Hori geratu zait oroitzapenean eta aldi berean gogoan daukat jendearen harrera izugarria zela. Euskararen edo euskalgintzaren inguruan mugitzen ziren guztiak hurbiltzen ziren Durangora. Oraindik ere badu, baina orduan nabarmenagoa zela uste dut erresistentzia giro hori. Gainera, salgai zegoen material gehiena aurkitu zitekeen oso mahai gutxitan», dio Jon Jakak, Elkar etxeko arduradunak. Azokak ez zuen inondik ere gaur duen tamainarik. «Urtean ateratzen zen liburu kopurua oso urria zen artean. Auspoak bilduma oso mardula zuen. Etor ere lanean ari zen, Lur argitaletxea zegoen… baina gehienbat gauza solteak ateratzen ziren orduan. Villasanteren ‘Palabras compuestas y derivadas’, Patxi Altunaren ‘Euskal aditza’ eta gisako lanak ere nobedade handiak ziren eta asko saltzen zirenak. 78ko liburu salduena seguru asko ‘Hiztegia 80’ izango zen. Gogoan dut guk eraman genuela eta boom bat izan zela. Gu geu 78an hasi ginela uste dut argitaratzen, Iñaki Beobide eta Gordailurekin batean lehenik eta geure kontura gero», gogoratu du. Garai horretako azokak aste bukaera batekoak izaten ziren. «Astoen gainean taulak jarri eta mahai luzeak antolatzen ziren. Urteko euskarazko nobedadeak dozena bat edo hogei izango ziren hasierako edizioetan. Gaztelerazkoak gehiago. Barandiaranen lanak, Satrustegirenak, Pelay Orozco eta beste hainbatenak saltzen ziren. ‘Amaya y los vascos’ urtea joan eta urtea etorri, saldu egiten zen. Iparragirreren biografia bat ateratzen zen eta urteetan saltzen zen. Horretan buelta eman zaio egoerari. Euskal gaiei buruz gazteleraz idazten zen nagusiki orduan. Azokari begira jarri eta eman den aldaketarik handiena horretan dagoela esango nuke, euskal genero guztietan eman dugun gorakadan. Beharbada ez da irakurle kopuruaren aldetik horrenbesteko jauzirik egin. Garai horretan bazegoen euskaltzale multzo bat euskaraz argitaratzen ziren liburu gehienak irakurtzen saiatzen zena. Beraz, bazegoen irakurle multzo finko samar bat. Bestalde, garai horretan euskal diskoek zuten arrakasta nabarmenduko nuke. Ez Dok Amairu 72an desegin zen, baina bakoitzak bare aldetik jarraitzen zuen. Euskal rockaren uholdea iritsi gabe zegoen. Ateratzen ziren diskoen kopurua urria zen oraindik eta ateratzen zen apurraren gosea zegoen. Beste inon erosteko aukerarik ez zuena erosten zuen askok azokan. Euskal liburu eta diskoak oso banaketa urria zuten. Guk Donostian bakarrik genuen denda», gogoratu du Jonek. «Goizean joan eta gauean etorri ibiltzen ginen eta susmoa dut liburuak han utzi beharrean, berriro autoetan kargatu eta ekarri egiten genituela. Anaiok ibiltzen ginen lan horretan, hil zena, Joseba, Gregorio, Bixente, Xanti eta ni neu, eta Joxe Inazio Leizarraga Naparra ere gurekin ibiltzen zen. Berehala sartu ziren taldean Joxe Mari eta Iñaki Sors ere. 80tik aurrera hasi zen Elkar handitzen», dio Jon Jakak. Azokak badu alderdi sinboliko bat ere. «Euskaldun ginela aldarrikatzeko modu bat ere zen. Liturgia horien premia geunden. Gaur ere euskaltzaleen biltoki da Durangoko Azoka, baina lehen ez zituen esparru batzuetara zabaldu du bere itzala, Ahotseneak gazte andanak mugitzen ditu, festa giroa indartu da eta horrek ere sekulako garrantzia du. Atzerrian egiten diren azoken ereduak hotzagoak dira. Durangokoak baditu beste osagarri batzuk ezberdin egiten dutenak. Horretan Gerediagak asmatu egin duela esango nuke», aitortu du. Irakurle erreskadak Toti Martinez de Lezea nobela berri batekin doa beste behin Azokara (“Enda Lur”, Erein) eta deitu genion egunean pozak zoratzen zegoen Youtuben eskegi berri zuten bideoarekin. «Larrabetzuko jendeak egin du eta izugarria da. Ez dut horrelakorik ikusi sekula», zioen bere ohiko entusiasmoarekin. Hogei urte dira Durangoko Azokan bere eleberriak aurkezten hasi zela, baina Azokarekin askoz ere harreman luzeagoa izan du, elizpean egin ziren azken bi edizioetan egona baita Kukubiltxo antzerki taldearekin emanaldiak egiten.«Bai, bai, Santa Maria elizpean egin ziren edizioetan hartu genuen parte antzerki taldearekin eta geroztik urterik huts egin gabe joan izan gara Azokara», gogoratu du. Toti Martinez de Lezea da seguru asko Azokan irakurle erreskadarik luzeenak lortzen dituen idazlea. «Joan nintzen lehen urtean sei irakurle bakarrik etorri zitzaizkidala uste dut, ez nintzelako bat ere ezaguna, baina ondorengo urteetan aldatu egin da egoera. Orain Azokak irauten duen lau egunetan joaten naiz, goiz eta arratsalde, eta irakurle bakoitzari eskaintza pertsonalizatua idazten diot. Oso eskasa iruditzen zait ‘Bihotz-bihotzez. Toti’ idaztea. Aurrean dudan irakurleari begiratu eta haren zerbait asmatzen saiatzen naiz. Oso lan gogorra da lau egun horretan ematea, baina merezi du», esan digu. Itzultzaile tekniko gisa egiten zuen lan idazten hasi aurretik. Katalogo industrialak eta gisako lanak itzultzen zituen ingelesera, frantsesera edo alemanera. Bolada batez bi lanak partekatuz ibili zen, idazten eta itzultzen alegia, baina denbora osoa idazteari ematea erabaki zuen. «Adiskide bati apustu egin niolako idatzi nuen nire lehen nobela, baina ordurako banekien idazten asko gozatzen nuela. Igerilari ona izan naiz, txapelketa asko irabazitakoa, badakit apustua zer den. Baina egun hartan apustua irabaziko nuela jakinda jokatu nuen. Orain egunero zortzi ordu ematen ditut idazten», dio. “Enda Lur” genero fantastikoan kokatzen den eleberria da. Espetxera joan aurretik Xabier Amurizak oso oroitzapen goiztiarrak ditu Durangoko Azokaz, bigarren edo hirugarren edizioa egiten ari zirela, 1966an edo 1967an alegia, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kanporaketa bat jokatu baitzen Durangon. «Nire ustez, Azokaren jantzigarri moduan antolatuko zuten kanporaketa hori, baina ez dakit seguru hala izan zen, Azokaren inguruan jokatu zela bakarrik eta ni epaimahaiko izan nintzela dut gogoan, artean abade nintzela. Mañukortak ere kontatzen du soldadutzan zegoela etorri zela Ferroldik txapelketa horretan parte hartzera, Alfontso Irigoienen bidez. 66an edo 67an izango zen, 68an gu beste leku batera joan baikinen», dio. Xabier Amurizak Zamorako espetxean eman zituen 1968tik 1976ra arteko urteak eta handik itzuli zenerako merkatuan egiten zuten azoka. «Nire oroitzapenik gehienak merkatukoak dira, noski. Plaza hori jende gutxirekin betetzen da, jende asko samar izaten zenean, kabitu ezinik ibiltzen ginela gogoratzen dut. Inguruko kaleak ere jendez betetzen ziren eta kaleak betetzen baziren, barruan leku gutxi zegoela izango zela pentsatzen dut. Hutsik dagoenean handia ematen du, baina jende pixka bat biltzen zenean oso estu ibiltzen ginen, sartu ezinik. Irudipena dut urte batean merkatuan liburu azoka egin zela eta elizpean jarri zutela musika emanaldien lekua. Beharbada garai horretan liburu eta diskoen produkzioa urria izango zen, baina jendea biltzen zen behintzat», gogoratu du. Espetxetik itzuli zenetik ez du uste Xabier Amurizak inoiz Azokara hutsik egin duenik. «Euskaltzaleak biltzeko leku bat izanik, beti joan izan naiz». Garai horretan Amurizak ez zuen Azokan bere libururik aurkezten. «Posible da egileak joateko ohiturarik ere ez egotea. Ez dut uste garai hartan aurkezpenik ere egiten zenik. ‘Hil ala bizi’ kartzelan nengoela argitaratu zen. ‘Menditik mundura’ neure kontura atera nuen eta Elkarrekin lanak argitaratzen hasi nintzen arren, ez dut gogoan azken aldi honetara arte aurkezpenik egin izan dudanik. ‘Hiztegi erritmatua’ ere AEKrekin atera nuen 80tik laster eta orduan pentsatzen dut aurkezpenak egingo genituela, Azokan ere ibiliko ginen lan horrekin, baina ez naiz gogoratzen», esan digu. Joan Mari Irigoienek oso bertatik ezagutzen du Azokaren historia, baina bere lehen edizioa zein izan zen galdetuta, irudiak nahasten zaizkiola erantzun digu. «Zer gogoratzen dudan nire lehen azoka jotzen dudan hartatik? Lehenik eta behin euria. Eta udazkena, Durangoko kale eta paseoetan zuhaitzak biluzik edo erdi biluzik. Giro ezin tristeago batean sartuta geunden, baina hara: bihotzak genituen pozik, euskal kulturaren alde egiten genuen hura ezinbestekotzat jotzen genuelako, geure esku genuelako udazken hura udaberri bihurtzeko aukera… Gero, ez dakit, bat-batean eguzkia atera zela iruditzen zait», erantzun digu. Gazteentzat ere biltoki Gaur beren lehen liburuak kaleratzen ari diren idazle gazteentzako ere badu Durangoko Azokak erakarpenik. Danele Sarriugartek, esate baterako, aurtengo martxoan atera zuen bere “Erraiak” eta Ahotsenean izango da eleberriaren zatiekin errezitaldia egiten. «Azken urteotan harreman estua izan dut Azokarekin. ‘Info7’ irratian Eider Olazarrek gidatzen duen saio batean kolaboratzen dut eta iazkoan, esaterako, mahai inguru batean hartu nuen parte Mikel Soto eta Gotzon Barandiaranekin batean. Baina aurretik ez nuen lotura berezirik Azokarekin. Gurasoekin oso gutxitan joan izan naiz, zubi horretan askotan kanpora joateko planak egiten genituelako. Gainera, liburuak urtean zehar erosteko ohitura izan dugu. Orain ere ez dut Durangon libururik erosten. Izatekotan ere diskoak erosi ohi ditut», esan digu. Irati Goikoetxeak ere oraindik orain argitaratu du Ereinekin “Andraize” ipuin bilduma eta Durangon izango da lana sinatzen. «Orain urte batzuk Txalapartak ‘Orgasmus’ ipuin bilduma atera zuenean izan nintzen Azokan, liburuan nire ipuin bat sartu zutelako, baina aurten noa lehen aldiz osorik neurea den lan bat aurkeztera eta gustatuko litzaidake Durangon mugitzen den jendetza horren baitan norbaiti edo batzuei behintzat jakin-mina piztea. Hilaren 8an izango naiz Ahotsenean, astelehenean, eguerdiko hamabietan. Eta ordu batzuk emango ditut Ereinekoen salmahaian», esan digu. Ez ditu normalean Irati Goikoetxeak Durangoko Azokaren egunak egutegian markatuta izaten. «Uste dut etxean gehiago hezi izan gaituztela liburuekiko eguneroko harremanean», dio. Baina, hala ere, oso baloratzekoak iruditzen zaizkio Durangoko Azoka bera eta azokaren inguruan dauden gune eta jarduera ezberdinak, «Ahotsenea bereziki, urtean zehar irakurri edo entzun ditugun disko edo liburuen atzean dauden sortzaileekin egoteko aukera ematen duelako. Idazlearen eta irakurlearen edo musikariaren eta entzuleen arteko distantzia laburtzeko bide bat eskaintzen du. Gisako ekintzak antolatu behar direla uste dut urtean zehar», erantsi du. Hala, Beasainen eta Goierri mailan formatu txikiagoan antolatzen dituzten azokak aipatu ditu edo irakurle taldeak, berak hiru irakurle taldetan hartzen baitu parte. Irati Goikoetxeak bere anaia Ekaitzekin batean literaturari buruzko irratsaioa ere egiten du astero Segura irratian. «Jada 11 urte daramatzagu irratsaioa egiten. Nire kezkak agertu eta jakin-minak asetzeko eta sortzaileak bertatik bertara izateko aukera ematen dit irratsaioak», gogoratu du. Alaine Agirrek harreman estua izan du umetatik Durangoko Azokarekin, 18 bat urte arte gurasoekin joaten zelako. Urruzuno sariketako lehiakideekin ere hitzorduak egin izan ditu Durangon, baina ardurarik handiena aurten izango du, bere lehen eleberria aurkeztu eta sinatu beharko baitu. «Abenduan egiten ditut urteak, Durangoko Azokaren ondoren, eta bi opari egiten zizkidaten, bata egun horretan eta bestea Azoka egunean, liburu bat. Inoiz bi liburu ere oparitu izan dizkidate eta hori zoramena izaten zen niretzat. Umetatik 18 bat urtera arte beti joan izan naiz gurasoekin», esan digu Azokarekin izan duen loturaz galdetuta. Umetatik harrigarria egiten zitzaion berak irakurritako liburuen egileak han sinatzen ikustea. Alaine Agirre sariak irabazitakoa da Eusko Jaurlaritzak antolatzen zituen Urruzuno lehiaketan. Bidaia bat egitea izaten zen saria eta bidaiaren buruan bi hitzordu jartzen omen zituzten, Kilometroetan bata eta Durangoko Azokan bestea. «Nik uste dut bi urtetan geratu ginela elkarrekin bidaia egin genuenok Durangon», gogoratu du, eta ea parranda bat botatzeko leku ona den galdetuta, behin bakarrik bota duela parranda Durangon erantzun digu, 18 urterekin. Bera gehiago omen da egun argiz dauden saltsetan ibiltzekoa eta, gainera, parranda egin eta Durangotik Bermeora iristea ez omen da bat ere erraza. Pare bat aldiz egokitu zaio berak parte hartutako libururen baten aurkezpenean egotea. «‘Hitza’-k eskualdeka dituen edizioetan ipuin bana argitaratu genuen gazte batzuek. ‘Busturialdeko Hitza’-n hiruk idatzi genuen. Eta eskualde ezberdinetako ipuinak bilduz liburu bat osatu zuten. Liburu horren aurkezpenean izan nintzen Durangoko Azokan. Iaz ere haur literaturako ‘Nire potxolina maitea’ liburuarekin egon nintzen Elkarrekin. Txani Rodriguez, Mikel Valverde eta horrelako jendearekin egon nintzen eta liburu gutxi sinatu beharra izan bagenuen ere, interesgarria izan zen, oso gustura egon nintzen», dio. Aurten Ahotsenean aurkeztuko du “Odol mamiak”, larunbatean ordu bata laurden gutxiagotan, eta aurretik sinatzen arituko da Elkarreko salmahaian. «Sinatzen edo behintzat jazarrita egongo naiz, ez dut uste askorik sinatuko dudanik», esan digu. Alainek hiru urtez ikasi zuen Fisika eta hura utzi eta Euskal Filologia egiten ari da orain Gasteizen. Joan Mari Torrealdai «Azoka elizpetik merkatura pasatzeak sinbolizatzen du euskal kulturaren eboluzioa» Lehen edizioan elizpean pasa zuten hotza oraindik ere gogoan du Joan Mari Torrealdaik. Haize eguna egokitu zen eta plastikoekin estali behar izan zituzten Arantzazutik jaitsitako liburuak eta “Jakin” aldizkariaren zenbakiak. Euskal liburuaren azterketa soziologikoa egitea izan da bere pasioetako bat eta Durangoko Azokan aurkitu zuen landa lana egiteko aukera. Urteak eman zituen mahaiz mahai katalogoa egiteko datuak biltzen. Azokak izan dituen birtualitateak aipatu beharko genituzke. Bat aipatzeko: ezkutuan zeuden liburuak eta diskoak bistara ekarri zituen. Lehen edizioan ere han izan nintzen. Oso azoka txikia zen hasieran. 18-19 erakusle bakarrik ginen eta liburu kopurua ere urria zen, 500-600 erakutsiko ziren guztira eta horien artean gaztelerazkoak ziren nagusi; euskarazko 200 baziren, gaztelerazkoak 300 izango ziren. Baina mugarri horiekin guztiekin ere, Azokak egiteko garrantzitsua bete zuen: gordean zeuden liburuak erakutsi zituen. Lehen edizio hori sorpresa bat izan zen jendearentzat. Frankismo bete-betean geunden artean eta euskarazko liburuak ez zeuden inon, liburu dendetan ere ez zeuden. Liburutegi batzuetan zeuden eta Donostiako pare bat liburu denda berezitan, Manterolan eta Eason aurki zitezkeen, baina ez beste inon. Zaila da tesitura hori irudikatzen, baina hori zen egoera. Esan beharrik ez dago liburu gehienak zaharrak zirela, urte horietan ateratzen hasi ziren aldizkariak salbu, tartean “Jakin”. Lehen edizio horretako nobedade nagusiak urte batzuk lehenago ateratako Orixeren “Euskaldunak”, Salbatore Mitxelenaren “Ama-semeak Arantzazuko kondairan” eta horrelakoak ziren. Xabier Gereño ere han agertu zen Cinsako liburu eta diskoekin. Eta gero erakundeetako liburuak zeuden, diputazioetan argitaratzen zirenak, esate baterako. Gu Arantzazuko liburuekin joan ginen eta “Jakin” ere eraman genuen, ordurako hogeitik gora zenbaki kaleratuta baitziren. Eta horiek erosteko leku bakarra edo ia bakarra Azoka zen orduan. Euskal liburuak presentziarik ez zuen gizarte bat irudikatu behar dugu, beraz. Euskal liburuak ez du presentziarik eta euskal liburuari buruzko informaziorik ere ez dago, ez bada “Euzko Gogoa”-n, “Egan”-n edo “Jakin”-en, baina aldizkari horiek gerra ondoko belaunaldi berriko jende jakin batek bakarrik irakurtzen zituen. Baionako Batzarraren berri zabaltzen hasia zen, batasunaren aldeko borroka sozializatzen hasi berria zela esan nahi dut, 64koa baita batzar hori. Euskal gizartean zegoen benetako borroka euskara garbiaren eta mordoiloaren artekoa zen. Gerora etorriko zen “h”-aren kontua eta politizatuko zen borroka hori. Alde batetik aranismoa zegoen edo Orixeren bariantea-edo; bestetik, mailegu bila gaztelerara jotzeko joera. 59an Euskaltzaindiak hartu behar izan zuen parte eztabaida horretan eta “politika”, “kultura” edo “eliza” euskal hitzak zirela esan behar izan zuen. Batasunaren aldeko gerra Krutwig, Villasante eta Txillardegiren inguruko zirkuluek zeramaten aurrera eta berehala Mitxelena eta Aresti sartu ziren. 64an hasi ziren Baionako erabakiak sozializatzen eta guk “Jakin”-en kolaboratzaile guztiak “h”-a erabiltzera behartu genituen. Horretan bakarrak izan ginen. Eta baja piloa izan genituen, noski, harpideen artean. Baina, lehen esan dudan moduan, “h”-aren inguruko gerra zibila geroago dator. Gauza bat dago garbi. Gu hamarkada horretan euskal kulturan sartu ginenean Euskal Pizkundetik gentozen, pizkunde horren oihartzunak genituen artean. Euskal Pizkundeak esaten zuen epopeia nazionalak salbatuko zuela herria, literaturak salbatuko zuela alegia. Aitzol berak hala uste zuen. Ahalegin hori gero, belaunaldi berriarekin, kulturan jarri zen. Belaunaldi berriak aldatu zuen euskal kultura, baina azoka martxan jarri zenean belaunaldi hori oso gaztea zen oraindik. Azokaren lehen edizioetan folkloretik gehiago zegoen kulturatik baino. Lehen edizioa iraganaren kumea gehiago izan zela uste dut, etorkizuneko pausoa baino. Azokaren historian bereiz al daitezke etapa jakin batzuk, kokapenaren arabera, esate baterako? Azoka ez da sortzen produkzio berria ezagutzera emateko, zaharra ezagutarazteko baizik. Literatura zaharra ere oso gutxi dago, Axular eta Etxepare, esate baterako, gero berreskuratzen dira. Folklorearen inguruko liburu pila bat dago, hori bai, Euskal Herriari buruzko lanak eta euskal literatura klasikoa, gerra ondoko idazleen lanak, Agirre, Etxaide, eta abar. Etxean ditudan datuak begiratu beharko nituzke, baina 30 liburu berri ez ziren aterako urtean. Noiz hasten dira argitaletxeak indartzen? Hasierako etapa horretan Itxaropena zegoen bere Kuliska Sortarekin eta bere fondoak dira aberatsenak. Ekin argitaletxea zegoen atzerrian, baina horiek ezin ziren ekarri, ezin ziren inportatu, “mantupean” ez bazen, oraingo top manta-ren antzeko espresio bat erabiltzeko, orduan asko erabiltzen zena. Guk aldizkariaren inguruan pare bat lan argitaratu genituen, oso gutxi. Gordailu irakaskuntzara begira hasi zen lanean, baina 67koa izango da. Gero, Etor, eta abar geroago hasi ziren. Lur 69koa da eta “Jakin” debekatu eta gure harpideen fitxategia erabiliz egin zuten lehen harpide zerrenda. Kontuan izan behar da Rikardo Arregi eta Ibon Sarasola “Jakin”-eko erredakzio taldean zeudela. Karlos Santamaria, Rikardo eta hirurok geunden zuzendaritzan. Nik eman nien harpideen zerrenda eta hortik abiatu zuten Lur. Argitaletxe horrek hasieran bultzatu zuen saiakera atala, jakintza arlo guztietako oinarrizko materialen bilduma, “Jakin”-en proiektua da, “¿Que sais-je?” famatuan inspiratua. Sail hori berehala utzi zuten, Aresti etorri zenetik literaturako liburuak gailendu baitziren. 69koa da baita Iñaki Beobidek abian jarri zuen “Irakur sail” bilduma ere. Bertan argitaratu ziren Txillardegiren lan batzuk, Joxe Azurmendiren “Hizkuntza, etnia eta marxismoa” eta beste hainbat lan. Ikusten ez ziren liburuak eta diskoak bistaratzeko balio izan zuela Azokak esan duzu. Zer gehiagorako balio izan zuen? Badago inork garrantzirik ematen ez dion Azokaren beste lorpen bat nabarmentzea merezi duena, lehen ediziotik bertatik egiten hasi zen katalogoa. Azoka bakoitzeko katalogo bat atera zen hasieratik. Horren meritua Leopoldo Zugazarena izan zen. “Jakin”-en bertan Azokari buruzko elkarrizketa egin nion eta uste dut meritu hori aitortu behar zaiola. Liburu denda bat zuen Durangon eta BBK-ko edizio buru izan zen gero. Katalogoa etxera eramaten genuen eta han genuen liburugintzari buruzko informazio guztia. Zer zegoen jakiteko bide bakarra bilakatu da katalogo hori, ez dago beste informazio iturririk. Gero Juanito San Martin saiatu zen urteko liburu berrien informazioa biltzen eta gero nik heldu nion lan horri eta horrekin jarraitzen dut. Baina, erakunde ofizialek ez dute arlo horretan ezer egin. Lan oinarrizkoak dira, orain ez zaie garrantzirik ematen, baina kultura bat gorpuzteko ezinbestekoak dira; nebulosa bati forma emateko tresna izan zen. Eman dezagun jauzi handi bat. Gaur ere beharrezkoa al da Azoka? Modu ezberdinean baina hasieran zituen egitekoak betetzen jarraitzen du Azokak. Durangoko Azoka izugarri garrantzitsua izan da. Elkarte pribatu batek antolatzen du, baina bokazio publikoarekin eta nazio mailako itzala izatea lortu du. Topaleku bat izan da. Liburuen munduaz arduratzen direnentzat izugarri balio izan du. Orain ez, baina lehen mahaiz mahai ibiltzen nintzen urteko produkzioaren berri jasotzen eta argitaletxeentzat ere oso informazio garrantzitsua zen hori. Orain liburu denden sare bat dugu, baina ez zegoenean Azokak bete zituen hutsune horiek. Gero pausoak eman ditu eta alderdi komertzialaren eta kulturalaren arteko oreka bat aurkitu du. Durangok oso ondo sinbolizatzen du euskal kulturaren eboluzioa, elizpetik merkatura pasatu zen. Elizpean aurkitu zuen euskal kulturak askatasun gunetxo bat eta modu naturalean kalera igaro zen. Noiz hasten dira liburu aurkezpenak Azokan? Badirudi beranduko kontua dela. Nik ezetz esango nuke. Durangon sistematikoki egiten ziren aurkezpenak. 67an ez zen egin azokarik. 74an ere debekatu egin zuen gobernadore zibilak, baina Marcelino Orejaren bidez lortzen da egin ahal izatea eta elizpetik merkatura pasatu ziren. Eta urte horretatik aurrera merkatu barruan zegoen leku batean aurkezpenak egiten ziren eta sariak ematen ziren. 92an hasten dira Argizaiolak ematen, baina aurretik bestelako sari batzuk ematen ziren eta liburuak aurkeztu egiten ziren. Eta salerosketatik kanpoko ekitaldiak antolatzen dira. Bestalde, 85ean kokapena bikoiztu egin zen eta liburuak merkatuan eta diskoak elizpean erakutsi ziren. 86an karpa bat jartzen da Landakon eta eraikina etorri zen gero. Azokak izan zuen beste aldaketa handia egutegikoa izan zen eta 80an eman zen, Domu Santu egunetik abenduko Ama Birjinaren zubira pasatu zenean. Ba al ditu Durangoko Azokak kanpoan egiten direnek ez dituzten osagarriak, jai giroa esate baterako? Ez dakit. Nik Parisen egiten den liburu azoka ezagutzen dut eta azokaren inguruan festa giro hori beti sortzen dela esango nuke; egitarau paraleloak antolatzen dira, merkatu paraleloak sortu... Durangokoaren ezaugarri bitxienetako bat niretzako gure bilerak egiteko egun horiek nola erabiltzen ditugun da. Gauzak sortzeko ere balio izan du: 82an Euskal Idazleen Elkartea hor sortu zen. 84an Euskal Editoreen Elkartea sortu zuten. 90ean Egunkaria ere hor abiatu zen eta datorren urtean Egunkariaren Eguna eratzeko orduan egun hori aukeratuko dugu, lehen zenbakia hor zabaldu zelako eta Egunkaria Sortzen-en bilera ere hor egin zelako. Euskal kulturaren proiektu askoren erreferentzia da Azoka. «Euskararen edo euskalgintzaren inguruan mugitzen ziren guztiak hurbiltzen ziren Durangora. Oraindik ere badu, baina orduan nabarmenagoa zen erresistentzia giro hori» «Azokak irauten duen lau egunetan joaten naiz, goiz eta arratsalde, eta irakurle bakoitzari eskaintza pertsonalizatua idazten diot. Eskasa iruditzen zait ‘Bihotz-bihotzez. Toti’ idaztea» «Beharbada garai horretan liburu eta diskoen produkzioa urria izango zen, baina jendea biltzen zen behintzat», gogoratu du Xabier Amurizak «Goizean joan eta gauean etorri ibiltzen ginen eta susmoa dut liburuak han utzi beharrean, berriro autoetan kargatu eta ekarri egiten genituela. Anaiok ibiltzen ginen lan horretan»