2015 URT. 17 EZBEHAR GUZTIEN geltokia Bost urteren buruan, Haiti herrialdeak ez du lurrikaratik burua altxatzerik izan 300.000 hildako eragin zituen 2010eko urtarrilaren 12an Port-au-Prince Haitiko hiriburua suntsitu zuen lurrikarak. Hori gutxi ez eta laguntzera joan ziren kasko urdinek kolera izurritea eraman zuten Latinoamerikako herrialderik txiroenera. Bost urte ondoren, Haitik ezbehar guztien geltokia izaten jarraitzen du. Dabid LAZKANOITURBURU Haitiko argazkiak ikusita atzo bertan izan zela dirudien arren, bost urte igaro dira dagoeneko Port-au-Prince hiriburua eta hainbat herri eta herrixka guztiz suntsitu zituen lurrikara izan zenetik. Lurrikara izugarria izan zen 2010eko urtarrilaren 12an Haiti errotik kolpatu zuena. 300.000 hildako eragin zituen eta Ameriketako herrialderik txiroena zena hondakinen erreinu bihurtu zuen. Mundua ikaratuta geratu zen hondamendi haren aurrean. Elkartasuna ere martxan jarri zen. Munduko gobernuek milaka milioiko laguntza agindu zuten, Mendebaldeko komunikabide dirudunenek ezbeharraren erdi-erditik kronika luze bezain negargarriak bidaltzen zituzten bitartean. Diru-laguntzaren zati handienaren zain daude oraindik haitiarrak. Hori gutxi ez eta egoera gaiztotzeko, handik hilabete batzuetara kolera izurrite batek milaka biktima eragin zituen. Nork ekarri zuen izurrite hori? Nazio Batuetako kasko urdinek, jatorriz nepaldarrek. Ikerketa baten arabera, soldadu horiek komuneko hondakinak zuzenean errekara botatzen zituzten eta horrek eragin zuen 150 urteren buruan Haitin berriz ere kolera gaitza izatea. Kolera eta erantzukizuna Nazio Batuek oraindik ez dute onartu izurrite honetan erantzukizuna dutela. Jada 8.000 hildako eragin baditu ere, «ezinezkoa da gaitzaren jatorria ezagutzea», diote. Gaixoek New Yorkeko auzitegi batera jo dute justizia eske, baina NBEk bere immunitate eskubidea aldarrikatu du, erakundea eratu zeneko itun batek bermatzen omen diona, hain zuzen. Lotsa guztiz ezkutatu ezinik, NBEren ordezkari nagusiak, Ban Ki-moonek, auzian «ardura morala» onartu du, batez ere heriotza eragiten duen hesteetako infekzioari aurre egiteko. Iraganaren gaineko erantzukizunik ez. Aurrera begirako promesak. Egun, etxebizitzak desinfektatzen jarraitzen dute Gurutze Gorriaren taldeek. Carrefurren, Port-au-Prince hiriburuko auzoan, gizon bat kolerak jota atzeman dute egun hauetan. XIX. mendearen erdialdean desagertu zen gaitz hau Haitin, Nepalgo kasko urdinek bueltan ekarri zuten arte. «Kasu bat antzeman dugu hemen, kutsaduraren aurkako kanpaina amaitu eta gero. Beraz, inguruko etxebizitza guztiak miatu behar ditugu», azaldu du Maxiles Joles Gurutze Gorriaren langileak. Izurriteak behera egin du azken urteetan. Iaz 9.000 kasu an-tzeman zituzten (2013an 200.000 izan ziren). Gaitza jasan arren bizirik irteteko tasak ere nabarmen gora egin du, baina gaixoek sufritzen jarraitzen dute. Izan ere, Haitiko osasun sistema oso ahula zen lurrikararen eta izurritearen orduan. Egun oraindik ez du hobera egin. Vilvert Jeanne bizirik irten ahal izan zen. Ez, ordea, sufritu gabe. «Begiratu haur hori; ni ere lau oinetan ibiltzen nintzen gaixorik nengoenean. Deshidratatu egiten gara, ur asko galtzen dugu. GKEak botikak banatzen eta kolerari aurre egiteko aholkuak ematen egon izan balira, lagundu ahal izango ziguten, baina ez zegoen inor», gogoratu du gaixo honek. Adituez aparte, azpiegiturak ere faltan botatzen dira. «Urtetan, ez da ezer inbertitu uraren eta azpiegitura sanitarioen arloetan. Eta horrexegatik itzuli da berriro ere kolera», salatzen du Poncelet doktoreak. «Kezkatzen nauena zera da, egun ebola, errubeola edota beste hainbat gaitz zabaltzeko arriskua dagoela, baina hauei aurre egiteko ez dela ezer inbertitzen», esan du oso kezkatuta. Hasierako egunetan bakarrik Lurrikarara itzulita, hasierako egunetan urgentziazko beharrak nola edo hala asetzeko laguntza iritsi zen, baina nazioarteak ez dio sekula eman Haiti herrialdeari altxatzen laguntzeko epe ertain eta luzerako laguntza. «Duela bost urte, denok Haitira begira geunden, hainbeste hildako eta 2 milioi pertsona kale gorrian utzi zituen lurrikara odoltsua izan zela eta», gogora dakar Chiara Liguorik, Amnesty Internationaleko kideak. «Tamalez, ordutik hona, mundua Haitiz ahaztu egin da berriro ere». Errefuxiatuek eraiki behar izan dituzte euren etxe xume berriak. Baina 100.000 inguru kanpin-dendetan bizi dira oraindik. Hiriburutik gertuko Canaan herriko Camp Corail errefuxiatuen eremua adibide bat baino ez da. Bertakoek ez dute lan egiteko aukerarik eta ur eta argindarrik gabe bizi dira. «Port-au-Princerekin alderatuta, hemen ez dago ezer. Hiriburuan behintzat zer edo zer sal dezakegu eta diru pixka bat lortu», kexu da Djouvens Noel, bertako «biztanlea». Caananen 300.000 biztanle inguru bizi dira egoera oso kaskarrean. «Hemen gaude, errefuxiatu gune handi batean. Denetarik falta zaigu», errepikatu du 76 urte bete dituen Jean Vincentek. Bera plastikozko txabola batean bizi da. Bertan bizi da 2010eko urtarrilaren 10ean etxeak nola erortzen ziren bere begiekin ikusi zuen Fabiola ikaslea ere. «Gaur egun, etxeak inolako kontrolik gabe eraikitzen ari dira. Beste ezbehar bat gertatuko balitz, hildakoak gehiago izango lirateke», ohartarazi du. Izan ere, Estatuaren aztarnarik ere ez da sumatzen Caanan moduko guneetan eta GKE gehienek alde egin dute. «Ezbeharraren biharamunean, bazirudien arduradunak etxebizitzen auzia behingoz konpontzeko prest zeudela. Baina amets hutsa zen», dio Chiara Liguori AIko eledunak. Elbarrituen arazoa Badira, ordea, etxea baino gehiago galdu dutenak. La Piste errefuxiatu gunean 4.000 elbarritu bizi dira, txapazko barraketan. «Hanka galdu nuen eta ezin dut lanik egin», azaldu du Jean-Baptiste Saint-Miliok. «Noizean behin, jendeak janaria ematen dit nire seme-alabentzat, baina batzuetan bizpahiru egunetan ez dute ezer jateko». Handicap moduko gobernuz kanpoko erakundeek ahal dutena egiten dute. Kontua da Haitin bertan ez dagoela protesiak egiteko eta elbarrituei erabiltzen irakasteko inolako espezialistarik. Gobernuburuak haserre daude. Nazioarteak 9.000 milioi dolar agindu zien, baina sosa batzuk baino ez dituzte ikusi. Iritsitako diru-laguntza gehienak zuzenean GKEek jaso dituzte, Gobernutik pasatu gabe. Haitiko exekutiboaren korrupzioa erabili izan dute aitzakia gisa. Izan ere, zoritxarreko urteurren honetan, Haitik duela dozenaka urtetik bizi duen krisi politikoa agerian geratu da. Aurreko abenduan, Michel Martelli presidentearen aurkako matxinada hasi zen. Kale borroka puri-purian egon da (Poliziak manifestari bat hil zuen) eta korrupzioa eta nepotismoa salatuz, Martelliri boterea uzteko exijitzen zioten herritarrek. Lehen ministroak, telekomunikazioen arloan Afrikan dirutza egin zuen Laurent Lamo-thek, kargua utzi behar izan zuen korrupzio salaketak medio, baina bere ordezkoak, Evans Paulek, ezin izan zuen kargua hartu, oposizioak Asanblea Nazionalaren bilkurari boikot egin ziolako. Lehen ministrorik gabe, hauteskundeak deitzeko data iragan astean agortu zen, eta lurrikaren urteurreneko ekitaldiak hasteko ordu batzuk falta zirenean, azkenean Martelli presidentea akordio batera heldu zen oposizioko 20 bat ordezkari politikoekin. Hauteskundeak urtea amaitu baino lehen izango dira. Krisi politikoak, ordea, jarraituko du. Baina, egia bada ere, krisi politikoak eta korrupzioak ez dute esan nahi Haitiko Gobernuak nazioarteari egiten dizkion kritikek zentzurik ez dutenik. «Nazioarteak agindu bai, baina diru-laguntzaren zati handiena ez da sekula azaldu; gezur hutsa zen», salatzen du Jonathan Katzek, “The Big Truck That Went By” liburuaren egileak (literalki, “Begien aurretik igaro den kamioi handia”). Horrela, bada, «bost urte hauetan ez dira urtetan irauteko azpiegitura sakonak eraiki», salatu du, bide batez. Kamioiak beti hanka egiten die haitiarrei. Ezbeharrek ez. Ezbeharrak beti geratzen dira Haitin. Han dute geltokia. «Duela bost urte, denok Haitira begia geunden. Tamalez, ordutik hona, mundua Haitiz ahaztu egin da berriro ere» «Nazioarteak 9.000 milioi dolar agindu zien haitiarrei, baina gehiena ez da iritsi. Gainera, iritsi diren sosak ikusi ere ez ditu egin krisi politikoak jota jarraitzen duen Haitiko Gobernuak»