2015 URT. 24 Hazi eta ikasi, hezkuntzako trenari eusteko bigarren aukera Ikasgelako tropelari jarraitu ezin dioten ikasleei bultzada ematea da Hazi eta Ikasiren egitekoa. Horretarako, umeen sorbalda txikiek nekez jasan dezaketen motxila pisutsua denen artean eramaten ahalegintzen dira egitasmoko dozenaka boluntarioak. Oihana Llorente Arretxea Bi urterekin pedalei ematen ikasi eta 16 urte arte bizikleta gainean ibiltzea beste erremediorik ez dute euskal ikasleek. Etorkizun oparoago baten atarian kokatzen laguntzen duen ibilbidea omen da hezkuntza. Bide hori ibili ezean, alabaina, gizarte bazterkeriaren amildegiaren ertzean uzten ditu txirrindulari gazteak. Kantoi malkartsu horretan labaintzeko arriskuan dauden ikasleak gertutik ezagutzen ditu Mamen Alonsok. Jolastokiak eta ikasgelak izan ditu lantoki, hezkuntza bereziari hertsiki lotuta eman baitu bizitza. Autismoa duten haurrak hauspotzen dituen Gautenan, eta, DBHko ikasleentzako laguntza ikasgela batean igaro ditu langintzako azken urteak. Eskolako martxan trabatuta zeuden gazteak izan dira, beraz, andereño honen ikasle kutunak. «Inguruak baldintzatuta eskolan atzean geratzen ari ziren ikasleak ziren gehienak. Egun guztia kalean emanda, eskolara etxeko lanak egin gabe zihoazenak...», bota du, gogoeta gisara. Urrezko garaia heldu eta erretiroa hartzekotan zela, ikasle horiei agur esan ezinda, zerbait antolatzea otu zitzaion. Hor erein zuen Hazi eta Ikasi egitasmoa izango zenaren hazia. Landaketan ez zen bakarrik egon, Blanca, Luz, Esther, Lutxi eta Itziar izan zituen-eta bidelagun. Zazpi urte igaro dira Donostiako Familia Santua elizako etxabeetan lauzpabost andereño 15 umeren behar akademikoak asetzen hasi zirenetik. 2008. urtean pausotxo bat eman eta elkartea osatu zuten. Eta egun, Amaran, Antiguan, Bidebietan eta Atotxan 120 boluntariok 187 umeri etxeko lanak osatzen laguntzen diete astean bitan. Zonalde bakoitzeko eskolek bideratzen dituzte haurrak. Eskolan aurrera egin ezinda dauden horietan jartzen dute arreta eskolako tutoreek eta gurasoekin hitz egin ostean proposatzen diete Hazi eta Ikasi egitasmoaren aukera. Eskolak agintzen dituen etxeko lanei ematen diete lehentasuna eta horiek bukatutakoan, ume bakoitzaren beharren araberako errefortzua eskaintzen ahalegintzen dira Hazi eta Ikasiko boluntarioak. Martxa hartzen dutenean ere ume bakoitzaren jarraipena egiten saiatzen dira eta horretarako, gutxienez hiru hilabeteetatik behin, ikaslearen tutorearekin bildu eta umearen ibilbidea aztertzen dute. Hazi eta Ikasin dabiltzan ikasle gehienek ez dituzte behar bereziak, baina bai euren sorbalda txikiek nekez jasan dezaketen motxila pisutsua. Jatorrizko aberria atzean utzi eta eurentzat arrotzak diren hizkuntzak oinarri dituen hezkuntza sistema batean bidea egitea ez da batere samurra. Hondurasetik etorritako Valentinak bederatzi urterekin euskararen itsasoan murgildu behar izan zuen, igeri egiten apenas zekiela; Ukrainatik etorritako Nicolaik nekezagoa izan zuen, izan ere, ikaskideekin elkar ulertzeko euskara eta gaztelania menderatu behar izan zituen. Astero-astero, Hezkuntza Delegazioaren datuen arabera, etorri berriak diren hogei eta hogei eta hamar bat ikasle artean matrikulatzen dira Gipuzkoako eskoletan. Ez dira, ez, zifra makalak. Hizkuntzaren mugaz harago, etxean ikasi ahal izateko gune baten beharra dute Hazi eta Ikasira bertaratuko askok. Familia batek baino gehiagok metro karratu gutxiko etxe bera partekatzeak zaildu egiten du kontzentratzeko eremu egoki bat atontzea. Eta lan mahairik ezean, nekeza dute etxeko lanak taxuz egitea. Maisu eta maistren artean «giltza duten umeak» gaitzizenarekin ezagunak diren umeak ere maiz ikusten dira Hazi eta Ikasiko ikasguneetan. Lauzpabost lanpostutxoren artean eguna antolatu ezinik dabiltzanen alabek edo esklabotzaren antza duen amona-aitonen zaintzan aritzen direnen semeek gutxitan dituzte gurasoak eskolako atearen zain. Ez eta etxeko lanak egin edo azterketa bezperako zalantzak argitzeko unean ere. Haiek guztiek, baina, Hazi eta Ikasi egitasmoa dute. Hasieran bertaratzen ziren ikasle gehienak emigratutako haurrak ziren arren, krisiaren enbatak gurean ere gogor jo eta bertan jaiotako ikasleak ere hurbilarazi ditu. Egun, Mari Jose Landa presidenteak aipatutako datuen arabera, Hazi eta Ikasiko eskoletara doazen ikasleen %70 atzerrian jaiotakoak dira eta %30 bertakoak. Izan ere, pobreziaren hari mehean balantzaka dabiltzan familientzat nekosoa da klase partikularrak edo akademiak ordaintzea. Jendartearen barrunbeetako arrakala handituz joan da, langabeziak eta prekarietateak gora egin ahala. Haurrak ez dira desberdintasunetatik salbu eta familiaren zakua premia ekonomiko edota bestelako arazoekin beteta duten horiek zaila dute ikasgelako tropelak jartzen duen eskola erritmoari eustea. Tamalez, Landaren arabera, geroz eta gehiago dira tropela harrapatu ezinda Hazi eta Ikasiren laguntza bila jotzen duten ikasleak eta, zoritxarrez, behar guztiak ase ezinik, itxaron zerrenda ere osatu dute azken hilabeteetan. Haiei ere lekua egitea da orain Hazi eta Ikasiren erronka. Autoestimuari bultzada Eskolako martxan atzean gelditzen diren horiei bultzada ematen tematuta jarraitzen du Mamenek. Astelehen eta ostegunetan, ordu eta erdiz, ikasleen zalantzak uxatzen ahalegintzen da. Mamen, baina, lagunartean dago. Izan ere, egitasmoa martxan jarri zuten andereño hauen atzetik, erretiratu edo lanean dauden medikuak, arkitektoak, kazetariak edo euren seme-alaben irakasle partikularrak izandako etxeko andreak daude. Kike Garcia, adibidez, irakaslea da ofizioz eta afizioz eta, barrez azaldu duen bezala, Hazi eta Ikasirekin «espaloiz» aldatu zen. Amaran eta Morlansen eskolak ematen igaro du bizitza eta ikasgelako atea itxi eta etxerako bidea hartzen zuen bakoitzean kezka bera zebilkion buruan: «Ume honentzat eta bestearentzat tartetxo bat gehiago edukiko banu...». Eskola ordutegiaren zurruntasunak, ikasle kopuru handiak edota eskolaz kanpoko jarduerek ezinezko egiten zuten desiratutako tartetxoa. Erretiroarekin, baina, etorri zen galdegindako denbora eta egunkariak eta obrak ikusten xahutu baino, astero lau bat ordu gordetzen ditu bere ikasle ohientzat eta ondoren etorri diren berrientzat. Gustura asko dago Hazi eta Ikasin eta, bere ustez, errefortzu akademikoa baino garrantzitsuagoa den zerbait eskaintzen diete ume horiei: autoestimua. «Ikasle asko ordura arte etxean lekurik ez zutelako edo nork lagundu ez zutelako etxeko lanak egin gabe zetozenak ziren. Etiketa jarrita zuten gelaren aurrean. Hazi eta Ikasirekin, baina, eskolako lanak egiteko espazioa eta sostengua dute eta gelakideen parean kokatzeko aukera ematen diegu». Hazi eta Ikasi egitasmoko presidentea bat dator Garciarekin, gorriz margotutako gutxiegiak arlo akademikoan marka uzteaz gainera, umeen autoestimuan ere aztarna lagatzen dute-eta. «Eskola erritmoari jarraitu ezinik dauden horiek oso autoestimu baxua izaten dute, oso desmoralizatuta daude eta eskolan behin eta berriz huts egiteak ezertarako balio ez dutela pentsatzera daramatza maiz –aitortu du–. Ume horiek, gainera, zailtasun asko bizi dituzte etxean, bai ekonomikoak bai bestelakoak». Boluntarioki aritzen diren gehientsuenak erretiratutako gizon eta emakumeak diren arren, denetarik dago. Lanean daudenak, etxeko lanak tarte batez alboratzen dituzten etxeko andre eta gizonak eta ikasleak. Haizea Mendioroz da ikasle horietako bat eta gustura eman digu Hazi eta Ikasi egitasmoaren egunerokoaren berri. Amaran aritzen da Mendioroz, eta, astelehen eta ostegunetan dute bertan hitzordua, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Hiru multzotan banatzen dituzte ikasleak, izan ere, sei edo zazpi urterekin hasi eta DBHko laugarren maila arteko ikasleak hartzen dituzte eskoletan. Lehen taldetxoan, idazten eta irakurtzen ikasten ari diren horiek daude; bigarren taldean, Lehen Hezkuntzako gainerako ikasturteetakoak, eta, azken taldean, aldiz, DBHko ikasleak. Tarteko talde horretan dabil Haizea eta, arreta ahalik eta pertsonalizatuena eskaintzeko, boluntario kopuruak baimentzen badu, lau umeko boluntario bat aritzen da. Bostak mahaiaren bueltan esertzen dira eta etxeko lanekin igarotzen dituzte arratsalde gehienak. Etxeko lanik ez badute edo klasea bukatu aurretik amaitzen badituzte, haur bakoitzari bere beharren araberako lanak eginarazten dizkiote. Izan ere, haurren eskolako tutorea haur bakoitzaren jarraipena egiten saiatzen da, Hazi eta Ikasira beharrezko alorren materiala igorrita eta bertako boluntarioekin harreman zuzena izanda. «Euskara, matematika, gaztelania, ingelesa... denetarik lantzen dugu gure eskoletan, umeek dituzten etxeko lanen eta beharren arabera», gehitu du Haizeak. 22 urte ditu donostiar honek eta lau daramatza bere denbora librea Amarako ikasle hauekin partekatzen. Unibertsitateko ikasketak abiatu eta berehala ekin zion borondatezko lanari. Administrazio eta kudeaketaren inguruko goi mailako zikloa egiten ari da eta Unibertsitateak berak jarri zuen Haizea Hazi eta Ikasirekin harremanetan. «Ez nekien zer aurkituko nuen, nire ikasketek, gainera, ez dute batere harremanik irakaskuntzarekin, baina, urtetan saskibaloiko entrenatzaile gisa ibili naizenez, umeekin ondo moldatzen nintzen eta animatu egin nintzen... Sekulako esperientzia da», esan du, bere adineko gazteak animatzeko asmoz. Euskara irakasteko premia Haizea ez da Hazi eta Ikasin dabilen ikasle bakarra, izan ere, Antiguan asko dira Irakasle eskolan karrera gauzatzen ari diren bitartean egitasmo honetan laguntzen dutenak. Mamen Alonso sortzailearen ikuspegitik, gazte hauek bereziki ongi etorriak dira, euskararen premia nabarmena dutelako. «Gure garaikoek edo ez dakigu euskaraz edo, baldin badakigu, ez gara alfabetatuak, gure garaian ez zutelako euskara irakasten», dio penaz. Ume gehienek, gainera, euskara ikasgaian behar nabarmenak dituzte. Hala nabarmendu du, bederen, Alonsok: «Atzerritik datozenek hiruzpalau urterekin iritsiz gero ez dute inongo arazorik, segituan harrapatzen dute euskara eta behar dena. Hamar edo hamaika urterekin heltzen direnean, baina, nekeza egiten zaie. Horrelakoetan, gainera, ez da euskara ikasgaia bakarrik, matematika edo historia ere euskaraz ematen dute. Gurasoek, nahiz eta ikasgaia menderatu, ez dute euskara ulertzen eta ezin diete lagundu seme-alabei. Normalean, gainera, ume hauek ez dute inguruan euskara sustatuko duen giro euskaldunik...». Zazpi urteren ostean, plazara salto Zazpi urteko bide oparoa egin arren, joan den astean aurkeztu zuten ekimena gizartearen aurrean. Festa jantziak soinean hartu eta boluntario ezagun bati jarri zioten mikrofonoa: Mariano Ferrerri. Orain urte batzuk, “Rosiren kioskoa” itxi eta gobernuz kanpoko erakundeek Gipuzkoan egiten dutenaren berri emateko asmoa zuen merkatu batera bertaratu zen Ferrer, erretiroko denbora librea zertan inbertitu ondo jakin gabe. Begirada panel batetik bestera saltoka zeraman bitartean, Hazi eta Ikasiko mahaitxoan zegoen emakumea abila zen boluntarioak lotzen eta «Mariano, zuk hemen egon beharko zenuke!» bota zion, lotsarik gabe. Emakumeak botatako amuari heldu eta ordutik Hazi eta Ikasi egitasmoko boluntarioa da Ferrer. Kazetari ezagunak gidatu zuen Koldo Mitxelena goraino bete zuen saioa. Haren ondoan, Mari Jose Landa presidentea eta Kike Garcia boluntarioa izan zituen, bai eta hezkuntzan adituak diren Merche Ibeas pedagogoa eta Jose Ramon Orcasitas EHUko irakaslea ere. Ibeasen arabera, lan garrantzitsua egiten du Hazi eta Ikasi egitasmoak. Tamalez, haren ustez, geroz eta haur gehiago daudelako hezkuntzaren trena galtzeko arriskuan. Kritiko agertu zen eskola formalaren ardurarekin, izan ere, azken ikasturteetan errefortzu akademikoa behar duten ikasleen kopuruak gora egin duen bitartean, eskolak haiei laguntzeko dituen errekurtsoak murriztu egin ditu. Egoera hori izanik, Hazi eta Ikasiren moduko ekimenek garrantzi handiagoa dutela nabarmendu eta boluntarioen lana goraipatu zuen. Orcasitasek Gizarte Pedagogia eta Hezkuntza ikasgaia zuzentzen du eta Hazi eta Ikasi moduko egitasmoak bereziki gogoko ditu. Haiekin iraganera eta herri txikietara hegan egiten du maisu honek eta orduan hala ikasten zela adierazi du; «Bizitza-espazioak partekatuz, denbora eta lekua konpartituz», mahaigaineratu du. Horixe da, Orcasitasen aburuz, Hazi eta Ikasi egitasmoaren arrakastaren gakoa. Mari Jose Landa presidenteak ez zuen Udaleko Gizarte Ongizate Saileko teknikariak eskertzeko aukera galdu nahi izan, ez eta Kutxa Solidarioa eta Gizalde elkarteak eskertzekoa ere, haiei boluntario kopuru handi bat zor diete-eta. Esker oneko hitzak nabarmendu arren, eskari bat ere luzatu zuen Landak: boluntario gehiagoren premia. Umeak astean bitan doaz; boluntarioak, berriz, %65 behintzat, astean behin doaz eskolara eta horrek desoreka nabariak dakartza Hazi eta Ikasiren martxan. Dagoeneko boluntarioak diren horiei, ahal duten neurrian, euren konpromisoa handitzeko eskatu zien Landak. Eta oraindik Hazi eta Ikasiko atea jo ez duten horiek animatu zituen; «behar den bakarra astia eta pazientzia da, beste guztia denon artean egiten dugu», nabarmendu zuen. Boluntario gehiago lortuz umeen itxarote zerrenda hustu nahiko luke Hazi eta Ikasi egitasmoak eta, hala, ikasle guztien aukera berdintasuna bermatu. Hunkigarria izan zen oso mahai-ingurua, bai eta Hazi eta Ikasiren egitekoa ondo azaltzen duen “La escuelita” izeneko dokumentalaren proiekzioa ere. Bertan boluntario, ikasle, guraso eta irakasleen bizipenak jasotzen dituzte. Dokumentalean ikusi bezala, gurasoen esker ona neurrigabekoa da. Koldo Mitxelenan horren testigu izan ginen, saioa bukatu baino lehenago ama batek hitza hartu eta bere burua Hazi eta Ikasiko ikasgelak garbitzeko eskaini zuenean: «Nik ezin dut boluntarioa izan, ezjakina naiz, baina zuen lana eskertzeko edozer egiteko prest nago». Hitz horiek baino ederragoak ez daude Hazi eta Ikasin izena emateko, ziur dagoeneko boluntarioen zerrenda luzea apur bat gehiago luzatu dela. Luzatu nahi duten haientzat praktikoak diren hainbat datu: info@hazietaikasi.org helbide elektronikoa eta 680 88 40 49 telefonoa. Gorriz margotutako gutxiegiek, arlo akademikoan marka uzteaz gainera, umeen autoestimuan ere aztarna lagatzen dute. «Eskolan behin eta berriz huts egiteak ezertarako balio ez dutela pentsatzera daramatza maiz» Hasieran bertaratzen ziren ikasle gehienak emigratutako haurrak ziren arren, krisiaren enbatak gurean ere gogor jo du eta bertan jaiotako ikasleak ere hurbilarazi ditu Hazi eta Ikasi egitasmora Haurrak ez dira desberdintasunetatik salbu eta familiaren zakua premia ekonomiko edota bestelako arazoekin beteta duten horiek zaila dute ikasgelako tropelak jartzen duen eskola erritmoari eustea Ibeas pedagogoa kritiko agertu zen eskola formalarekin, azken ikasturteetan errefortzu akademikoa behar duten ikasle kopuruak gora egin duen bitartean eskolak haiek laguntzeko dituen errekurtsoak murriztu egin dituelako