2015 OTS. 21 GIDOIGILEAK Argien atzean dagoen sormen lana Gidoilariak. Existitzen al da ba figura hori? Existitu bai, eta ondo existitu gainera, nahiz eta kasu askotan itzalpean geratzen den sormenari lotuta dagoen lana. Dozenaka dira Euskal Herrian urtero-urtero sortzen diren gidoiak, baina horietatik oso gutxik izaten dute errealitate bihurtzeko aukera. Krisiak gogor jo duen sektorea da zinemagintzarena, baina antzerkian eta telebistan ere ez da xamurra bizi den egoera. Estreinaldietako fokuak itzali eta nork bere etxean gidoilariaren bizimodua nola garatzen duen erakutsi dute hiru sortzailek. GIDOIGILEAK Ariane Kamio Anduaga Zinema, antzerkia, telebista. Guztiek badituzte ezaugarriak komunean. Besaulkian eserita begiratzen diegu denei, esaterako, eskaintzekotan direna. Denek badute errituala. Filmerako krispetak, antzezlanaren aurreko pintxoa izkinako tabernan edo txokolate laukitxoa mantaren azpian. Gozagarria da ikustea, norbaitek zerbait eskaini eta jasotzea. Are gustagarriagoa bizitako hori gustukoa izaten bada. Baina nondik sortzen dira ideia horiek? Baten batek pentsatu eta gorpuztuko zituen bere momentuan. Gidoilarien lanaz ari gara, maiz ahanzturari itsatsita geratzen den ofizioaz. Idazleena bezala, bakartia da gidoilarien lanbidea. Norberak asmatu eta sortzen duen horrek ez du gainera beti argia ikusteko aukerarik izaten. Krisia eta aurrekontuen murrizketa, ondo jorratuta dauden gaiak egunotan. GAUR8 hiru euskal gidoigilerekin aritu da hizketan. Jatorri antzekoa badute ere, beraien ibilbideen garapena zinez izan da desberdina eta egun bizi duten egoerek ere ez dute antzekotasun handirik erakusten. Joanes Urkixo, Jorge Gerricaechevarria eta Izaskun Arandia gidoigintzaz mintzo dira hurrengo lerroetan, baita gainean daramaten «gurutzeaz» eta egitasmo bakoitzean egin beharreko borrokaz. Euskal Herrian lanean dabiltza Urkixo eta Arandia. Bigarrena, gainera, bere lanen ekoizle ere bada. Gerricaechevarriaren egoerak ez du zer ikusirik. Madrilen denbora gehiago egiten du Euskal Herrian baino, eta ur handitan sortzen diren proiektuen artean dabil igerian. Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren kolaboratzaile ohikoa da, eta Estatu espainoleko zuzendari entzutetsuenentzat ere lan egin izan du. Gidoilarien baldintza ekonomikoak, ekoizleekin mantendu beharreko «borrokak», euskal zinemaren egoera eta beste hamaika gai jarri dituzte mahai gainean, norberak bere ikuspuntutik. Sortzaileak dira, ideien gorpuztaileak eta asmatzaileak, zinemak, telebistak eta antzerkiak dituzten asmakizun handienaren erantzuleak. Gidoien artetik idatzita, honatx beren bizipenak. Joanes URKIXO «Gure oroitzapen historikoak behar zuen ‘Lasa eta Zabala’ filma» Bere lanbidea Euskal Herrian garatzen du Joanes Urkixok, eta, beste askok ez bezala, gidoigintza ogibide du. Euskal Gidoilarien Elkarteko presidentea da eta gidoilarien lana aldarrikatzea ezinbesteko ikusten du. Telebistan eta zineman lan egindakoa da. Bere azken lana, aurten aski zabaldua, “Lasa eta Zabala” filma izan da. Aspaldian zuen buruan gai hori apaletik atera eta pantaila handira eramatekoa. Pablo Malorekin egin zuen topo bidean eta lortutako emaitza bere ibilbideko lanik pertsonalena izan dela dio. Jorge Gerricaechevarria bezalako gidoilariei ez zaie lanik falta, baina ez da hori guztien egunerokoa. Nolakoa da orokorrean euskal gidoilarien egoera? Euskal gidoilarien artean, esan daiteke bi motako gidoilariak gaudela. Alde batetik, Madril aldera emigratu zuten apur batzuk daude, eta, bestetik, bertan geratu ginenok gaude. Hara emigratu zuten horiek oso gutxi dira, esaterako, Diego San Jose (“Ocho apellidos vascos”) irundarra, Aitor Gabilondo (“El principe” telesaila) donostiarra eta halako bakan batzuk. Denbora guztian ari naiz gidoigile peto-petoez. Berton beti bizi garenok eta bertotik lan egiten dugunok, gehienok ez gara gidoigile hutsak, oro har. Ni, esaterako, esan daiteke banaizela. Fikziozko liburuak ere idazten ditut, baina ez dut uste literatura ogibide moduan konta daitekeenik nire kasuan. Hortaz, ikus-entzunezkoei dagokionez, gidoigile hutsa naiz eta bakanetakoa da nire kasua. Lehengo galderara itzulita. Nolako egoera dugu hemen? Argiki esanda, gidoigileok ezin dugu bizibidea aurrera atera gidoiak bakarrik idazten. Estrategia desberdinak bilatu behar ditugu eta noizean behin gidoiak idazten ditugu. Euskal Gidoilarien Elkarteko presidentea zara. Zuentzat babesgune bat al da? Zein da bere funtzioa? Elkarteak printzipioz bi funtzio ditu. Bata, gidoigileari hezkuntza eta erreminta baliabideak ematea edo helaraztea. Bestea, eta nagusiena, gidoigileon eskubideen alde borrokatzea arlo guztietan. Besteak beste, orain gutxi sinatu dugu Estatu mailan lehen aldiz historian hitzarmen kolektibo bat produktoreen elkartearekin ikus-entzunezkoen arlorako, eta, estreinakoz, kontratupeko gidoigileak hitzarmenean sartu dira. Zuen lana itzalean edo bigarren maila batean geratzen den sentsaziorik baduzue? Bai, argi dago. Guk ulertzen dugu glamour-ak zer eskatzen duen eta ulertzen dugu baita, gehienbat zinemagintzan, pelikula bat amaitzen denean zuzendariak zein garrantzia eduki duen prozesu guztian gurearekin konparatuta. Normalean ez dugu hori eztabaidatzen, zuzendariari eman behar bazaio azken emaitzaren lehentasuna, konforme. Baina horrek ez du esan nahi guri ez zaigunik inongo paperik eman behar. Guk ere gure lekua badugu hor eta hori aldarrikatzen dugu beti. Hasi da apur bat kontua aldatzen Estatu mailan, batez ere telebista arloan. Telebistako fikziozko sailetan sareetan eta foroetan gero eta garrantzia gehiago ematen zaio historiaren sortzaileari. AEBetan gauzak erabat desberdinak dira. Telesail batean produktore exekutibo nagusia, showrunner deitzen zaiona, telesailaren sortzailea da, gidoigilea. Eta horrek dauka kontrola egiten den guztiarekiko, baita lanerako dauden baliabideen gainean ere. Alde guztietan lehentasuna du. Eta zuek? Filmaketari begira, zein da daukazuen parte hartzea? Gehienbat eztabaidatzen da kanpora begira ematen ez zaigun garrantzia. Guk aldarrikatzen dugu kredituetan gure papera. Eta, esaterako, prentsaren arretan, aldarrikatzen dugu ere gure garrantzia. Batzuetan gertatzen da ideia bat bururatzen zaidala hutsetik, ideia hori garatzen dudala, produktore batek onartzen didala, bilakatzen dugula film, eta, film egin eta gero, filmaren egilea zuzendaria dela. Eta nik pentsatzen dut hori nire filma dela, nire ideia baita. Zergatik ezin da izan bion filma? Gehienbat dagokigun rol soziala aldarrikatzen dugu. Gidoi bat bukatuta, zuzendariak aldaketak egiten ditu grabaketa hasi aurretik. Batzuetan eztabaidarako uneak ere izango dira momentu horiek, ezta? Kontuan hartu beharra dago gidoi bat filmatzen hasi orduko dagoeneko eduki dituela bertsio desberdinak. Hori oso aldagarria da. Esaterako, “Lasa eta Zabala” filmean nik zazpi bertsio egin nituen. Kasu konkretu batzuetan bost bertsio egin izan dira, beste batzuetan hamabi-hamalau bat bertsio. Zinemaren kasuan beti esaten da Frantziako [François] Truffaut eta kuadrilla horrek zerikusi handia izan zuela zuzendariak daukan lehentasun handian. La nouvelle vague mugimenduak eragin handia izan zuen, baita AEBetako hainbat zuzendariren gainean ere. Horrek zinemagintzaren ikuspegi eta jokabide orokorrak aldatu zituen. «Lasa eta Zabala» aipatu duzu. Nolakoa izan zen gidoia sortzeko prozesua? Historiak zailtasunak planteatuko zituen, oso gai delikatua baita. Oso istorio delikatua zen. Lehenik eta behin erabaki behar izan zen nola heldu, zein ikuspegitik heldu, eta zer erakutsi eta zer ez, noraino iritsi. Horri buelta asko eman genizkion hasieran, eta, beharbada, desberdin samarra izango zen telebistarako produktu bat izan balitz. Esaterako, gaur egunean hain indarrean dagoen bi ataleko telesail bat. Oso desberdina izango zen halako zerbait eginez gero. Alde batetik, askatasun handiagoa emango zigulako ikuspegi desberdinak erabiltzeko. ETBk, ordea, esan zigun halako telesailik ez zuela nahi, film luzea izatea nahi zuela. Horrek murrizten zigun ikuspegien aukera. Ikuspegi bakarra aukeratu behar genuen istorio osoan presente egongo zen pertsonaia bakar batekin. Eta baldintza hori betetzen zuen pertsonaia bakarra Iñigo Iruin abokatuarena zen. Senideekin harremanik izan al zenuten? Axun Lasa eta Pili Zabalarekin egon ginen, kontatu genien gure asmoa, gidoiaren lehenengo edo bigarren bertsioarekin. Lehenengo inpaktuan zalantzan geratu ziren. Beraientzat hainbeste urte pasa eta gero norbaitek kasua berriro aireratzeko gogoa erakustea inpaktua izan zen. Zalantzati agertu ziren hasieran. Familietan eztabaidatu zuten. Eta azkenean erabaki zuten ideia ona iruditzen zitzaiela eta aurrera egiteko esan ziguten. Iñigorekin [Iruin] ere egon ginen. Zinezalea da gainera, eta oso ondo ulertu zuen gure asmoa. Berarekin egon ginenean, gero bere pertsonaiari egin genion aldaketa egin gabe zegoen. Berak ez zekien bere pertsonaiari halako zertzeladak erantsiko genizkionik. Berak ulertu zuen alde batetik, baina bestetik berak ez luke horrelakorik egingo bere bizitza santuan. Ez zen hain identifikatuta geratu parte horrekin, baina gustura geratu zen. Torturen eszenak, exekuzioarenak, zehatz-mehatz sartu zenituzten filmean. Gizartearekiko zor bat-edo sentitu zenuen gidoia idazterakoan? Nik bai. Hasi nintzenean gizartearekiko zor handi bat zegoela sentitzen nuen eta horregatik egin nahi nuen. Pili [Zabala] eta Axunekin [Lasa] zenbait alditan hitz egin eta gero konturatu naiz gizartearekiko bai, baina gehienbat familiekiko zor ikaragarria dagoela. Hasteko, ez dira ofizialki biktima ere kontsideratzen. Eta gero esaten da herri honetan justizia berdina dela guztientzat. Hau kontatu beharra dago. Hasieratik konturatu ginen belaunaldi gazteenek horri buruz zerbait badakitela, baina ez dakitela argi eta garbi zer gertatu zen. Gure oroitzapen historikoak behar zuen hori, gure historia berritu eta freskatu behar dugu, mundu guztiak jakin dezan zer gertatu den benetan. Jorge GUERRICAECHEVARRIA «Erdibideko filmak galtzen ari dira, publiko zehatz batentzat eginak» Bilbon jaio, Gasteizen bizi eta Madrilen eta nazioartean denboraldi luzeak igarotzen ditu Jorge Guerricaechevarriak. Alex de la Iglesiaren film entzutetsuenetan parte hartutakoa da eta bere kolaboratzaile izaten jarraitzen du oraindik orain. Eskola egunetatik ezagutzen dute elkar eta zinema ikusteko modu berezia dute biek ala biek. Zuzendariarekin gertuko lana egiten saiatzen da, bere gustuetara ahalik eta gehien egokituz. Aitortzen du lanik ez zaiola falta eta ez du uste bere lana bigarren maila batean geratzen denik. Baina gidoilariek egiten dutena ekonomikoki hobeto ordaindu behar dela aldarrikatzen du, ekoizleek «jan» ez ditzaten. Urteak daramatzazu gidoiak idazten. Jo dezagun hastapenetara, lehen urte haietara. Gidoigintzan egindako ibilbidearen hasiera kasualitatezkoa izan zen apur bat. Garai hartan Madrilen ari nintzen Erdi Aroko Historia ikasten. Doktoretza hasia nuen. Baina nire aitari gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten eta sei hilabeteko bizitza eman. Orduan Bilbora itzultzea erabaki nuen urte horretan bertan egoteko. Egitekoren bat izatearren, eskolako garaietatik laguna dudan Alex de la Iglesia eta biok publizitate enpresa bat jarri genuen abian, garai hartan merkaturatu berri ziren Macintosh batzuekin. Eta, era berean, film labur bat ere egin genuen, Alexek beste zuzendari batentzat egindako dekoratu bat aprobetxatuz. Hortik aurrera Alexekin idazten jarraitu nuen, “Acción mutante”, “El día de la bestia” eta halako filmak. Eta hortik aurrera beste zuzendari batzuekin zein egitasmo desberdinetan parte hartzen joan izan naiz. Zorionez nire lanak jarraipena izan du. Alex de la Iglesiaren zinema berezia da, ezaugarri zehatzak ditu. Zenbateraino duzu zuk eragina bere zinemak duen izaera berezi horretan? Zaila da hori neurtzea. Halako zuzendariekin lan egiten dudanean gehien gustatzen zaidana da zu zeu zaren bezala izaten uzten dizutela, zure baitako alor desberdinak azpimarratzen eta gauzak ikuspuntu desberdinetatik ikusten uzten dizute. Saiatzen naiz zuzendari bakoitzaren berezitasunetara gerturatzen, eta benetan interesatzen zaion hori biltzen. Nik badakit nik dauzkadan ideia batzuk Alexi ez zaizkiola interesatuko, eta Daniel Monzonekin lan egiten dudanean beste gauza batzuk izango dituela gogoan. Konplizitate hori bilatzen saiatzen naiz etengabe, azken batean, filma egiterako orduan jende guztiarekin hitz egin beharko duena zuzendaria bera izango baita. Horrek ez du esan nahi ideia guztiek edo bereak edo nireak izan behar dutenik. Lan egiteko modua ere aldatu egingo da zuzendari batetik bestera. Bai, noski. Nik bilatzen dudan konplizitate hori garrantzitsua da gerora ekoizleen aurrean proiektua erakusten duzunean indar handia ematen dizulako. Ekoizleek ikusten badute ideia horrekin guztiz konbentzituta zaudela eta ideiak argi daudela, nahiz eta istorioa ez guztiz ulertu, eztabaidatzerako orduan bultzada handia ematen dizu. Ze eztabaidatu, beti eztabaidatzen da. Alor askoren inguruan hitz egin behar izaten da. Ekoiztetxeetan maiz itxi dizkizute ateak? Bai, proiektu batzuk ezin izan ditugu aurrera atera. Hau azken batean negozio bat da. Arriskua txikia denean apustua egiten dute. Baina mahai gainean diru asko jarri behar badute, argi eta garbi esaten dizute ezetz. Hori da, agian, AEBetako zinemak azken urteotan duen arazo nagusienetako bat. Maneiatzen dituzten zifrek, aurrekontuek, arriskurik ez hartzera bultzatzen dituzte. Ez dute inor molestatu nahi, saiatzen dira publiko guztiari zuzendutako filmak egiten, eta, azkenean, ekoizpen handi horietara zaporerik gabeko proiektuak bakarrik eramaten dira. Gidoigileen lana bigarren maila batean geratzen dela sentitu izan duzu inoiz? Erdigune bat finkatu behar da film bat egiterakoan eta normalean zuzendaria izaten da erdigune hori. Bera da, azken batean, proiektuaren erantzule nagusia. Nik ez dut fokurik aldarrikatzen, eskatzen dudana gure lana ordaindua izatea da, ekonomikoki baloratua izan dadila egiten duguna. Nik ez dut behar nigana etor daitezela gauzak galdetzera edo elkarrizketak egitera, azkenean zuzendaria baita sortzen diren arazo gehienei irtenbidea ematen aritzen dena. Baina gure lana errespetatua izan dadila eskatzen dut. Niri ez zait inoiz pasa, baina lagun askori gertatu zaie beraiek idatzitako gidoiarekin kasik antzekotasunik ez duen film bat egin izana azkenerako. Arazo ekonomikoak aipatu dituzu. Zailtasunak daude gidoilarien lana ordaintzerako orduan? Gure arazo nagusia da zure gidoia pantailara eraman nahi baduzu, eta, horretan ahalegin eta sinesmen guztiak jartzen badituzu, ekoizlearen aurrean galduta zaudela. Edozertarako prest zaude zure lana zinemara eramateko, eta, horrela, galtzeko guztiak dituzu. Oro har egoera horrekin aurkitzen zara. Azkenean, baldintza onenak lortzen dituzu proiektua gutxien inporta zaizun momentuetan, enkarguz lanen bat eskaintzen dizutenean, esaterako. Orduan bai, balantza dezente berdintzen da. Zuk nahi duzuna eskatzen duzu eta ekoizleak ere nahi du zu zeu proiektu horretan sartzea, beraz, aukera gehiago dituzu. Moldatutako gidoiekin eta gidoi originalekin lan egin izan duzu. Lan egiteko modua desberdina izango da bi eremuetan. Non aurkitzen zara erosoen? Bai, desberdina da. Baina buru-belarri lanean zaudenean, eta zurea ez den istorio bat esku artean duzunean, azken batean zure egin behar duzu. Ez duzu beste pertsona baten buruarekin pentsatzen aritzerik. Egokitzapen bat da, moldaketa bat, hitzak berak esaten du; zuk zure ikuspuntua ematen diozu. Obra originalarekiko guztiz independentea izango den lana sortzen ari zara, bertsio bat. Lanaren zati bat eginda emango balizute bezalakoa da, eta zuk bukatu egin behar duzu. Puzzle bat berriro osatzearen antza du. Pieza batzuk leku desberdinetan kokatzen dituzu, beste batzuk ez dituzu erabiltzen edo berri batzuk baliatzen dituzu. Madrilen lanean aritzen zara eta Estatuko zinemaren egoera gertutik ezagutzen duzu. Etorkizuna gero eta ilunago dago? Egia da oso zaila dela egoera. Aurten euforia pixka bat badago, film batzuek izan duten arrakastagatik. “Ocho apellidos vascos” eta gerorrek egin dugun “El niño” filmek aretoetako ikusle kuotak asko handitu dituzte. Baina gero lankideekin hitz egiten duzunean ohartzen zara zailtasun ugari daudela proiektuak aurrera atera ahal izateko. Erdibideko filmak galtzen ari dira, lehen publiko zehatz bati zuzentzen zirenak. Orain aurrekontu oso txikiak dituzten lanak egiten dira edo kooperatiba moduan finantzatutakoak. Beste aldean ekoizpen handiak daude, telebisten laguntza ekonomikoa jaso eta sekulako aurrekontuak dituztenak. Ekoizleek nahiago dituzte orain proiektu handiak, nahiz eta zailak diren finantzatzeko, erdibideko gauzak baino, nahiz eta errazagoak izan diruz laguntzeko; izan ere, gero zinemetan azken horien errentagarritasuna bilatzea askoz zailagoa da. Izaskun ARANDIA «Autoekoizpena da gazteentzat industrian sartzeko modu bakarra» Euskal Herrian lanean ari da orain Izaskun Arandia, urte mordoa Britainia Handian egin eta gero. Gidoigintzan alde ederra omen dago etxean lan egin edo britainiarrekin aritzea konparatuz gero. Gu baino aurrerago daudela iritzi dio. Gidoilari aritzeaz gain, ekoizle ere bada Arandia. Bere lan gehienak berak ekoitzi izan ditu, hori baita, bere ustez, norberaren lanak aurrera atera ahal izateko modurik eraginkorrena. Gidoilarien lana bigarren maila batean geratzen dela esan izan ohi da maiz. Ez dakit zure kasua den. Alor desberdinetan lan egindakoa zara, zineman eta antzerkian batez ere. Nire esperientzia batez ere zineman eta antzerkian izan da. Eta, egin ditudan lan ia guztietan, ni neu izan naiz ekoizlea. Baina gidoilari hutsa izan naizen kasuetan, enkargu bat egin dudanean edo, bai nabaritu dudala ikusgarritasun hori ez dela hainbestekoa. Gidoilariaren figura hori aldarrikatu behar dugu ahal dugun neurrian eta ahal dugun guztietan. Gidoilaririk ez balego, pelikularik ez litzake egingo. Joanes Urkixok “Lasa eta Zabala” proiektuarekin bizi izan zuena oso gertutik ezagutu dut nik ere. Berak apal batean zeukan ideia hori gordeta, Joxe Portela ekoizleari aurkeztu zion eta hor ikusten zen argi eta garbi Joanesek ez balu ideia hori apaletik atera “Lasa eta Zabala” ez litzatekeela existituko film bezala. Kasu gehienetan ekoizle izan zara. Zineman eta antzerkian? Bietan? Bai, bietan. Proiektu aipagarriena “Agur esatea” izan zen, orain bi urte Donostiako Zinemaldian aurkeztu genuena. Euskal Herriko hainbat zinematan ere banatu zen, eta beste hainbat jaialditan ere ibili zen. Horretan, gidoilari-kidea eta ekoizlea izan nintzen. Une honetan esku artean dudan antzezlanean ere gidoilari-kidea naiz, eta, ekoizle-kidea, Itziar Eliasekin batera. Gaur egun, egoera dagoen moduan, eta batez ere Euskal Herrian –Britainia Handian urte mordoa pasa ondoren orain urte eta erdi edo itzuli nintzen–, ikusten dut bakoitzak bere proiektua ez badu aurrera ateratzen oso zaila dela beste norbaitek ateratzea. Horregatik uste dut ni ere ekoizle bihurtu nintzela; beharragatik. Film laburrekin hasi nintzen horrela; nik idazten nituen, diru laguntzak jaso eta horrela ateratzen nituen aurrera. Gidoilari moduan behar duzun esperientzia izateko eta curriculuma betetzeko autoekoiztutako lanekin egin behar da aurrera, horrela erakusteko zerbait baduzulako. Horrela, gainera, ez diozu inori zure produktua saldu behar? Hori da. Nik, gainera, enkargu baterako idaztea ere zer den badakit. Kasu horietan ez duzu erabaki kreatiborako aukerarik. Ekoizle bat edo gehiago egongo dira eta arauak beraiek markatzen dituzte. Hori nahiko frustragarria izan daiteke. Ondo dago, pertsona sortzaile bezala ondo etortzen zaigu epealdiak izatea eta epe konkretu baterako zirriborro bat entregatu behar izatea, beste erritmo batera lan egiten delako. Baina niri gustatzen zait ekoizle izatea, horrek ematen didalako produktuari hasieratik bukaeraraino forma emateko aukera. Enkargu lanetan, gainera, baldintza ekonomikoak negoziatzeko aukera gehiago izan ohi du gidoilariak, ezta? Proiektuaren aurrekontuaren araberakoa da dena. Dokumental bat egin behar baduzu, ohikoa baino askoz gutxiago ordainduko dizute. Eta fikziozko lan bat bada, baino aurrekontu handikoa, ba desberdina izango da. Borrokarako margena nik uste beti dagoela. Guk, zoritxarrez, ez daukagu tarifen kontratu bat eta hoti izugarrizko desmadrea da. Britainia Handian, adibidez, hori badago. Bertako Writters Guild idazle elkarteko kidea naiz ni neu eta bertan tarifak oso argi ezarrita daude. Nik beti negoziatzen ditut nire kontratuak, baina egoera dagoen bezala, betikoa da, beste norbaitek egingo du merkeago. Britainia Handian urteak eman dituzu. Zein izan da hango bizipena? Han gehienbat ekoizle modura aritu nintzen. “Agur esatea”, nire lehenengo film luzea, han idatzi nuen eta ekoizpen internazional bat izan zen. Gidoilarien aldetik askoz aurreratuagoak daude gu baino. Writters Guild horrek bermatzen ditu bakoitzaren eskubideak; tarifa minimoak ezartzen ditu, eta, gatazkaren bat baldin badago, bitartekari bezala jokatzen du. Sindikatu baten antzera funtzionatzen du, guk hemen ez daukaguna. Mundu maskulinizatua da oso zinemarena. Emakume bezala zailtasunik izan duzu inoiz? Nik pertsonalki ez dut halako arazorik izan. Baina bai da oso industria maskulinoa. Askoz ere gizon gehiago dago, batez ere lanpostu teknikoetan. Ez dago emakumezko kameralaririk, nik bakarra ezagutzen dut. Zuzendariak ere oso gutxi daude emakumezkoak. Ekoizpenean bai, badirudi emakumeak oso antolatuak garela. Nik beti egin izan dut nahi izan dudana eta ez dut kontuan izan emakumea naizenik. Sekulako segurtasuna izan dut alde horretatik. Gizonekin lan egitea, gainera, asko gustatzen zait, eta ez dut inoiz egoera desatseginik izan. Azken hilabeteotan euskal zinemaren loraldiaz hitz egiten ari da, batez ere «Loreak» eta «Lasa eta Zabala» filmek izandako arrakastagatik. Ez dakit zuk loraldi moduan ikusten duzun edo kasualitatea den... Nik uste orain arte egin den lan handiaren ondorioa dela. Ez dira aurten egindako proiektuak, orain bi-hiru urteko lanak dira. Ez dakit hemendik bi urtera horrelako lanak ikusteko aukera izango dugun, krisia dela-eta gero eta ekoizpen gutxiago egiten baitira. Aurrekontuak ere asko murrizten ari dira eta zinegintzan gerrikoa estutzen ari dira. Gainera, oso diru gutxirekin eta teknologiak eskaintzen dituen baliabideekin jendea mobilizatzen ari da eta norbera bere proiektuak egiten ari da nola hala. Zinema egiteko estiloa aldatzen ari da? Nik uste dut baietz. Egoera ekonomiko kaskarra, murrizketak... hor daude eta horrek ondorio argia du: jende gazteak industrian sartzeko duen modu bakarra beraiek beren ekoizpenak egitea da. Euskal Herrian sekulako talentua dago eta apurka-apurka azken urteotan egin den lan hori orain ateratzen ari da. Pena handia emango lidake jende gazteak, hogeita hamar urte ingurukoak, beharragatik hemendik alde egitea. Baina, beno, ni oso itxaropentsu nago, eta ilusionatuta.