2015 EKA. 27 Gay eta lesbianen harrotasun eguna Familia homoparentalen haurrak ez datoz Parisetik Mitoak dio haurrak Parisetik datozela, izaratxoan bilduta, zikoinen mokotik zintzilik. Tamalez, sexu bereko bikoteen haurrak ez datoz Parisetik, ezta Madrildik ere; gehienak Los Angelesetik datoz, oztopoz beteriko bide luzea egin ondoren. 150627_analisia GAUR8 Europar Batasuneko Parlamentuak berriki plazaratu du LGTBI kolektiboaren egoeraren inguruko azken txostena. Sarreran azaltzen du giza eskubideen babesak Batasunean duen garrantzia, bazterketa ekidin beharra edo sexu joerarengatiko diskriminazioaren zilegitasunik eza. Segidan, onartzen du gaur egun oraindik LGTBI kolektiboaren eskubideak urratzen direla Europar Batasunean. Bazterkeriak eragin eta ondorio ugari izan arren, hiru kasu nabarmentzen ditu txostenak: sexu berekoen ezkontzen ukapena, haurrak adoptatzeko eskubiderik eza, eta lagundutako ugalketa teknikak erabiltzeko oztopoak. Hain zuzen ere, halako oztopoen gainetik datoz hegan zikoinak, AEBetatik eskubideen Europan ostadarrak marraztera. Lehen oztopoak, ordea, ezer gutxi du ikusteko zikoinekin. Ezin ezkondu Europan Badirudi mendeak pasatu direla legeak harreman homosexualak zigortzen zituen garaitik. Queer identitateak eta feminismoak aurrera egin duten gizarte moderno honetan, gizon zein emakume homosexuala izatea ez omen da arazo. Zoritxarrez, hain urruti ikusten ditugun garai ilun horiek duela hamar urte gainditu ziren Espainian legearen ikuspuntutik, eta duela bi Frantzian. Nola ahaztu Manif pour Tous taldeak izandako oihartzuna, eta liberté, egalité, fraternité-aren herrialdean sexu bereko bikoteen ezkontzen eta familia homoparentalen aurkako manifestazio jendetsuak. 28 estatuko Eskubideen Europan oraindik zazpi estatutako konstituzioek ezkontza gizonaren eta emakumearen arteko loturara mugatzen dute. Zazpi horiez gain, beste hamar dira sexu bereko bikoteen arteko lotura ezkontza moduan onartzen ez dutenak. Azken talde horretan, gutxi batzuek erdibideko irtenbide bat bilatu dute, bere garaian Espainiak egin zuen moduan, sexu bereko bikoteentzako izatezko bikoteena bezalako formula juridiko alternatiboak bilatuz, baina, betiere, ezkontza emakume eta gizonaren arteko loturari murriztuz. Baten batek kontuak egin baditu, ohartuko zen bikote homosexualen ezkontzak lurraldeen gutxiengo batean onartzen direla bakarrik. Beraz, estatistikan erabili ohi den hiztegiari helduta, Europar Batasunean moda sexu bereko bikoteak baztertzea da. Irlanda: giza eskubideen bozketa Aipatutako erdibideko egoera hori da Irlandako Errepublikan joan den maiatzaren 25era arte indarrean izan dena. Duela hamar urtera arte Espainian bezala, sexu bereko bikoteak ezin ziren ezkondu, bai ordea izatezko bikote moduan eratu. Badirudi Irlandako konstituzioaren arabera ezkontzak ugaltzea duela helburu eta, horri helduta, naturak emandako bideak baliatuz ugal daitezkeenak baino ezin litezkeela ezkondu. Argi dago definizioa zaharkituta dagoela, gizon eta emakume banaz osatutako bikoteak potentzialki ugaltzeko gaitasuna izan arren, askok ez baitute gaitasun erreal hori eta lagundutako ugalketa tekniketara jo behar dute. Beste batzuek gaitasuna badute, baina ez dute guraso izan nahi. Edozein kasutan, horiei guztiei ez zaie ugalkortasun gaitasunaren eta nahiaren probarik egiten, eta ezkontzeko atea zabal-zabalik izaten dute. Gainera, eztabaidaren muina harago doa. Izan ere, bikote heterosexualei dagokienez, ugalkortasun arazoak dituzten kasuetan haurdunaldiaren subrogazioa ere aukera da Irlandar Errepublikan. Hau da, bikoteko emakumearen umetokia dena delako arrazoiengatik kaltetuta balego, bikote horren haurrak beste emakume baten umetokian hazteko aukera izango luke, bai euren material genetikoa, bai emaileena erabilita. Hau da, bikotez kanpoko emakume batek haurra bere sabelean hazteko gaitasuna eskain liezaioke bikote ezkonduari, haiek euren kabuz gauzatzeko gai ez diren prozesu hori aurrera eramateko. Subrogazioa ez da eztabaidagai handia izan Irlandan gaur arte, bikote ezkonduei mugatua baitzegoen, izatezko bikoteak baztertuta. Hala ere, Irlandako gizarteak aurrera egin du azken urteetan, eta sexu bereko bikoteen ezkontzeko eskubidearen inguruko herri-galdeketa egin du. Hau da, gizon baten eta emakume baten arteko loturak eta bi emakume edo bi gizonenak balio juridiko bera izan behar duen galde egin diote gizarteari. Baiezkoa garaile izanik ere, bada zer ikasi ugari erreferendum hartatik. Alde batetik, galdeketak galdera sakona dakar: giza eskubideak bozkatu egiten dira? Legearen aurrean denok berdinak gara, bai gure eskubide bai gure betebeharretan. Horregatik, nahigabetzeko modukoa da Irlandako egoera, emaitza positiboa izanagatik, bidea ez delako zuzena. Aurtengo otsailean Eslovakian erreferendum bera burutu zen eta %94,5ek sexu bereko bikoteen ezkontzen aurka egin zuten. Ongi etorri XXI. mendeko eskubideen Europara. Beste aldetik, Irlandako legeen arabera ugaltzea baldin bada ezkondutako bikotearen helburua, eta horretarako estatus hori duen bikote orok lagundutako ugalketa teknikak baditu bere eskura, sexu bereko bikoteek ere hala izango lituzkete. Hor piztu da hain zuzen eztabaida sakonena: bereziki gizonek osatutako sexu bereko bikoteek subrogazioa eskura izango balute, haiek ere guraso izan ahalko lirateke eta badirudi hori ez dela denen gustuko. Ezkontzaren helburua ugaltzea omen da haien iritziz eta, modu naturalean ugaldu ezin direnei, eskura jartzen zaizkie lagundutako ugalketa teknikak; baina teknikok bikote ezkondu homosexualei guraso izateko bidea zabaltzen badiete, orduan ez omen dira hain onargarriak… Ez ote zen, bada, ezkontzaren helburua ugaltzea? Agian soilik norbaiten gustukoak ugaltzea izango da helburu. Gorabeherak gorabehera, Irlandan bikote homosexualen ezkontzak onartu dira, eta Europar Parlamentuaren txostenak ere hala eskatzen die estatu kideei, baina gehienek entzungor egiten dute. Txostenaren harira, Alemaniako kantziler Angela Merkelek publikoki adierazi du ez dela gaiari heltzeko une aproposa. Badirudi gizarte inklusiboagoak egitea ez dagoela gure goi-politikarien berehalako asmoetan. Adopzioaren ameskeria Espainian eta Frantzian bikote homosexualen ezkontza onartzean, legeak gainerako bikoteek duten adoptatzeko eskubide bera aitortu zien… teorian. Adopzio prozesuan administrazioak egokitasun ziurtagiri bat eman behar die guraso eskatzaileei, hau da, bikote hori guraso izateko aproposa dela ebatzi behar du. Ziurtagiri hori eskuan, adopzio prozesua has daiteke. Bikote homosexualen kasuan, sarri salatu da egokitasun ziurtagiri hori lortzea gainerako bikoteentzako baino zailagoa dela. Datu gutxi daude salaketa hori baieztatzeko, baina oso esanguratsuak; berriki Ezker Batuak Zerbitzu Sozialen Aragoiko Institutuari galde egin zion zergatik bikote homosexualek egindako 405 eskaritik hiruri bakarrik aitortu zien adoptatzeko egokitasuna. Gogoan izan ziurtagiriak adopzio prozesua hasteko aukera besterik ez duela ematen; eskaria egin eta itxarote-zerrendetan sartzea baino ez du ahalbidetzen. Eskaria adopzio nazionalerako egin liteke, jakinik urtean gutxi gorabehera 200 haur ematen direla adopzioan eta 33.000 bikote daudela itxarote-zerrendan. Kontuak atera. Beste aukera nazioarteko adopziorako eskaria egitea da, jakinik munduan 16 lurraldetan baino ez dela onartzen sexu bereko bikoteen adopzioa, eta lurralde horiek orokorrean ez dutela haurrak adopzioan emateko premia handirik izaten. Adibide argia Holanda da; iaz hiru haur eman zituen adopzioan. Suedian, Hegoafrikan, Islandian, Finlandian, Norvegian, Kanadan, Danimarkan… zenbakiak ez dira oso desberdinak. Hortaz, adoptatzeko eskubide teorikoa eman bai, baina ez da aukera erreala. Lagundutako ugalketa teknikak Estatu kide askotan ezkontza gizon eta emakumearen arteko lotura bada bakar-bakarrik, lagundutako ugalketa tekniketara jotzeko ezkonduta egotea eskatzen denean, de facto sexu bereko bikoteei ukatu egiten zaie eskubide hori. Espainiako 14/2006 Legearen lehen idazketak ere intseminazio artifiziala eta in vitro ernaltzea bikote heterosexualei mugatzen zien. Zorionez, besteak beste EAEtik bultzatutako proposamenari esker, hasierako planteamendu hori aldatu eta emakume bakarrei eta bi emakumez osatutako bikoteei ere zabaldu zitzaien aukera hori, oraindik osasun zerbitzu publikoan askotan trabak gainditu behar dituzten arren. Frantzian berriz, legea iaz aldatu zen, emakume bakarrei eta lesbiana bikoteei lagundutako ugalketa tekniketarako atea irekiz. Berandu datorren arren, besoak zabalik hartzen dugu lege aldaketa. Horren ondorioz, egun gero eta normalagoak dira familia homoparentalak, bereziki bi amaz eta beren seme-alabez osatutakoak. Zoritxarrez, bi gizonez osatutako bikoteek itxita daukate lagundutako ugalketa tekniken atea, bai Frantzian, bai Espainian. Halako bikoteek haur bat mundura ekartzeko lagundutako ugalketa teknika haurdunaldiaren subrogazioa da, eta gure legediak ez du onartzen. In vitro ernalketa edo intseminazio artifiziala bezala, lagundutako ugalketa teknika gisa onartzen dute American Society for Reproductive Medicine, Society for Reproduction and Fertility, Société Européenne de Gynécologie eta Sociedad Española de Fertilidad bezalako erakundeek, baita Espainiako 14/2006 Lagundutako Ugalketa Tekniken inguruko Legeak ere, gainerako ugalketa teknikekin batera aipatzen duenean. Sinplea emanagatik, haurdunaldia aurrera eramateko hiru elementu behar dira; obulua, espermatozoidea eta umetokia. Egun Espainian eta Frantzian obulurik ez izatea ez da traba, obulu-emaileen erabilera arautua eta onartua baitago. Gauza bera gertatzen da espermatozoideekin. Bi estatuetako arauen arabera, umetokia da ekuazio horietan aldagai moldakaitz bakarra; beraz, erromatarren lege printzipio hura indarrean da oraindik: mater semper certa est. Ama erditzen dena besterik ez omen da, edo, bestela esanda, norbere haurra norbere umetokian hazitakoa baino ez da izango. Haurdunaldiaren subrogazioak lege printzipio hori aldatzea dakar. Hau da, ama ez da erditzen dena. Gainerako lagundutako ugalketa teknikez baliatuz, bikote baten haurra beste emakume baten sabelean haziko litzateke. Bikote heterosexual batzuen kasuan, emakumeak ezin du haurdunaldia aurrera eraman umetokirik ez duelako, edo osasun arazoengatik komeni ez zaiolako. Bikote gizonezko homosexualetan, umetokirik ez dutenez, haurra munduratuko dien emakume baten laguntza behar dute. Haurdunaldia gauzatzen duen emakumeak ama subrogatua edo ordezko ama izena hartzen du. Espainiar Estatuan 14/2006 Legeak subrogazioa gauzatzeko asmoz egindako edozein kontratu baliogabetzen du; bai ordainsaria ezartzen den kasuan, bai ezartzen ez denean ere. Hau da, bikote batek ordezko ama batekin egindako akordio oro baliogabea izango litzateke eta kontratu hori ez litzateke inongo epaitegitan onartuko kontrako parteak hartutako betebeharren ebidentzia gisa. Labur esanda, aldeak biluzik utziko lituzke edozein kontingentziaren aurrean. Frantziaren kasuan, Kode Zibilak arautzen du subrogazioa eta kontratu hori existitu dela frogatuko balitz, jaiotako haurrarekiko eskubideak ukatuko litzaizkiekeela borondatezko gurasoei. Espainiaren kasuan gertatzen den moduan, ordainsaria izan zein ez, eragina berbera izango litzateke. Bi Estatuetako alderdi politiko nagusiek diote emakumeen gorputzarekin salerostea ekidin nahi dutela. Hala ere, gaur egungo araudiak ez du hori esaten, izan ere, nola izango da salerosketa ordainsaririk ez dagoen subrogazioa? Preziorik bitarteko ez denean, Espainiako kasuan, kontratua baliogabea izanik bidean arazoren bat sortuko balitz, aldeek ez lukete inongo babesik izango batak besteari ezer erreklamatzeko, baina ez litzateke delitu izango. Ordainsariren bat tartean egongo balitz, ordea, horrek gauzak aldatuko lituzke. Bi Estatuen kasuan giza trafikoa egozteko aukera izango litzateke. Atzerria ez beste irtenbiderik Oztopo horiek ikusita eta guraso izan nahiak bultzatuta, bikote askok atzerrira jotzen dute haurrak izateko. Lurralde asko dira subrogazioa onartzen dutenak, batzuek zehatz arautzen dutelako (Europar Batasunean Erresuma Batua, Belgika, Holanda, Grezia…) eta beste batzuk, kontrako legerik ez izanda, aldeko politikak dituztelako (Zipre, Txekia, Irlanda...). Hala ere, ezagunenak Estatu Batuak, Ukraina eta India dira, atzerritarrei mugarik ez baitiete jartzen, eta haurdunaldiaren subrogazio komertziala onartzen dutelako. Espainiako eta Frantziako trabak gainditu nahian guraso askok jotzen dute aipatu lurralde horietara, bereziki Estatu Batuetara. Bertan, normalean agentzia baten bitartez, ordezko amak eta borondatezko gurasoek, hautaketa prozesu baten ondoren, elkar aukeratzen dute. Kontratua sinatu eta prozedura medikoa abiarazten dute. Haurrak ez du lotura genetikorik izaten ordezko amarekin, enbrioiak borondatezko gurasoen edo emaileen material genetikoz sortzen baitira. Ondoren, haurrak jaiotakoan, epaile batek ebatzi behar du erditu den horren ordez borondatezko gurasoak direla haur horren guraso. Jaiotza agiri horrekin Kontsulatuko Erregistrora joan eta haurraren izena gurasoen jaioterriko erregistroan eman ahalko lukete. Hori eginda, haurra eskubide guztiekin joango da etxera gurasoekin batera, beste edozein haur bezala. Hasieran are errazagoa zen. Bikote heterosexualek Los Angelesera bidaiatzen zuten eta subrogazioz jaiotako haurrak zuzenean onartzen zituzten erregistroan. Europar Batasunak jokaera horren zurikeria salatu zuen bere txostenetako batean; izan ere, espainiarren jaiotza tasa mila biztanleko 9,8koa izanik, Los Angeleseko Kontsulatuko Erregistroan izena emandakoena 50,01ekoa zen. 2005ean hasi ziren gorabeherak, bikote homosexualen arteko ezkontzak onartu eta gainerako bikoteen bide bera jarraitu nahi izan zenean. Ordutik aurrera atzerrian jaiotako milaka haur ez daude behar bezala erregistratuta ez Frantzian, ezta Espainian ere. Zorionez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak agindu zuen haurrok erregistratzeko prozedura bat ezartzea kasu horiei bide emateko. Tamalez, iaz, Justiziako ministro Rafael Catalák agindua bete eta erregistroen korapiloa askatuko zuela hitz eman bazuen ere, ekainaren 2an iritziz aldatu eta erregistroak geldiarazteko agindua eman zuen, Hagako Konbentzioak dioenari eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinari entzungor eginez. LGTBI kolektiboei ugalketa tekniken erabilera murriztea nahikoa ez eta familia homoparentalei erregistro zibiletako ateak ixten zaizkie. Horren ondorioak tamalgarriak dira familia horientzat, haurrak erregistroan agertzen ez direnez, oinarrizko zerbitzu sozialak erabiltzeko oztopoak baitituzte. Legearen aurrean atzerritarrak dira. Familia homoparentalek ez dute erraza normaltasunez bizitzea. Ezin ezkondu, ezin guraso izan eta ezin umeekin bizi. Oztopoak oztopo, badatoz apurka-apurka Los Angelesetik familia homoparentalen zikoinak, trabak gaindituz, ankerkeriei aurre eginez eta bazterkeriari erantzunez, egunen batean Parisetik eta Madrildik ere etorriko direla amestuz. Gure zikoinen bidea lautuko dugu eta egunen batean Lizarratik ere etorriko dira, eta Baionatik, Markinatik, Hernanitik edo Oiondik, Euskal Herriko txokoak ostadar kolorez bete eta gizarte inklusiboagoa sortzera.