GAUR8 - mila leiho zabalik

Zure webgunea irisgarria al da?


Gaur egun, nekez uler dezakegu gure bizitza azken hamarkadotan garatu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiarik gabe. Horien artean web-a izan da arrakasta handiena izan duen eta, beraz, gehien erabiltzen den aplikazioetako bat. Nahi dugun informazio guztia dago webguneek osatzen duten informazio sare horretan.

Guztiontzat erabilgarria bada, zer esanik ez osasun baldintzengatik edota adinarengatik desgaitasunen bat duten pertsonentzat. Lehen eskuragarri ez zuten informaziora irits daitezke orain modu autonomoan, beste inoren laguntzarik gabe. Egunkaria irakurri, ikasketak burutu, leku batera iristeko argibideak jaso... eguneroko ekintza ugari erraztu dira web-en eta azken urteotan sortu diren laguntza teknologien bidez. Laguntza teknologiko horiek bereziki garatutako software edo hardware-ak dira. Adibidez, ikusmen-urritasuna duten lagunek pantaila irakurleak, braille lerroak edota lupa elektronikoak erabiltzen dituzte pantailan dagoen informazioa eskuratu ahal izateko. Era berean, mugimen-urritasuna duten lagunek beste teknologia batzuk erabili ohi dituzte informazio hori eskuratzeko: sagu zein teklatu egokituak, begiradaren jarraipen sistemak, hizketa ezagutzeko sistemak, eta abar.

Hala ere, laguntza teknologiek beren lana ongi burutzeko eta guztiok informaziora inongo oztoporik gabe iritsiko garela bermatzeko, webguneek zenbait baldintza bete behar dituzte, hau da, irisgarriak izan behar dute. Irisgarritasun baldintzen artean badaude derrigorrez bete behar direnak webguneak laguntza teknologiekin bateragarriak izateko. Horien artean dago, adibidez, irudi eta botoientzat ordezko testuak gehitzea, horiek emango baitiete ikusmen-urritasuna duten pertsonei informazioa. Aldi berean, audiorik ez duten bideoentzat deskribapen on bat egitea ere beharrezkoa izango da erabiltzaileek informazio hori galerarik gabe jaso dezaten. Sagu estandarra ez den beste gailu baten bidez nabigatzea ere erraztu behar da mugimen-urritasuna duten erabiltzaileentzat. Bestalde, guztiontzat onuragarri izan daitezkeen baldintza batzuk ere definitu dira: webguneen nabigazio eskema erraza definitzea, informazioa modu argi batean egituratzea, webguneetan bilatzaileak erabiltzeko aukera ematea, hizkuntza argia eta sinplea erabiltzea, eta abar.

Webgune irisgarriak egiteko baldintzok biltzen dituzten gidalerro ezberdinak argitaratu dira, baina ezagunenak W3C web partzuergoak “Web Content Accessibility Guidelines” izenpean argitaratutakoak dira. Gidalerro horietan betebeharreko arauak lau printzipio nagusitan multzokatzen dira: edukiak eskuragarri egon behar dira edozein laguntza teknologia erabilita ere; saguaren eta beste edozein gailuren bidez elkarrekintza bideragarria izan behar da; edukia modu argi eta ulergarrian aurkeztu behar da; eta teknologia zahar eta berriekin bateragarritasuna bermatu behar da. Guztira hamabi dira bete behar diren arauak, baina horietako bakoitza betetzen den aztertzeko webguneen kodea sakonki aztertzea beharrezkoa da.

Webguneen irisgarritasuna ebaluatzeko modu eraginkor eta erraza tresna automatikoak erabiltzea da. Tresna horiek webguneen kodea aztertzen duten aplikazio informatikoak dira, eta emaitza bezala irisgarritasun txosten bat sortzen dute. Txosten horretan analisian topatu diren irisgarritasun oztopoak nabarmentzen dira. Tresnok oso lagungarriak suertatzen dira, ebaluazioan denbora asko aurrezten dutelako. Hala ere, jakin beharrekoa da zenbait gauza ebaluatzeko ezinbestekoa dela pertsona batek kodea eskuz gainbegiratzea.

Erakunde publikoen webguneek legez irisgarriak izan behar dute. Azkenaldian administrazio publikoko webguneen irisgarritasuna zerbait hobetu den arren, baina, zenbaitetan oztopoak aurki daitezke oraindik. Halaber, hainbat erakunde pribatuetan irisgarritasuna kontuan hartzen hasiak dira. Izan ere, denontzat onuragarria da Google bezalako web bilatzaileen emaitzetan posizio hobeak lortzea. Irisgarritasunak ematen du hori. Hortaz, zure webgunea irisgarria al da? •